400 ikasle batu ditu Milimetroak ekimenak

Irati Saizar Artola 2022ko maiatzaren 20a

Milimetroak Tolosaldean egitasmoa ospatu dute Ibarran, Euskal Herriko 400 ikasle inguruk. Elkar ezagutzeko helburuz, Kilometroak jaiaren eredu berriaren proposamenetako bat izan da.

Milimetroak festak Euskal Herri osoko gazteak bildu ditu Ibarran. Apirila amaieran Oreretan ospatu zituzten, eta gaurkoan Tolosaldeko festak Ibarra hartu du. Denera hamar ikastolatako 400 ikasle elkartu dira, LH6koak denak. Kilometroek Tolosaldeko beste ikastoletako ikasleekin harremana sustatzea dute helburu, baina, horiez gain, beste lurraldeetan ikastolen festa antolatzen dutenak ere bertan izan dira, besteak beste, Ibilaldia, Nafarroa Oinez, Araba Euskaraz eta Herri Urrats antolatzen aritu edo ari direnak.

Eskualdetik, Zubimusu, Irurako Ikastola, Anoetako Herri Ikastola, Laskorain eta Inmakulada ikastetxeak hartu dute parte. Arabatik, Argantzon eta Lautada Ikastolakoak etorri dira, Bizkaiatik Abusu Ikastolakoak, Nafarroatik Tafallako Ikastolakoak eta Baxenabarretik Manex Erdozaintzi Etxart kolegiokoak.

Hori horrela, goiza jolasean pasa dute. Hainbat taldetan banatu eta hamar joko egin behar izan dituzte. Horretarako, ezinbestekoa izan dute elkarlana, elkarri entzutea eta elkar ezagutzea. Behin jolasean harremanak eginda, elkarrekin bazkaldu dute, eta bazkalostean flashmob-a egin dute herriko plazan. Uzturpe Ikastolako hainbat ikasle oholtzan jarri dira, eta gainerakoek haien erritmoan egin dute dantza.

Euskal Herria mapetan erakustetik, errealitatean bizitzeko ekimen polita dela esan du Josu Ozaita Kilometroetako koordinatzaileak. "Ikasleen arteko harremanak bultzatzea dugu helburu, euskal hizketa desberdinak nahastea eta Euskal Herria aldarrikatzea".

Erlazionatuak

Dantzan jarri dute plaza

Irati Saizar Artola 2022 mai 20 Ibarra

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!