Ibarraren eta Ibarrako piperraren historian sartu dira

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko irailaren 24a

Ibarrako Piparraren ibilbidea egin dute, gaur, txanda ezberdinetan banatuta hainbat pertsonek. Piperraren historiaz gain, Ibarra herriarena ere barneratu dute. Bihar ere aukera izango da ibilbidea egiteko.

«Bizia» eman nahi izan diote Kilometroak jaiaren barruan, Ibarrako Piparraren ibilbideari. Ordu eta talde ezberdinetan banatuta, plazan elkartu dira, eta ordu eta erdi inguruko ibilbidea egin dute Ibarrako txoko ezberdinetan geldialdiak eginez.

Herriaren historia eta piperrarena elkartuz, gehiago ezagutu dituzte bai Ibarra herria eta baita Ibarrako piperra ere.  Herriko eragile ezberdinen elkarlanari esker antolatu dute, eta ibilbidean zehar eragile ezberdinen parte hartzea izan da. Gastronomia, musika, historia edota dantzarekin osatutako esperientzia bizi ahal izan dute, haurrek, gurasoek edota aiton-amonek.

Gaurko lehen saioa Nagore Leon antolatzaileak gidatu du, eta bere azalpenak entzuteaz gain, hainbat galdera ere erantzun behar izan dituzte parte hartzaileek. Batez ere, Ibarrako piperra izan da protagonista bide osoan zehar, eta noski, dastatzeko aukera ere izan dute. Ekoizpena eta haren inguruan sortu diren erritual eta ohiturak erakutsi dizkiete.

Bihar ere beste aukera bat izango da ibilbidea egiteko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!