Eskualdean abuztuan ospatu diren azken festak izan dira Berrobiko San Agustin jaiak. Hain justu, pasa den ostegunean bota zuten suziria herriko emakume baserritarrek eta lau eguneko festen ostean, igandean agurtu zituzten zahagiardoarekin eta Karena musika taldearen laguntzaz. Aurtengo jaien balorazio bilera egin bitartean, galdetegia prestatu du Berrobiko Udalak, herritarren iritzi desberdinak biltzeko asmoz.
Abuztuko festak amaituta, orain irailekoen txanda da. Izan ere, hilabetea jai giroan hasiko dute hainbat herri eta auzok. Hala, lau herritan ospatuko dituzte jaiak. Esaterako, bihar, Alkizako, Zizurkilgo Elbarrenako eta Lizartzako festetako txupinazoak lehertuko dira, eta ostiralean, Elduaingo jaiei emango zaie hasiera.
Alkizarrek bost egunetan zehar hainbat ekitaldi izango dituzte jaiak giro paregabean igarotzeko. Aurten ere, jai batzordeak osatu duen egitarauari esker, ostegunetik astelehenera bitarte luzatuko dira festak. Aurten, gainera, Oilategitik aldizkariaren ordezkariek botako dute festetako txupina. Izan ere, mende laurdeneko ibilbidea egin du herri aldizkariak, eta urteurren borobila ospatzeko hainbat ekitaldi izango dituzte urte amaiera bitarte; tartean, azaroaren 7tik 21era udaletxeko ganbaran jarriko duten Oilategitik: 25 urte, 25 azal erakusketa eta azaroaren 7an udaletxeko ganbaran izango den 25 urte bertsoz-bertso ekitaldia, 19:00etatik aurrera.
Festetako txupina botatzea «ohorea» dela dio Xabier Artola herri aldizkariko ordezkariak. «Duela 25 urte aldizkariarekin hasi ginenean, gutxik pentsatu genuen mende laurdena iraungo zuenik. Urtean behin argitaratu arren, dezenteko lana eskatzen duen edukia da, baina horrelako keinuek erakusten dute herri honetan badagoela gogoa horrelako lan bat aurrera ateratzeko eta froga horretan dago, 25. urteurrena ospatzera goazela».
Zizurkilgo Herriguneko jaien ostean, Elbarrenakoen txanda izan ohi da. Eta hala egingo dute aurtengoan ere. Bihartik asteartera bitarte ez dute atsedenik izango zizurkildarrek. Egarri tabernari eskainiko dien txupinarekin abiatuko dituzte festak eta ondoren herri afaria izango da. Tartean kuadrilla eguna, gazte eguna eta jubilatuen eguna ospatuko dituzte, baina horrez gainera beste hainbat ekintza ere izango dira. Aipatzekoa da kirolak bere urteroko tartea izango duela, eta azken urteetan bezala, jaien txupinazoa botatzeko bezperan, gaur, XVI. Kross Mistoa jokatuko da, 19:00etatik aurrera. Korrikalariek zirkuituari lau itzuli emango dizkiote, guztira 5 kilometro osatuz. Bertan parte hartu ahalko dute 2011. urtean edo aurrez jaiotakoek. 18:00etan zabalduko dute izena emateko aukera eta doan da. Kros mistoa hasi aurretik, 18:45ak aldera, haurren lasterketa egingo da. Bertan 2012. urtean edo ondoren jaiotakoek parte hartu dezakete, eta ez da izen ematerik egongo.
Lizartzan, erretiroa hartuko duten udal langileek botako dute suziria bihar arratsaldean, eta astelehena arte izango dute zertaz gozatu. Egun horietan izango dituzten ekintzen artean aipatzekoak dira, besteak beste, larunbatean jokatuko diren pilota partidak, sagardo eta pintxo dastaketa eta afari herrikoia, igandean izango den Otsolar dantza taldearen emanaldia, mus txapelketa eta herritarren arteko erronka, edota asteleheneko bertsolarien emanaldia.
Elduainen hasiera berezia izango dute ostiralean, basurdearen jaitsierarekin abiatuko baitituzte aurtengo Andra Mari jaiak. «Aspaldiko tradizioa» berreskuratzea lortu du Elduaingo Udalak. «Ez dakigu garai batean antzeko zerbait egiten zuten, baina udaleko balkoian plazaraino igarotzen den ainguraketa dago», kontatu du Oihana Amundarain alkateak.
Elduaingo Urdelar elkarteari erreferentzia eginez erabaki dute herriko animalia basurdea izatea. «Hemengo elkarteak Urdelar izena du eta garai batean herritar batek txerriz jantzita bota omen zuen txupina, eta beraz, hortik atera da basurdearen ideia», gaineratu du alkateak. Maite Bizkarrondo herritarrak sortu du jaien hasiera iragarriko duen panpina, kartoiarekin eta egunkariarekin egina. Basurdearen jaitsieraren ostean, astelehenera arte hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango da bertan.