Euskal musikaren plaza

Ataria 2022ko urriaren 2a

Musikak beti laguntzen du festa girotzen; eta horren adibide izan da gaurkoan ere Ibarrako Kilometroetan musikak jarri duen umorea eta izan duen lekua.

Lau gai ezberdin bildu ditu aurtengo Kilometroak jaiak eta horietako bat izan da euskal musika ibilbidearena. Ibarrako txoko ezberdinetan zeuden eszenatokiak musika talde ezberdinek zapaldu dituzte. Besteak beste, plaza, Emeterio Arrese, Uzturpe ikastola eta Irribarra tabernako atariak izan dira estilo eta erritmo ezberdinetako musika bildu dituzten eremuak.

Ohiko kontzertuetatik aparte, Irribarra tabernaren atarian Bizienea txokoa muntatu dute. Oholtza bat prestatu dute beren lehen urratsak ematen ari diren bakarlari, trikitilari edota DJentzat. Eta bestelako artistek ere izan dute euren musika plazaratzeko aukera. Honako artista hauek igo dira baita ere oholtzetara: Xsakara, Diablues + Bluezifer, Xiberoots, DJ Bull, Gabezin erromeria taldea, Andoni Ollokiegi, Nikotina, Go!azen edota Dupla. Oholtza gainean ibili ez dena Distopia elektrotxaranga izan da, kalean zehar jo baitu musika. Hala, Munduko Irribarrak dantza ikuskizunak eman dio hasiera musika egitarauari, eta ondoren perkusioaz gozatzeko aukera izan da Batumoreren eskutik. Hortik aurrera etorri dira gainerakoak. 

Erlazionatuak

Dantzarako gogoz

Ataria 2022 urr 02 Ibarra

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!