Hitzarmena Kilometroak 2022 eta 'Ataria'-ren artean

Ataria 2021eko azaroaren 22a

Usue Sukia Zurutuza Uzturpeko zuzendaria, Nekane Artola Labordeta Kilometroak kultur elkarteko lehendakaria, Amaia Lasa Muñagorri Uzturpe ikastolako lehendakaria eta Iban Urdapilleta Alkizalete Ataria-ko kudeatzailea.

Tolosaldeko Atariak, Ibarrako Uzturpe ikastolak eta Kilometroak Kultur Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute 2022ko Kilometroak sustatzeko.

Nekane Artola Labordeta Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak, Amaia Lasa Muñagorri Uzturpe ikastolako lehendakariak eta Iban Urdapilleta Alkizalete Ataria-ko kudeatzaileak sinatu dute lankidetza hitzarmena. Besteak beste, Kilometroak jaiaren barruan antolatzen diren ekitaldien jarraipen berezia egitea adostu dute.

Ataria eskualdeko hedabidea denez, Tolosaldean gertatzen denaren berri euskaraz ematea du helburu. Bide horretan, 2022ko Kilometroak Ibarran izango denez, sustapena egiteko hiru aldeak elkarlanean ariko dira. Urte guztian zehar euskarri ezberdinetan egingo du zabalpena: irratian, papereko edizioan eta Ataria.eus webgunean. Gai honen inguruan sortutako informazio guztia atal berezi honetan bilduko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!