Markel Olano diputatu nagusiak bere atxikimendua adierazi dio Kilometroak 2022 ekimenari

Ataria 2022ko irailaren 19a

Ibarrako Uzturpe Ikastolako eta Kilometroetako kideak, Aitor Bengoa eta Usue Sukia Zurutuza, Gipuzkoako Foru Aldundian izan dira. Urriaren 2ko hitzordua hizpide izan dute.

"Berrikuntza eta auzolana biderkatuz lortuko dugu euskararen erabileran jauzi berri bat egitea" adierazi du Markel Olanok batzarraren ostean. Kilometroak 2022 ekimena azaldu diote Kilometroetako ordezkariek diputatu nagusiari, eta honek bere atxikimendua publiko egin du. "Egungo mundu aldakor eta indibidualista honetan inoiz baino garrantzia handiagoa dute ikastolek beren jaiotzatik berezko dituzten balioek", eta horren lekuko Uzturpe Ikastola dela gaineratu du. 

"Hamarkadaz hamarkada, diktaduraren garai latzetatik abiatuta, hainbat eta hainbat familia beren seme-alaben hezkuntzarekin konprometitu dira Ibarran, hezkuntza hori euskaraz izan dadin, eta, horrekin batera, komunitate eta herri euskaldun bat eraikitzeko bidean ekarpen eskuzabala egin dute", esan du Olanok.

Euskararen erabilera indartzeko

Gipuzkoako diputatu nagusiaren esanetan, euskararen erabilera indartzeko egitasmoak eta ekintzak areagotzen ari dira, eta "euskararen geroa bermatzeko ahalegin partekatu horretan, ezinbestekoa da herritarrok euskararen aldeko konpromisoari eustea eta gure eguneroko bizitzan konpromiso hori gauzatzea. Gure hizkuntzaren biziberritze prozesuari bultzada berri bat emateko unea da, indar betez, erabilera helburu. Desafio horrek eskatzen du lankidetza biderkatzea eta berritzaileak izatea. Horrela lortuko dugu gure hizkuntzaren erabileran jauzi berri bat egitea".

Azkenik, Markel Olanok herritar guztiak animatu ditu urriaren 2an Kilometroetan antolatu dituzten ekintza eta ekitaldietan parte hartzera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!