Igandeko olatuaren ondotik, Ibarra txukunketa lanetan murgildu da gaur. Aitor Bengoa Ansa Uzturpe ikastolako zuzendaria eta festan modu batera edo bestera lanean aritutako lantalde zabala kontentu daude Kilometroak eredu berriak eman duenarekin. «Azken hilabete hauetan modu oso teorikoan hausnartu eta eztabaidatu dugu jai ereduari buruz, eta buruan geneukan aldaketa gauzatu dela esan genezake. Eredu berria paperean zegoen orain arte eta gauzatu dugu».
Kilometroak eredu berriak hainbat aldaketa zituen jomugan: jai eredu desberdina osatzea, eskaintza zabaltzea eta ekitaldiak egun bakar batetik urte osoan zehar zabaltzea. Horri lotuta, hainbat aldaketa gauzatu dira eta horrek neurriarekin izan du lotura estua, ezinbestean. «Neurriarekin kezka geneukan: guk diseinatutako jaia ez zen garai bateko Kilometroak jai erraldoi horiei lotutakoa, eta neurri-neurriko eguna lortu dugu; eremuak ez ziren horren handiak eta jai giro ederra egon zen».
Aurtengoan hiru hitzaldi antolatu dituzte eta haurrei begirako bestelako eskaintza bat osatu da. Ekitaldiek aurreikuspenak bete dituzte. Nolanahi, Uzturpeko zuzendariak argi du: ekitaldietara gerturatutako jende kopuruak baino, kalitatea izan da garrantzitsuena: «Haurrei begirako baso magikoak arrakasta izan zuen, baita Piparraren Ibilbideak ere. Ama tabernako Javi Rivero sukaldariak eta Jakoba Errekondo agronomo eta paisajistak tertulia moduko bat eskaini zuten, txoko goxoa osatuz, eta oso pozik gaude emaitzarekin».
Gazteak
Gazteei begira lanketa berezia egin da eta, emaitza jasota, bidea ireki dutela uste dute Uzturpe ikastolan. «Gazteekin kezka geneukan eta buruhauste dezente eman dizkigu, musika eskaintza asko landu dugu; zer, non eta zein ordutan eskaini pentsatu genuen, eta asmatu dugula esan genezake. Helburua garai bateko 'kilolitroak' saihestea zen, eta lortu dugu. Gazteek ondo pasa zuten, askok Erronkan, eta beste askok musika eskaintzan. Horrek guztiak ekarri duena zera da, ez egotea gazteei begirako gune jakin bat edariaren bueltan, beste batzuetan gertatu den bezala».
Intzidentzia gutxi egon dira ere: istripu larririk ez zen egon, alkoholarekin ere ez zen arazorik, ez eta sexu erasorik ere.
«Hori guztia ez da kasualitatea», nabarmendu du zuzendariak. «Gure antolaketan segurtasun, prebentzio eta hezkidetza batzordeak izan ditugu, lanketak egin ditugu sare sozialetan, gazteekin... eta Ikuskizun batzordeak egindako ekitaldien diseinua oso garrantzitsua izan da».
Jaiaren hasieran auzolan erraldoi bat egin nahi zutela esan zuen Kilometroetako lantalde zabalak, eta lortu duela esan daiteke. Egunaren bueltan eta aurretik, urte osoan egon diren ekitaldietan jende asko egon da lanean. Urriaren 2an bakarrik ia 800 pertsona aritu ziren lanean, baina urte osoan zehar egon diren ekitaldietan ere ikastolako zein herriko pertsona asko aritu dira boluntario lana egiten. «Oso pozik gaude herriaren erantzunarekin. Antolaketa eta eguneko lanetan herriko jende asko aritu da, eta horrek garbi utzi du ikastolatik harago doan zerbait izatea lortu dugula. Auzolan erraldoia izan da, herriaren izena eta izana zegoen jokoan eta bakoitzak ahal zuen lekutik eta neurrian lagundu du. Horrek poz handia ematen digu. Ez genuen ikastolako kontu bat bezala geratzea nahi. Ikastolarekin lotura du noski, baina zabaldu nahi genuen, eta lortu dugu». Ibartarrek egindako apustutik eta emandako laguntzari gehitu behar zaio Gipuzkoako beste ikastoletako familia eta langileek egindako ekarpena.
Igandean Ibarrara gerturatutako pertsona kopurua dela eta, zuzendariak dio kopuru zehatzik ez dutela oraindik. «Kopuruak kopuru, gure balorazioa ez da aldatuko. Ez gaude kopuruari begira, kalitatearen aldeko apustua egin baikenuen. Eta berdin urtean zehar egindako ekitaldietan. Etorri direnak oso gustura aritu dira eta sentsazio onarekin geratu gara. Antolatutako ekitaldietako batzuk beste edizio batzuetan geratuko dira».