Euskal eskultoreen erakusketa inauguratuko dute, bihar, 19:00etan, Ibarrako kultur etxean. Kilometroen barruko egitasmoa da honakoa eta 40 euskal eskultore inguruk formatu txikiko eskulturak jarriko dituzte ikusgai.
Ekitaldiari hasiera herriko plazan emango zaio. Alurr dantza taldeak beraiek sortutako Eskultura koreografia dantzatuko du eta jarraian erakusketa ikustera joango direla azaldu du antolatzaile lanetan dabilen Nerea Mendizabal Arburuak.
"Kilometroek euskal eskultoreei bere sormena zabal dezaten bide eman nahi izan die, artea, euskara eta Irribarra kontzeptuen txertaketaz Irribartea abian jarriz". Irribarra leloa izan da euskal eskultore elkarteari obrak egiteko jarri zaion gaia. Ikusgai izango dira guztiak, kultur etxean, maiatzaren 13ra arte.
Erakusketa ikustera inguruko ikastetxeak gonbidatuko dituzte goizetan eta arratsaldeetan publiko guztiarentzat izango da zabalik, 16:00etatik 20:00etara. Obrak erakusgai egoteaz gain, salgai ere jarriko dituzte.
Era berean, Uzturpe ikastolako DBH 1 eta 2koak, ikasturte honetan, eskultura bera unitate didaktiko modura lantzen ari dira, historia, teknikak eta material ezberdinak ezagutuz. Ikasturtea amaitu aurretik Mikel Mendizabal artean aditua joango da ikastolara irakasleei formazio saio bat ematera.
Eta egun handian, urriaren 2ko Kilometroen amaierako ospakizun egunean, eskultura gune bat kokatuko dute, "haurrek eskultoreekin batera material desberdinak sentitu eta landu ditzaten".