«Hitzetatik ekintzetara» pasako dira ostiralean

Ataria 2021ko aza. 23a, 18:00

Kilometroak 2022ko aurkezpen ekitaldia egingo dute etzi, Ibarrako Belabieta kiroldegian; larunbatean, berriz, denda zabalduko dute.

Ostiral honetan emango zaio hasiera urriaren 2a bitartean Ibarran ospatuko den Kilometroak jaiari. Aurkezpen ekitaldia Belabieta kiroldegian izango da, 19:00etan, eta bertaratzeko gonbidapenak hartu beharko dira aurrez, kilometroak.eus webgunean. 

Orain arte, lanketa berezi bat egiten aritu dira, urtea nola antolatu eta zein ekintza egin irudikatzeko. Ideia asko jaso dituztela baieztatu du Josu Ozaita Azpiroz Kilometroetako koordinatzaileak, eta Maider Lopetegi Nieto Ikuskizun batzordeko kideak esan du "hitzetatik ekintzetara" pasako direla ostiraleko aurkezpenarekin. "Ikastolako balio eta lerroak irudikatuko ditugu ekitaldi horretan eta herritik eta ikastolatik sortutako jaia izango da, irakasle, ikasle eta herriko jendeak parte hartuko duelako", azaldu du Lopetegik. 

Dendaren irekiera

Ostiralean aurkezpenarekin hasi eta orain arte egin dituzten dinamiketan jasotako ideiak antolatzea dagokiela orain esan du Usue Sukia Zurutuza Uzturpe ikastolako zuzendariak. Ekintzetako bat larunbatean abiatuko dute: Kilometroetako denda zabalduko dute. Euskal Herria kalearen hasieran egokitu dute lokala, lehen Comercial San Bartolome denda zegoen lekuan. Komertzio orduetan, astelehenetik larunbatera, goiz eta arratsalde izango da zabalik. Herritarrak arituko dira boluntario moduan dendan lanean. 

Dendaz gain, irteerak egingo dituzte herri ezberdinetara, Gipuzkoako ikastolekin elkarlanean. Eta buruan zuten beste ekintza bat atzeratu beharra tokatu zaiela esan dute. Abendu hasieran, Bertso afaria x7 izeneko ekintza egin nahi zuten, baina aurrerago egingo dute. Bertso afari hori zazpi elkarte ezberdinetan egingo dute, batetik, Ibarrako hiru elkartetan, eta bestetik Uzturpeko ikasleen jatorria kontuan hartuta, ibarraldeko lau herritan: Belauntzan, Leaburu-Txaraman, Elduainen eta Gaztelun. 

Eta urtarriletik aurrera, urriaren 2ko festa eguna diseinatzen hasiko dira eta dei egin diete herritarrei batzordeetan parte hartzeko. Esan dutenez, momentuz, 150 herritarrek eman dute izena batzorde ezberdinetan. 

Lanketa berezia

Kilometroak 2022 Ibarran ospatuko da, urte guztiko festarekin. Hori horrela, Ozaitak esan du Ibarrako ospakizun bat izatea nahi dutela, ikastolarena bakarrik izan beharrean. Kilometroak zer izango den erabakitzeko dinamika ezberdinak egin dituzte orain arte herrian, eta hortik atera dituzten lerroek presentzia izango dute urte guztian zehar. 

Kilometroak berritzailea izatea nahi dutela dio koordinatzaileak, "berrikuntza Uzturpe ikastolako ikur bat ere badelako, metodologia ikuspegitik beti dutelako ezinegona metodologia berriak aplikatzeko". 

Bestetik, bertako jantokia izango da presente egongo den gaia. "Ibarrako ikastolan duela 25 urte erabaki zen bertako sukaldaria jartzea, janaria bertan prestatzeko". Kontatu du sukaldariak egunero egiten dituela erosketak herriko saltokietan, bertako ekonomia sustatuz. Beraz, Kilometroetan bertako jantoki hori islatu nahi dute, eta horretarako, gastronomiak garrantzia izango du. Alor horretan, piperra ere ez da faltako, eta herriko baratzeek ere izango dute protagonismoa. 

Eta kulturartekotasunari begira ere jarriko dira, Ozaitaren arabera: "Jatorri ezberdinetako jendea dago ikastolan, aberatsa da hori, eta euskal kultura konpartitzeaz gain, beste kulturak ezagutu nahi ditugu". 

Bide horretan, orain arte Txosna batzordea zena Gastronomia batzordea izango da aurrerantzean, eta lehen Giza baliabideen batzordea zena, Auzolan batzordea da egun. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!