Herri kirol jaialdia eta 'Bertso afaria x7' ekimena, Kilometroen barruan

Ataria 2022ko mar. 11a, 19:59

Felix Aiestaran, Mikel Egibar, Ainara Otamendi eta Altzo Jauregi, aurkezpenean.

Martxoaren 19an herri kirol jaialdia antolatu dute, eta apirilaren 1ean zazpi bertso afari egingo dituzte Ibarra eta Ibarra inguruko zazpi elkarteetan.

Euskal kulturarekin eta euskararekin lotura zuzena duten bi ekimen berri antolatu dituzte Kilometroen barruan. Horietako bat herri kirolen esparruan kokatzen da eta martxoaren 19an izango da, eta bigarrena apirilaren 1erako prestatu dute eta bertsolaritzarekin du lotura.

Martxoaren 19an herri kirol jaialdia antolatu dute Kilometroak eta Almitza sega elkarteak elkarlanean. 18:30etik aurrera hasiko da, Ibarrako plazan. Sokatiran, trontzan eta aizkoran arituko dira, besteak beste, kirolariak, eta Ainara Otamendi Almitzako kideak esan duenez, elkartearen ibilbidea iruditan ikusteko aukera izango da, bideo bat proiektatuko dutelako. Bertsolariak ere izango dira plazan.

"Segalaritza udaberri eta uda sasoiko kirola da, baina historikoki neguko jaialdiak antolatu izan ditugu, negu partean elkarrekin biltzeko, eta aurten, Kilometroak Ibarran egingo direla aprobetxatuz jaialdia bertan antolatzea erabaki dugu", esan du Otamendik. Gogorarazi du Almitzak urte askoan hartu izan duela parte Kilometroetan. "Jaialdi honen beste helburu bat Almitza sega elkartea ezagutaraztea ere bada, eskualdean segalari dezente gabiltza, eta segalaritzak nazioarteko lehia horretan egin duen lana izango dugu helburu, bideo bidez". Eta Almitza eta Ibarraren arteko harremanean bitxikeria bat kontatu du: "Almitzak nazioarteko txapelketetan parte hartzen du eta kuriosoa da euskaldunok egin izan dugun posturik onena, lehen postua, ibartar emakumezko batek lortu zuela, 1999an, Eslovenian".

Jaialdi horretan Ibarrako sokatira taldeak hartuko du parte. Eta gainerako kiroletan emakume eta gizonek osatutako bikoteak arituko dira nor baino nor. Trontzan honako bikoteek hartuko dute parte: Ainara Otamendi eta Mikel Lizartza, Arkaitz Jauregi eta Garazi Urkiola, Jon Otegi eta Alaitz Imaz, eta laugarren bikotea zehazteke dago oraindik. Aizkoran, berriz, Julen Gabirondo eta Uxue Ansorregi, Altzo Jauregi eta Irati Astondoaren aurka arituko dira. Ikuskizunaz gozatzera gerturatzen denak, ondorenean egingo duten afari herrikoian geratzeko aukera izango du. Mikel Egibar Kilometroetako koordinatzaileak esan duenez, edonor joan daiteke afarira. Tiketak Zubiaurre tabernan, Uzturpe Ikastolan eta Kilometroak dendan eskuratu daitezke, 23 euroren truke.

Bertso afariak elkarteetan

Kilometroek keinu bat egin nahi die bertsolaritzari eta apirilaren 1erako zazpi bertso afari antolatu dituzte, zazpi elkartetan. Gune bakoitzean, bina bertsolari arituko dira afalostean kantuan. Ibarran bertan, hiru gunetan izango dira afari horiek: Deportiba elkartean Onintza Enbeita eta Anjel Mari Peñagarikano arituko dira; Xeplan Jon Maia eta Maialen Akizuk abestuko dute, eta Sendi Ekintzan Beñat Gaztelumendi eta Nerea Ibarzabal izango dira kantuan. Gainerakoan, Felix Aiestaran Uzturpe Ikastolako kideak azaldu duenez, ikastolara inguruko herrietatik haurrak joaten dira eta herri horiei bultzada bat eman nahi izan diete bertso afariak antolatuz. Gaztelun Oihana Iguaran eta Sebastian Lizaso izango dira, Leaburun Iker Zubeldia eta Nerea Elustondo, eta Belauntzan Andoni Egañak eta Ane Zuazubiskarrek abestuko dute. Horiez gain, Oreretako ikastolak duen baserrian izango da zazpigarren afaria, Amaia Agirre eta Haritz Mujika bertsolariekin. Izan ere, 2023an Kilometroak Oreretan ospatuko dira eta Egibarrek esan duenez, "bertako herriari eta komunitateari eskaintzen diogun lehen keinua" izango da.

Bertso afarietarako sarrerak Kilometroak.eus helbidean aurki daitezke, 30 euroren truke. Afariak 20:30etatik aurrera izango dira, baina aurrez, 19:00etan, Ibarrako San Bartolome plazan elkartuko dira hamalau bertsolariak eta lehen agurra bertan eskainiko dute, ondoren bakoitzak bere elkarteko bidea hartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!