Azken egunak ostiraleko bertso afarietarako txartelak erosteko

Ataria 2022ko mar. 29a, 17:59

Bertso afariak x7 egitasmoa ospatuko dute ostiral honetan; zazpi bertso afari egingo dituzte aldi berean, zazpi elkartetan; afarirako txartelak erosteko aukera dago egunotan.

Ostiral honetan, Kilometroen egitarauaren barruan, Bertso afaria x7 ekimena dira ospatzekoak. Zazpi bertso afari antolatu dituzte aldi berean: hiru Ibarran, beste hiru Uzturpe ikastolako ikasle batzuen herrietan (Belauntza, Leaburu eta Gaztelu), eta azkena Oreretan. Saio bakoitzean bina bertsolari arituko dira.  Oraindik ez dira sarrerak agortu eta Kilometroak.eus helbidean eros daitezke, 30 euroren truke. 

Afariak 20:30etatik aurrera izango dira, baina aurrez, 19:00etan, Ibarrako San Bartolome plazan elkartuko dira hamalau bertsolariak eta lehen agurra bertan eskainiko dute, ondoren bakoitzak bere elkarteko bidea hartzeko.

Bertako elikagaiei eta gastronomiari emango diote garrantzia afarian. Honako menua prestatu dute: gilda, Ibarrako txistorra berdea, Irribarra entsalada, Lumagorri oilasko izterra saltsa berezian eta Izaskungo Bizkaietxe gazta eta sagar dultzea. 

Ibarrako Xepla elkartean, Jon Maia eta Maialen Akizu arituko dira kantuan; Deportiban Onintza Enbeita eta Anjel Mari Peñagarikano; Sendi Ekintzan Nerea Ibarzabal eta Beñat Gaztelumendi; Belauntzan Andoni Egaña eta Ane Zuazubiskar, Leaburun Iker Zubeldia eta Nerea Elustondo; Gaztelun Oihana Iguaran eta Sebastian Lizaso; eta azkenik, Oreretako ikastolako baserrian Haritz Mujika eta Amaia Agirre. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!