Festa erraldoia eta bakarra atzean utzi, eta saretzean zein auzolanean jarri du azpimarra 2022ko Kilometroak ekimenak. Milimetroak da horren adibiderik garbiena, eta Oarsoaldean eta Tolosaldean ospatuko dira, hurrenez hurren, apirilaren 26an eta maiatzaren 20an.
Goizean aurkeztu dute ekimena, Euskal Herriko Ikastolen Etxean. Bertan izan dira Nekane Artola Kilometroak Kultur Elkarteko kidea, Orereta ikastolako Anartz Muxika, Villabonako Zubimusu ikastolako Nerea Zumeaga eta Ibarrako Uzturpe ikastolako Usue Sukia, Tolosako Laskorain ikastolako, Tolosako Inmakulada ikastolako, Anoeta eta Irurako ikastoletako, eta Haurtzaro eta Pasaia-Lezo Lizeoko ordezkariekin batera.
Kilometroak jaiak eredu berri batean sinesten duela esan du Nekane Artolak, eta eredu berri horren ezaugarrien artean ondorengoak aipatu ditu: "Jai parte hartzaileagoa egitea, ikastola batetik ikastola guztietara salto egingo duena eta herritik atera eta Gipuzkoara hedatuko dena, baita Euskal herrira ere. Eta egun batetik urte osora zabalduko dena; komunitate osoaren parte hartzea sustatuko duena, bereziki ikasleena. Era berean, ikastolek berezko duten kultur sorkuntzari plazak eskainiko dizkie".
Milimetroak eskualdeka antolatuko dira, eta aurten, Oarsoaldearen eta Tolosaldearen txanda izango da. "Datozen urteetan eskualde gehiagotara heltzea da gure asmoa, pixkana Gipuzkoako ikastolen ekarpen hau lurralde osora zabaldu dadin".
Ekimenaren helburua da hainbat ekintzaren bitartez ikastola desberdinen komunitateak harremanetan jartzea, horien parte hartze erreala sustatzea eta euskarari espazio berriak eskaintzea, kultur adierazpide desberdinen bidez.
Eta bide horretan ari dira Ibarran, Kilometroak ospatzeko lanetan. Uzturpe ikastolako zuzendaria den Usue Sukia Zurutuzak esan du eguna bera birdiseinatuz, bertakoa erakutsi eta balorean jarriz eta kulturartekotasuna azpimarratuz ari direla lanketa egiten.
Gai baten bueltan
Milimetroak ospatzeko gai bat landuko dute eskualde bakoitzean. Tolosaldean, esaterako, naziotasuna izango dute oinarri aurrez aurreko elkar ezagutzaren bidetik. Gaia hori izanik, eskualdeko ikasleen arteko harremana eta elkar ezagutza sustatuko dituztela esan du Zubimusu ikastolako Nerea Zumeagak, eta keinu bana egingo diote Euskal Herrian antolatzen diren ikastolen aldeko beste lau jaiei, besteak beste, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez eta Herri Urratsi.
Tolosaldean, maiatzaren 20an ospatuko dira Milimetroak eta LH6ko ikasleen arteko topaketak online egingo dituzte eta eskualdeko ikastolen kasuan aurrez aurre elkartuko dira Ibarran bertan. Ikastolako ikasleek anfitrioi lanak egingo dituzte eta Uzturpe ikastolak abiarazitako Infinitu Irribarra ekimena baliatuko dute horretarako.
Oreretako ikastolako Anartz Muxikak esan du Oarsoladeko Milimetroetan herritarren eta herrien burujabetza izango dutela ardatz. Festa eguna apirilaren 26an izango dute. Kasu horretan, DBH 4ko ikasleen arteko topaketa bultzatuko dute. Oarsoaldeko Haurtzaro, Pasaia-Lezo eta Orereta ikastolak izango dute hitzordu antolatzeko ardura.
Gainera, egun horretan beteko da Gernikaren bonbardaketaren 85. urteurrena eta data hori baliatu nahi izan dute festarako. "Egun esanguratsua da Euskal Herriko historian, mundu osoan ezaguna, herritarren kontrako lehen aire erasoa delako eta besteak beste Picassoren artelanak egindako ekarpenarengatik", esan du Muxikak. Hori dela eta, "egun munduko hainbat bazterretan gertatzen ari diren erasoaldi guztien kontzientzia hartzeko diseinatu dugu apirilaren 26ko ekimena".
Goizean, lau ikastoletako 100 ikaslek Picassoren Gernika obraren bertsio koloretsua margotuko dute. "Obra bera lau zatitan banatu eta mundua bakarra izanik, zuri-beltz, txiro-aberats, ipar-hego, ekialde-mendebalde, arrakala guztien metafora da Picassoren obra bera lau zatitan banatu izana". Ondoren, Oreretako plazan jarriko dute emaitza.
Egitarauak
Oarsoaldea, apirilak 26
- 09:30. Harrera Agirre Lehendakariaren plazan.
- 10:00. Margoketa tailerra.
- 12:30. Ekitaldi nagusia Jarurtakol plazan, Mikel Urdangarin eta Haritzaren Itzala taldearekin.
- 19:00. Dantza eta musika emanaldia herriko plazan Kukai dantza taldearekin, Haritzaren Itzala herriko jazz taldearekin, Mikel Urdangarin abeslariarekin eta Andoitz Antzizar trikitilariarekin. Oreretako ikastolako 27 ikaslek musika eta antzerkiaren bidez, ankerkeriaren salaketa eta elkartasunaren aldarria egingo dute.
Tolosaldea, maiatzak 20
- 10:00. Harrera eta gosaria.
- 11:00. Altxorraren bila ibilbide kulturala, talde txikietan banatuta.
- 13:00. Bazkaria.
- 15:00. Ikastola bakoitzak sortutako ikuskizunaren emanaldia.
- 17:00. Agurra.