Piparraren ibilbideari «bizia» emango diote

Ataria 2022ko irailaren 22a

Larunbat eta igande goizean egingo dute Kilometroak jaiaren barruan, eta izena eman beharko da parte hartzeko.

Ibarrako Piparraren ibilbideari «bizia» emango diote larunbatean eta igandean, eta gastronomia, musika historia edota dantzarekin osatutako esperientziaz gozatzeko aukera izango da.

Kilometroak jaiaren harira antolatu duten ekitaldia dela kontatu du Nagore Leon ikuskizun batzordeko kideak. «Gidari bat egongo da Ibarraren eta piperraren historia kontatuz, eta bi kilometroko ibilbideko guneetan eragile desberdinekin egingo dute topo parte hartzaileek, Alurreko dantzariekin, koruko kideekin, antzerki taldekoekin edota Loatzo musika eskolako kideekin. Nola ez, gastronomia ere egongo da, piperra protagonista nagusia izanik».

Larunbat eta igande goizean izango da, 10:30etik aurrera, eta ordu eta erdiko iraupena izango du esperientziak. Parte hartu nahi dutenek Kilometroak.eus webgunean eman dezakete izena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!