Aurten basurdearen jaitsierarekin emango diozue hasiera Elduaingo festei. Lehen aldia da halako zerbait egiten duzuena?
Herriko jaien hasiera iragartzen duen txupinari beste alaitasun bat emateko asmoarekin, beste zerbait gehiago egitea erabaki genuen. Iazko txupinazoarekin batera goxokiak bota genituen eta aurten zerbaiten jaitsiera egin nahi genuen. Ez dakigu lehen aldia den hau egiten dena, baina udaleko balkoian plazaraino igarotzen den ainguraketa dago.
Zergatik basurdea?
Herri bakoitzak animalia edo herria definitzen duen ezaugarri bat du, amezketarren kasuan euliak diren bezala, baina inork ez daki elduaindarrak zer garen. Hemengo elkarteak Urdelar izena du eta garai batean herritar batek txerriz jantzita bota omen zuen txupina, eta beraz, hortik atera da basurdearen ideia.
Nolakoa da basurdea?
Maite Bizkarrondo herritarrak sortu du jaien hasiera iragarriko duen panpina. Basurdea bera den bezala egin du, bere garaian piñata moduko bat egin nahi zuen, sokaren erdian jarriz eta erditik ireki eta goxokiak ateratzea nahi zuen. Buruhandi estiloko urdearen formako panpina egin du, kartoi eta egunkari zatiz osatuta. Hasierako ideia hori zela dakit, baina ez dut informazio gehiagorik.
Egitarauari dagokionez, beste berrikuntzarik duzue?
Urtero erantzun ona izaten duten ekitaldiak izango ditugu. Esaterako, ostiralean egingo den tortilla eta sagardo dastaketak, larunbat goiz eta arratsaldean izango diren umeen jolasak eta puzgarriak eta eguerdian egingo den herri bazkaria edota igandean izango den sardina, Ibarrako Langostino eta txorizo jatea, txakolina eta sagardoarekin. Egunean zehar txarangak eta festa giroa ere izango dugu eta iluntzean ez dute hutsik egingo musika talde ezberdinen kontzertuek eta erromeriek.