Anoetako festak, 2014

Gazteek ere badute euren eguna kukuaren festetan

Maier Ugartemendia 2014ko ekainaren 21a

Anoetan festak ospatzen jarraitzen dute eta gaur gazteen eguna da. Goizean, ume jolasak eta buruhandi eta erraldoien kalejira izan dituzte. Baina, arratsaldean mus txapelketaren ondoren, jada iritsi da gazteen txanda.

Lehenik eta behin, kirolariek euren abileziak erakusteko aukera izan dute Zizurkilgo gazteen aurka egin duten herri kirol deman. Bertan anoetarrak nagusi izan badira ere, ez da gauza bera gertatu sokatiran aritzeko unea iritsi denean, hemen indarrak parekatuko baitzeuden. Hala ere, bi taldeek jaso dituzte txalo zaparradak plazan bilduta zegoen jende mordoaren eskutik.

Herri kirolak amaituta, gazteek kalejira egin dute dantza eginez. Herri afarian indarrak hartuta, gauean berriro ere dantzan aritu beharko dute. Ondoren, Tajon prieto y Los Kuajalotes taldearen kontzertuak izango dira, eta jarraian, DJ Bag. Hortaz, beste behin ere goizaldera arte kalean ibiltzeko aukera bikaina dute gaur ere anoetarrek.

Bihar igandean, kukua agurtuko dute honako egitaraua prestatua dute:

11:00: Txantxariak: Jolas musikatuak.

12:30: Buruhandi eta erraldoien kalejira.

17:00: Pala txapelketako finalak frontoian.

19:00: Sagardo dastaketa, txorizo egosi eta gazta pintxoekin.

19:00: Erromeria plazan Imuntzo eta Belokirekin.

21:00: Kukuaren igoera kanpandorrera.

23:00: Imuntzo eta Belokiren jarraipena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!