Ibarran ospatuko dira Kilometroak 2022an eta dagoeneko antolatzen hasiak dira Uzturpe Ikastolan, Usue Sukia zuzendariak azaldu duenez. Pasa den astean erabaki zuten nor izango den koordinatzailea: Josu Ozaita (Ibarra, 1980) antropologoari egokitu zaio.
Kilometroek badute koordinatzaile berria.
Usue Sukia: Duela urtebete hastapen talde bat sortua genuen Kilometroen inguruan lan egiteko, martxan geunden, baina pandemiagatik gelditu egin behar izan genuen. Aurten, berriro martxan jarri garenean, koordinatzaile ezberdinen proposamenak ateratzen hasi ziren gure artean eta Josuri proposatu genion.Pixka bat pentsatu badu ere, erronka onartu du.
Josu Ozaita: Hasiera batean uste nuen kargu honekin antropologiatik desbideratzen ari nintzela, baina ohartu naiz hau ere badela antropologia, festa delako eta Kilometroetako eredua ere aldatuta dagoenez, ikusi dut antropologo baten perfila egokia izan daitekeela honetarako.
Zer moduz doaz prestaketak?
Sukia: Duela urtebete egindako prozesuan, gelditu baino lehen, leloa eta logoa diseinatuta utzi genituen. Orain berriro jarri gara martxan eta irailetik aurrera zabalpena egiteko asmoa daukagu.
Ozaita : Oinarri bat sortuta dago, eta ikasturte berriarekin batera lanean hasten garenean, parte hartzea bultzatu nahi dugu urte guztiko ekimenen inguruan eta Kilometro egunaren beraren inguruan. Eguna bera urriaren 2an izango da. Herritarrek eta eragile ezberdinek parte hartzea nahiko genuke antolaketan, ez dugulako ikastolaren festa bat izatea nahi. Herritik sortzen den ekimen bat izatea nahi dugu.
Herritarrek antolaketan parte hartzea nahi duzue?
Ozaita: Hori da asmoa. Ibarran, gainera, ikastetxe bakarra dagoenez, atxikimendu bat dago ikastolaren eta herriaren artean, herritar guztiek sentitzen dute Uzturpe bere, eta hori islatu nahi dugu. Giro berezi bat sortu nahi dugu guraso, langile, ikasle ohi, ikasle eta beste guztien artean.
Nola irudikatu duzue datorren urtea?
Ozaita: Ikastolen Elkartean hausnarketa bat egin zen Kilometroak egitasmoaren ereduaren inguruan. Oraindik ez da gauzatu hausnarketa hori, eta Ibarrakoa izango da lehena kontzeptu berri hori landuko duena. Irekita dagoen zerbait da, sortu gabe dagoena. Urriaren 2ak garrantzia izango du, baina, agian, garrantzi handiagoa hartuko dute urte guztian zehar aurrera eramango ditugun dinamikek. Ekimen desberdinak antolatuko ditugu datorren urtean zehar. Horiez gain, baita ere, polita da batzordeetan sortzen den giroa eta Kilometroek sortzen duten atmosfera hori; horrek ondorena uzten duelako, bai ikastolan, eta baita herrian ere.
Irailetik aurrera antolaketarekin jarraituko duzue beraz.
Ozaita: Irailaren 24an tertulia moduko bat egingo dugu, world coffee dinamikaren antzeko zerbait. Mahai txikietan bilduko gara eta jendeak bere ekarpenak egingo ditu. Espazio bat izango da tertulia bat sortu eta gai hauen inguruan hitz egiteko. Urte guztiko dinamikak eta eguna bera izango ditugu ardatz eta hor sortuko da Ibarrako Kilometroak izango denaren kontzeptua. Gero, batzorde desberdinen bidez, horiek praktikan nola jarri prestatuko dugu.
Sukia: Bideo labur bat ere zabaldu dugu, 'nola amesten duzu urtea?' galdetuz, eta pixkana joango gara informazioa ematen.
Momentuz, zuentzako daukazue gordeta.
Sukia: Guk badakizkigu hainbat gauza, baina ez ditugu aurreratuko oraindik. Azaroaren 26an logoaren eta leloaren aurkezpen ofiziala egingo dugu. Eta arroparen berri ere emango dugu.
Ozaita: Azarora bitartean festaren ideia lantzen ariko gara eta behin aurkezpena eginda, praktikan jartzen hasiko gara.
Lanerako nola antolatu zarete?
Sukia: Azken bizpahiru hilabeteak daramatzagu elkartzen, hilean bi edo hiru aldiz, eta hasierako erabakien inguruan lanean hasiak gara: denda non jarri, almazena behar ote den, iraileko tertulia prestatu... hastapenetan gaude oraindik.
Ozaita: Ni lehengo astean hasi nintzen Kilometroen gaia lantzen, eta nabaritu nuen irakasleak oso inplikatuta ilusioz daudela, deigarri egin zitzaidan.
Sukia: Azken bi ikasturteak bereziak izan dira guztiontzat, eta Uzturperentzat, bereziki, azken lau urteak; eraikina mugitu zenetik honakoa. Hortaz, ekimen honek badakar kutsu positibo bat eta horrek lotzen gaitu.
Pandemia oraindik hor egoteak kezkatzen zaituzte?
Sukia: Bai, baina ikasi ere egin dugu. Orain ere badaezpada A plana eta B plana beti prestatzen ditugu.
Ozaita: Birusak zapuztu dezake, baina euri zaparrada eta haizete indartsu batek harrapatzen bagaitu ere berdin zapuztuko digu festa. Azken batean, urtean zehar egiten diren ekimenak ondo eta txukun ateratzen badira, horrekin geratuko gara; ez genuke egun batean soilik zentratu nahi.
Ibarran Kilometroak ospatzeak zer suposatzen du?
Ozaita: Ibarrarentzat aukera bat da Euskal Herriko mapan kokatu ahal izateko, ezagutzera emateko. Orain arte, esaterako, piperrak egin izan du lan hori, baina orain, Kilometroek ere herria erakusteko aukera emango digute eta baita jendea jasotzeko ere. Polita da Kilometroak festaren bidez, Ibarra eta Uzturpe Ikastola zer diren erakusteko aukera izatea.
Eta herritarren inplikazioa ere sekulakoa izan ohi da.
Ozaita: Kilometroetan giza baliabideak behar dituzu, jende mordo baten inplikazioa behar da, lan izugarria delako. Makroegitura bat sortzen da, auzolan erraldoi baten giroa hartzen duena, eta guztia ondo badoa, ondo bideratzen badugu eta giro hori sortzen asmatzen badugu, kohesio soziala sortzen da, herria herriago egiten da. Jende desberdina batzen da eta hori aberasgarria da, bai herriarentzako eta baita ikastolarentzako ere.
Sukia: Gure helburuetako bat ere hori izango da, pertsonen arteko harreman horiek eta gaur egun dagoen pertsona aniztasuna nola batu eta nola elkar ezagutu lantzea.
Ozaita: Kilometroak etorriko dira eta joan ere egingo dira, baina gero geratuko denak eragina izan dezake. Esaterako, 1998an Ibarran, Tolosan eta Anoetan ospatu ziren Kilometroak, eta horrek ere utzi zuen ondorena: eragile ezberdinen foro moduko bat sortu zen lehenik, eta hortik sortu zen Hauspoa elkartea. Begira zer eman duen ondoren. Horrelako dinamika eta giro bat herrian sortzea eta herriarentzat mugarri txiki bat markatzea zoragarria da.