Irribarreak mapa batean bildu nahi dituzte

Ataria 2022ko urt. 26a, 19:59

Kilometroetako lekukoa Ibarrara iritsi zen eguneko argazkia.

Larunbat goizean abiatuko dute 'Infinitu Irribarra' ekimena Ibarran; herritarrei dei egin diete prestatuko dituzten guneetara joateko.

Ibarrako Uzturpe Ikastolak urte honetan zehar ospatuko diren Kilometroak antolatzen jarraitzen du. Pandemiaren eraginez, ohiko ekitaldi asko egin ezinda geratu dira, eta horregatik birtualki egin daitekeen ekimen bat abiaraziko dute larunbat honetan: Infinitu Irribarra. Ekimen horrekin, herritarren irribarreak bildu nahi dituzte argazki bidez, mapa digital batean kokatu eta irribarreen atlas moduko bat osatzeko.

Larunbatean aurkeztuko dute ekimena 10:00ak aldera, eta goiza aprobetxatuko dute ekimena abiatu, lehen irribarre horiek jaso eta mapan kokatzeko. Ibarran zehar bost gune aktibatuko dituzte, eta 10:30etik aurrera informazioa ematen eta argazkiak ateratzen arituko dira boluntarioak, 14:00ak aldera arte. Honako gune hauetan kokatuko dira: Ibarrako sarreran, Euskal Herria eta Idoiaga kaleak abiatzen diren hirukian; Emeterio Arrese plazaren inguruan; Garagune alboan dagoen plazan; herriko plazan; eta eguraldi ona egiten badu, Izaskunen jarriko dute beste gunea, mendialdera doazenengan pentsatuz.

Aitor Bengoa Kilometroetako komunikazio arduradunak azaldu duenez, "herritarren irribarreen argazkiak bildu eta mapa baten gainean kokatzea da helburua, azken aldian irribarreak ez ditugulako asko ikusten". Une batez bada ere, maskaren atzean dauden irribarreak ikusi nahi dituzte, eta herritarrek euskararen alde arpegia eman dezatela dei egin dute. "Gune horietara gerturatu eta segituan aterako genuke irribarrearen argazkia", esan du Bengoak.

Behin argazkiak aterata, Kilometroak.eus webgunean kokatuko duten mapa interaktiboan txertatuko dituzte, eta asmoa da larunbatean ibartarren irribarreak jaso eta aurrerago ekimena mundu osora zabaltzea, mapa irribarre gehiagoz betetzeko. Hala azaldu du Bengoak: "Larunbatekoa herrian egingo dugun zerbait izango da, ibartarrei begirakoa, baina aurrera begira, mundu osora zabaldu nahiko genuke; kanpoan bizi diren euskaldunengana iritsi eta haiei irribarrea eskatzea ere bada asmoa, eta inguruko herri eta ikastetxeetara ere zabaldu nahiko genuke ekimena".

Mapa, denen eskura

Edonork izango du mapa hori kontsultatzeko aukera, eta baita bere irribarrearen argazkia igotzekoa ere. Bengoak azaldu duenez, Ibarran kokatuko dituzten guneetan argazkiak ateratzeaz gain, bakoitzak bere argazkia nola atera eta igo dezakeen ere azalduko dute. "Nahiko modu errazean igo ahalko dira argazkiak mapa horretara, eta norberak bere irribarrearekin edota beste bati aterata egin ahalko du", esan du komunikazio arduradunak. Era berean, QR kode bat ere zabalduko dute irribarreen atlas horretara errazago iristeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!