Infinitu Irribarra ekimenak hasi du bere bidea. Kilometroak antolatzen jarraitzen du Ibarrako Uzturpe Ikastolak, eta birtualki egin daitekeen ekimen bat abiatu dute asteburuan. Herritarren irribarreak biltzen hasi dira, argazki bidez, mapa digital batean kokatu eta irribarreen atlas moduko bat osatzeko.
Larunbat goizean hasi ziren lehen argazkiak jasotzen. Ibarran bertan bost gune aktibatu zituzten, eta herritarrei argazkiak ateratzen eta azalpenak ematen aritu ziren gune horietan. Argazki horiek dagoeneko ikusgai daude kilometroak.eus helbideko menuan dagoen Infinitu Irribarra botoian sakatuta. Mapa bat ikus daiteke, eta mapa horretan, jendeak igotako argazkiak aurki daitezke. Webguneak kontagailu moduko bat ere badu, zenbat irribarre ikus daitezkeen esaten duena, eta 180 argazki inguru daude kokatuta oraingoz.
Hala ere, Aitor Bengoa Kilometroetako komunikazio arduradunak esan duenez, Kilometroak jaien ekitaldi guztietan izango du presentzia ekimenak, eta beraz, urte guztian zehar igo ahalko dira irribarreak mapara, edonoiz eta edonondik. "Mugikorra eskuetan baduzu, edozein lekutan zaudela egin daiteke argazkia, eta baita igo ere, beraz, jendea gonbidatu nahi dugu, argazkia atera eta gure webgunearen bidez mapan kokatzera; horrela, leku ezberdinetatik jasotako argazkiekin mapa bera ere zabalagoa eta aberasgarriagoa izango da".
Irribarrea mapan kokatzerako garaian, inprimaki bat bete beharko da, izenburu bat jarri ahalko zaio argazkiari eta mezu bat idazteko aukera ere ematen du. Eta nahi duenak, ekarpen ekonomiko bat egiteko aukera izango du, borondatez.
Ekimena Ibarratik harago, mundu osora zabaldu nahi dute. Euskal Herriko ikastoletara, kanpoan bizi diren euskaldunengana edota diasporara iritsi nahi dute, eta kultur eta kirol munduan dabiltzan aurpegi ezagunak ere txertatu nahi dituzte mapan.
"Irribarreak pertsonen arteko konexioak sortzen ditu, alaitasuna zabaltzen du, eta hitzik gabe, hitz egiteko modua ere bada", dio Bengoak. Hortik jarri diote leloa ekimenari: Eman ezazu aurpegia euskararen alde eta koka ezazu zure irribarra mapan. Izan ere, ekimenak "euskararekiko atxikimendu erakustaldia" egiteko ere balio duela esan du.
Martxa hartuta
Azaroan egin zuten Kilometroen aurkezpen ekitaldia eta orduan jakinarazi zuten leloa eta logoa. Leloa Irribarra da, eta Usue Sukia Zurutuza Uzturpeko zuzendariak esan duenez, "Irribarra gure artean elkar komunikatzeko modua da, triste dagoena animatzeko bidea, etorri berriari harrera egiteko modua, jaten dugunean gure sentsazioen bizipena, gure lana egiteko modua, Euskal Herria eta euskara sentitzeko jarrera, azken finean, mundua ikusteko modua".
Aurkezpenaren ondotik, pandemiak uzten dieten heinean, gauzak antolatzen ari dira. Abendurako eta urtarrilerako aurreikusita zituzten bertso afariak, Kilometro Txikiak edota arropa salmentarako hainbat irteera, esaterako, atzeratu egin dituzte. Hala ere, laster iragarriko dute Kilometroak txikia eta Milimetroak non eta noiz egingo diren.
Gogorarazi dute Kilometroetako arropa denda fisikoa nahiz online bidezkoa martxan daudela. Denda fisikoa astelehenetik larunbatera egunero egoten da zabalik, "boluntario sareari esker". Gabonetako kanpaina pasata, "martxa onean" ari direla kontatu du Sukiak.