Milimetroak Oreretan ospatuta, Ibarrara begira jarri dira

Ataria 2022ko apirilaren 26a

Egun osoko festa ospatzen ari dira Oarsoaldeko eta Uzturpe ikastolako hainbat ikasle Oreretan. Maiatzaren 20an Ibarran ospatuko dira Milimetroak.

Egun bat izatetik urte osoko festa izateko lanketa egiten ari dira Kilometroetan. Eta horren adibidea izan gaurko eguna. Milimetroak egitasmoa ospatzen ari dira Oarsoaldean, Oreretan zehazki. Egun osoko festa izan dute eta Oarsoaldeko Haurtzaro, Pasaia-Lezo eta Orereta ikastoletako ikasleez gain, Ibarrako Uzturpe ikastolako DBH 3 eta 4ko ikasleek ere hartu dute parte.

Gaur bete dira 85 urte Alemaniako Condor eta Italiako Aviazzione legioen hegazkinek Gernika bonbardatu zutenetik. Eta hain justu egun hori aprobetxatuz, Picassoren Gernika obraren bertsio koloretsua margotu dute goizean 100 ikasle inguruk. Emaitza plazan bertan jarri dute.

Arratsaldean, berriz, dantzaz eta musikaz gozatzeko aukera izan dute Kukai dantza taldearekin, Haritzaren Itzala herriko jazz taldearekin, Mikel Urdangarin abeslariarekin eta Andoitz Antzizar trikitilariarekin. Oreretako ikastolako musika taldea ere bertan izan da. 

Ibarran, maiatzaren  20an

Behin Oarsoaldean Milimetroak ospatuta, Tolosaldearen txanda izango da maiatzaren 20an. LH6ko ikasleen arteko topaketak online egingo dituzte eta eskualdeko ikastolen kasuan aurrez aurre elkartuko dira Ibarran bertan. Ikastolako ikasleek anfitrioi lanak egingo dituzte eta Uzturpe ikastolak abiarazitako Infinitu Irribarra ekimena baliatuko dute horretarako.

Egun horretan, 10:00etan, harrera eta gosaria egiteko tartea hartuko dute. Ordubete beranduago, altxorraren bila abiatuko dira, talde txikitan. Bazkaldu ostean, ikastola bakoitzak sortutako ikuskizunaren emanaldia egingo dute 15:00etan. Eta eguna borobiltzeko 17:00etan agurtuko dute elkar. 

Argazki guztiak: Kilometroak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!