Pintxo tertulia, Kilometroak irudikatzeko

Ataria 2021ko ira. 21a, 07:59

Ostiralean izango da pintxo tertulia, 18:00etan, Ibarrako plazako aterpean; parte hartu nahi duenak aurrez izena eman beharko du.

2022an Ibarran ospatuko dira Kilometroak, eta lantzen hasteko, pintxo tertulia antolatu dute ostiralerako: 18:00etan izango da, Ibarrako plazako aterpean, pintxo batzuen bueltan. Kilometroen ereduaren inguruan eta urtean zehar egingo diren ekintzen inguruan hausnartuko dute, besteak beste.

Ostegunera bitarte aukera izango da izena emateko. Honako bideak erabili ahalko dira: jozaita.kilometroak@uzturpe.eus helbidera idatzita, 669 025 330 zenbakira whatsapp bat bidalita edota labur.eus/pintxotertulia loturan izena emanda. Josu Ozaita Kilometroetako koordinatzaileak parte hartzeko deialdia egin die herritar guztiei, guraso, ikasle ohi zein eragile ezberdinei. "Ez dugu nahi soilik ikastolaren jaia izatea, baizik eta herri osoarena", esan du.

Pintxo tertulia horretan, zortzi pertsonako mahaietan bilduko dira, eta ordu eta erdiz, bi lan lerroren inguruan hausnartuko dute, Ozaitak azaldu duenez: "Batetik, nolako kilometroak nahi ditugun, ereduari buruz hausnartuko dugu, eta, bestetik, eredu hori praktikara nola eraman pentsatuko dugu, zein ekitaldi egin nahi diren bai urtean zehar eta baita urriaren 2an ere".

Azokan postu eta guzti

Pasa den igandean ospatu zen Ibarrako Azokan, Kilometroetako postua jarri zuten, girotzen joateko. Bertan, pintxo tertulian izena ematen zutenei arkatz bana eman zitzaien, puntan hazi batzuk dituena. "Ametsak idatzi eta hazia ereiten duenak uzta jasoko duela jarri genuen banatu genituen arkatz horietan". Bide batez, sortu ditugun batzordeetan izena emateko aukera ere izan zuten gerturatu zirenek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!