Euskara, euskal kultura eta hezkuntza izan ditu ardatz Kilometroen jaiari hasiera emateko Uzturpe ikastolan egin duten ekitaldi nagusiak. Ikastolako, udaleko eta erakundeetako ordezkariek hartu dute parte, Oihane Mateos herritarraren gidaritzapean, eta ekitaldia borobiltzen aritu dira irakasle zein ikasleak antzerki bidez, Alurr dantza taldeko dantzariak edota Irribarraren bideoklipean ageri den txorimaloa. Eta horrela eman diote hasiera jaiari, ikastolaren ibilbidean mugarri izan diren kideak plaza erdira atera eta soka moztu dutenean. Horren aurretik, lekuko aldaketa ere egin dute: Ibarrak Oreretari eskualdatu dio.
Ekitaldi hasieran, Amaia Lasa Uzturpe Ikastolako lehendakariak gogorarazi du Uzturpe ikastola martxan jarri zenetik herriko beharretara egokitzen joan dela. «Luxu bat da bizi garen herrian horrelako proiektua duen ikastetxe bat izatea». Herri bati komunitate izaera ematen diola ere esan du: «Gure komunitatea sortzen dugu, zu eta ni berdindu. Gure herria, gure ikastola, gure etxea, gure ama, gure proiektua, gure kilometroak, gure irribarra, gutar bihurtu dugu». Uzturpe baino gehiago, Guzturpe direla azpimarratu du.
Ibarrako alkatea den Igor Zapirainek bi hitz erabili ditu Ibarrak ikastolarekin duen hitzarmena adierazteko: hazi eta hezi. «Gure seme-alabak dira gure etxeetako eta gure herriko hazia eta gure etorkizuna, eta horretan, aniztasuna ardatz, ikastolak lotura zuzena du herriarekin eta gure etxeekin, hazi hori ureztatu eta hezteko prozesuan». Gaur egun 70 langile ditu Uzturpe ikastolak eta 500 ikasle inguru. «Horiek izango dira gure ondorengoak, eta horiek dira gaur egungo haziak».
Eredu berriarekin etorri da Kilometroak jaia eta horri egin dio erreferentzia Nekane Artola, Kilometroak elkarteko lehendakariak: «Eredu berriaz ari garenean ez gara ezer berria asmatzen ari. Jai parte hartzaileagoa topatuko duzue, tamainaz doituta, herriko eragileekin batera antolatuta, sortzaileei tokia eman diena, gure jai guztiak bezala, euskara eta euskal kultura erdigunean kokatzen duena, auzolan erraldoia». Eta gehitu du lan horretan jarraituko dutela, izan ere, gogoan izan du nondik datozen. «Hezkuntza euskaldunaren asmatzaileak izan gara».
Hezkuntza sailburua den Jokin Bildarratzek ere hartu du hitza. Euskara «osasun onean» dagoela esan du Ibarran eta inguruetan, baina ezagutza eta erabilera bultzatzen jarraitzeko beharra dagoela nabarmendu du. «Jai eguna da, baina baita euskarari bultzada emateko eguna ere». Markel Olano diputatu nagusiak ere euskararen beharra izan du ahoan, eta ikastolak sortzen aritutako Elbira Zipitria ekarri du gogora. Eta lezio bat eman du: «Gure aitzindariek eman ziguten lezioarekin batera, guk ere ikasi beharra daukagu gure pasio, inteligentzia eta berrikuntza guztiak erabiltzen gure herriaren etorkizunaren eta gure hizkuntzaren biziraupenaren zerbitzuan».