Anoetako festak, 2014

Gutuna: Geurea Ikurrina

Ataria 2014ko eka. 11a, 11:35

Ikurrak irudi huts dira, edo trapu, soinu, hizki. Ikurrak ez dira ikur baino. Baina herri baten ikurrek, herri horren izaera erakusten dute. Erakutsi, eta indartu, herritarren arteko loturak sendotu eta hauspotzen baitituzte. Gure herrian, ordea, gure sentitzen ez ditugun ikurrak inposatu dizkigute aspaldi luzean. Azkenekoz, guretzat ez dugun bandera jarrarazi digute herri erdian. Ikur arrotzekin, gurea ez den herri baten izaera txertatu nahi digute. Bandera espainiarrari begira espainiarrago sentiaraz gaitzaketelakoan-edo.
Ez gaituzte ondo ezagutzen, baldinbaitere. Jarriko digute bandera espainiarra Anoetako plazan, baina horrek ez gaitu beraiengana hurbilduko. Alderantziz, agian: zail da berea inposatu eta gurea ezkutarazi nahi digunarekin inolako loturarik sentitzea. Herri honek bere ikurrak, bere izaera, gorde eta erakutsi nahi ditu, eta ez ditu besteenak ixilik onartuko.
Ez dugu bandera espainiarrik nahi herrian. Zuena, guretzat, trapu bat baita, edukirik gabeko ikur huts bat. Guk gure ikurrak aldarrikatuko ditugu, eta herrian zabaldu. Gurea, ikurrina.
Anoetar guztioi dei egiten dizuegu bide honetan gurekin batera ekitera. Jar itzazue ikurrinak etxeetako leiho eta balkoietan (udaletxean har ditzakezue dohainik.). Zabaldu eta erabili gure naziotasuna erakusten duten ikurrak. Eta Anoetako festetan, larunbat gauez (ekainaren 21ean, 23:30ean), gerturatu plazara, eta hartu parte ikurrin-dantza herritarrean. Zahar edo gazte, bertako edo kanpoko, ez dago dantzan jakin beharrik ere! Hurbildu eta esan gurekin ozen, gureak ez diren horiek entzun dezaten, gurea ikurrina dela, guk ez dugula besteren trapurik nahi etxean!


Anoetako Bai Euskal Herriari eta Anoetako Gazte Asanblada

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!