Iritsi da Kilometroetako lekukoa Ibarrara

Ataria 2021eko urriaren 8a

Oridiziatik bizikletan ekarri zuten Ibarrara Kilometroetako lekukoa Uzturpeko ikasleek; plazara iritsi ziren eta ikasle guztiak zain izan zituzten harrera egiteko.

Bazkalostean iritsi zen lekukoa Ordiziatik Ibarrara, atzo. Uzturpe ikastetxeko hainbat ikaslek bizikletan ekarri zuten lekukoa, eta plazan egin zieten ongietorria ikasle zein irakasle guztiek. Bartolo eta Bartola ere zain izan zituzten udaletxeko sarreran eta Ibarrako bi piper ere jende artean ibili ziren giroa alaitzen.

Plazara iristean, udaletxeko balkoira igo zuten lekukoa eta han hitza hartu zuten Usue Sukia Uzturpeko zuzendariak eta Igor Zapirain Ibarrako alkateak. Sukiak esan zuen "ohorea" dela Ibarran lekukoa izatea: "Ohoreaz gain, ardura, emozioa, ilusioa, erronka eta aukera handia da guretzat; aukera handia da herria herriago egin, gure ikastolaren balioak Kilometroen eredu berrian islatu eta gure egunerokoan bezala berrikuntzan sakontzen jarraitzeko". Bidean ikasitakoa jaso, elkarlanerako ereduak bildu eta ideia freskoak txertatuz Gipuzkoako ikastolen jaiari ekarpena egin nahi diotela erantsi zuen.

Era berean, alkateak esan zuen oparia eta ardura direla Kilometroak bezalako jaia antolatzeko Ibarra hautatu izana: "Oparia Ibarrako herriari eta ikastolaren lanari balioa emateko aukera gisara ulertzen dugulako eta ardura hainbat urtez Kilometroak antolatu duten herri eta ikastolen mailan jartzea dagokigulako". Uzturpeko eguneroko lanari ikusgarritasuna eta balioa eskaintzeko urtea izatea nahi du Zapirainek. "Balia dezagun urte eta aukera hau ezagutzen ez gaituztenontzat euskara eta aniztasunaren balioei lotuta ikus gaitzaten".

Ilusioz eta gogoz agertu dira eredu aldaketarekin etorri den Kilometroak antolatu eta ospatzeko. Datorren urteko urrira bitartean, beraz, hainbat ekimen egingo dituzte eta urriaren 2ak borobilduko du festa.

Erlazionatuak

Lekukoa Ibarrara iritsi da!

Erabiltzailearen aurpegia Uzturpe Ikastola 2021 urr 08 Ibarra

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!