Abian da Galtzaundi Euskara Taldeak eta Ibarrako Udalak elkarlanean antolatzen duten Galtzakomik Komiki Lehiaketa. Euskarazko komikigintza sustatu asmoz antolatu dute hamabosgarrenez lehiaketa eta adinaren araberako lau kategoria izango ditu aurten ere. Lanak azaroaren 28a baino lehen aurkeztu beharko dira.
Aurtengo lehiaketak badu berezitasun bat: berriro ere komikiak egiteko gaia zehaztu dute, eta aurten, Ibarran antolatu duten Kilometroak jaia baliatuz, irribarra izango da gaia, Kilometroetako leloa. Idoia Lahidalga Galtzaundiko teknikariak esan duenez, Ibarrarentzat «urte esanguratsua da aurtengoa» eta horregatik aukeratu dute Kilometroen bueltako gaia.
«Irri egiten duen Ibarra komikirako gai polita» izan daitekeela uste du Ibarrako Udaleko euskara teknikaria den Tomas Ugaldeberek. Baikor dago aurtengo edizioarekin: «Urtetik urtera geroz eta parte hartzaile gehiago ditugu, eta aurten ere, Kilometroen aitzakian, gehiago izatea espero dugu». Iaz, 365 lan jaso zituzten Euskal Herriko hamaika txokotatik, «orain arteko arrakastatsuena izan zen».
Euskara hutsean antolatzen den komiki lehiaketa bakarra dela kontuan izanik, euskarazko komikigintza sustatzea du helburu, eta baita sormena lantzea ere. «Adierazpen artistiko honetan bidea egin nahi duenarentzat aukera aproposa da», gehitu du Lahidalgak. «Aukera paregabea da euskarazko istorioak komiki bihurtzen dituzten artista gazte eta helduentzat».
Lanaren oinarriak
Lanak bakarka edo taldeka egin daitezke, eta edonork hartu dezake parte. Komikiak euskara hutsean aurkeztu beharko dira, eta ez da komiki muturik onartuko. Lan bakoitzak gehienez A4 neurriko lau orrialde izango ditu, eta lan originalak Galtzaundi Euskara Taldearen egoitzan aurkeztuko beharko dira edo postaz bidaliko dira egoitzako helbidera: Tolosako Nafarroa etorbidea 6, behea. Lanek bete beharreko baldintza teknikoak eta lehiaketaren oinarriak Galtzaundi.eus webgunean aurkitu daitezke. Dagoeneko zabalik dago komikiak aurkezteko epea, eta azaroaren 28ra arte izango da horretarako aukera.
Kategoriei dagokienez, lau sailetan banatu dituzte: 9 urte artekoak, 10-12 urte bitartekoak, 13-16 urte bitartekoak eta 17 urtetik gorakoak. Kategoria bakoitzean bi komiki onenek saria jasoko dute, eta aipamenak egiteaz gain, Ibarrako komikirik onenek ere opariak jasoko dituzte.
Lanak epaitzerakoan, epaimahaiak ondoko irizpideak hartuko ditu kontuan: istorioaren zuzentasuna eta ulermena, marrazkiaren bizitasuna eta originaltasuna, idazmena eta marrazketarako erabili den materiala eta teknika. Mahai hori osatuko dutenak Yurre Ugarte idazlea, Joseba Larretxe Josevisky arkitekto eta komikigilea eta Ainara Azpiazu Axpi ilustratzailea izango dira.
Sari banaketa abenduaren 16an egingo da, 19:00etan, San Bartolome plazako aterpean. Egun horretan bertan, komiki lehiaketan jasotako lanekin erakusketa zabalduko dute, Ibarrako kultur etxean, abenduaren 30era bitarte. Horrez gain, Mahala baserriko produktuez osatutako bi sorta zozkatuko dituzte sarituak izan ez diren parte hartzaileen artean. Zozketa hori abenduaren 14an egingo da, eta sare sozialen bidez ikusteko aukera izango da.
SARIAK
- 9 urtera arte
2013An jaiotakoak barne.
1. saria. Opari txekea eta komiki bilduma.
2. saria. Komiki bilduma eta marrazketarako materiala.
Aipamena. Komiki bilduma.
Ibarrako komikirik onena. Ibarrako merkatarien oparia eta komiki bilduma.
Oharra: Saridun guztiak Xabiroi aldizkarira harpidetuko dira urtebetez. - 10-12 urte bitarte
2012an eta 2010Ean jaiotakoak barne.
1. saria. Opari txekea eta komiki bilduma.
2. saria. Komiki bilduma eta marrazketarako materiala.
Aipamena. Komiki bilduma.
Ibarrako komikirik onena. Ibarrako merkatarien oparia eta komiki bilduma.
Oharra: Saridun guztiak Xabiroi aldizkarira harpidetuko dira urtebetez.a testua testua. - 13 urtetik 16 urtera
2009an eta 2006an jaiotakoak barne.
1. saria. 200 euro eta komiki bilduma.
2. saria. 100 euro eta komiki bilduma.
Aipamena. Komiki bilduma.
Ibarrako komikirik onena. Ibarrako merkatarien oparia eta komiki bilduma.
Oharra: Saridun guztiak Xabiroi aldizkarira harpidetuko dira urtebetez.a testua. - 17 urtetik gora
2005ean jaiotakoak barne.
1. saria. 700 euro eta Danon Txokoan bi pertsonarentzako afaria.
2. saria. 300 euro eta Eguzki Lore tabernan bi pertsonarentzako afaria.