Hegoak ebakitzen

Erabiltzailearen aurpegia Josu Ozaita 2022ko api. 2a, 16:58

Bada nerabezarotik gazte izatera pasatzea erakusten duen igarotze erritua: Kilometroak eta Euskal Herriko beste ikastolen lau jaietan, «Gora Euskadi» txapela, praka motz eta motxila erabiltzetik, bakeroak jantzita joatearena. 

Garai haietan katxiak eskuz esku pasatzen genituen, jakinda, diru hura herrigintzara joango zela, kontzienteki hartutako erabakia, litroak egin ez ditugun belaunaldikoak gu. Festa eta giro, Euskal Herria sentitzen genuen atmosferan, hegan egiten genuen beste hainbat jai eta ekimenetan bezala, komunitate baten parte, emozioak poroetatik sartzen ziren, bihotzeraino; betiko.

Katastrofea zabaltzeko zalea ez banaiz ere, baikorra izanagatik, naziotasun giroan epel-aldi eta hozte handia nabari dira. Euskadi «naturalizatzen» ari dela dirudi, hegalak moztutako herria. Nafarroaz hitz egitean, probintzia bakarraz aritzen da asko, eta iparraldea, «zer da hori?». Irudipena dut, Euskal Herria hitza, bere sakontasun osoarekin, aho txikiarekin erabiltzen dugula, lotsati; uzkur. Bestetik, «aberri egunak» ez gaitu erakartzen, ikastetxeetan hiru probintzietako lurraldea irakastean ez dugu protestatzen, gure ereserkiak zein izan behar duen eztabaida eternalak ditugunean…

Hala ere, herriak aspaldi erabaki zuen Txoria txori dela ereserkia, hau entzun daiteke parrandetan, manifetan, edozein ekitalditan, futbol zelaietan, eta hamaika bertsio egin dizkiete Sonakaytik hasi eta Etsaiak talde arteko abaniko zabalak. Ez da Euskal Herria hil, erresistentziatik eraikuntzara igarotzeko garaia da ordea, eta jarraitu dezagun Euskal Herriari eduki eta balio berriak ematen, ekimen gaurkotuak sustatzen, gauzak berrinterpretatzen, inork esan ez dezan: «Herri zahar bat izan zen». Eta horretarako, hegoak ez ebakitzea ezinbestekoa izango da. Agian, Kilometroak hauetarako «Gora Euskal Herria» txapelak atera beharko ditugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!