"Dei gutxi jaso ditut, oraingoz, eta hori da seinalerik onena"

Ataria 2022ko urriaren 2a

Josu Ozaita Kilometroak 2022ko koordinatzailea Uzturpe Ikastolatik ari da jarraitzen eguna. Hara eta hona, gelditu gabe, telefonoa eskuan duela dabil.

Ozaitak egunaren helburua azaldu du Ataria Irratian, eguerdian: "Jendea mugimenduan eta parte hartzen egotea nahi genuen. Gunez gune ibiltzea da proposamena, aukera desberdinak daudelako bakoitzean".

Erronkako gazteak, adibidez, horretan dabiltza. Gunez gune, erronka desberdinak eginaz, ikastola ezberdinetako 300 gaztetxo elkartu dira.

Baso magikoaren inguruan ere hitz egin du koordinatzaileak, "arrakasta handia" izaten ari dela esateko. Jolas egiteko eremuak, ipuin kontalariak, artistak... denek dute Kilometro hauetan euren oholtza.

Eredu aldaketaren inguruan galdetuta, ondorengoa adierazi du Ozaitak: "Orain arte oholtzak, musikak eta txosnak presentzia handia zuen. Ez diogu horri garrantzia kendu nahi, baina beste eremuetara zabaldu eta beste gauza batzuei ere garrantzia eman nahi izan diegu. Finean, urte guztiko ekimenak egun bakarrean bildu nahi izan ditugu". Teoria praktikara eramatea tokatu zaie ibartarrei, eredu aldaketarekin, "lan handia izan da, baina polita ere bai", esan du Kilometroak 2022ko koordinatzaileak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!