Nola hasi zinen bilduma egiten?
Villabonako Santio jaietan izeba baten etxean egiten genuen bazkaria eta halako batean izebaren senarrak Villabonako festetako jai egitarauen bilduma erakutsi zigun. Pilotaria zan, errebotean aritzen zen, Pako Etxenike, eta festetako programak biltzeko ohitura zuen Santio jaietan antolatzen ziren pilota partiden datuak gordetzeko; emaitzak, pilota taldeak, pilotariak eta abar. Bilduma hura erakutsi zigunean gustatu egin zitzaidan eta ni ere urte horretan nire herrikoak biltzen hasi nintzen. 1976. urtea zen, 11 urte nituen, eta gaur arte urtero urtero Elbarrenako jai egitarauak biltzen aritu naiz.
Non biltzen dituzu?
Plastikoak dituen eraztun-karpeta bat erosi nuen, eta egitarau bakoitza plastiko batean gordetzen dut. Txukun ordenatuta dauzkat, bakoitzaren urtea zehaztuz.
1976az geroztik ez duzu hutsik egin, guztira 49 programa bilduz.
Urteren batean karpetan gordetzea ahaztu zait, baina etxean izaten genuenez nonbait gordeta geratzen zen beti. Batzuk zikinduta daude, etxekoek ere behin eta berriz ikusten zituztelako. Baina, urte batetik aurrera bi programa gordetzen hasi nintzen, bat etxekoek erabiltzeko eta bestea bildumarako.
Hala ere, pandemia garaian –2020 eta 2021 urteetan– ez zirenez festak ospatu, jaietako programak ez ziren egon eta, horren ordez, urte horietan udalak antolatu zuen irail kulturaleko programak gehitu ditut.
1976. urtea berezia duzu.
Kasualitatea da Franko 1975. urtean hil zela eta trantsizio garaitik aurrera hasi nintzen bilduma egiten. 1977ko azala, gainera, ikurrina legalizatu zutenekoa da eta azalak ikurrinari egiten dio omenaldia. Azal hori Patxi Otaegi Arripitxik diseinatu zuen eta hor aipatzekoa da 80. hamarkadako azal guztiak berak egin zituela eta horiei guztiei zigilu pertsonala jartzen zien.
Azal kuttunik duzu?
Nik egindakoa. Izan ere, 24 ale nituela konturatu nintzenean, Zizurkilgo festa batzordeko kide bati urte horretako 25. azala egiteko proposamena egin nion, hau da, 2000. urtekoa. Eta hala egin nuen. Jendeak orduan jakin zuen jai egitarauen bilduma egiten nuela eta ezagun askok horiek bildumarako gordetzen zizkidaten. Urte batean Iker Urruzola orduko alkatea nirekin harremanetan jarri zen eta bilduma udalaren webgunean digitalizatzeko proposamena egin zidan. Geroztik hor daude herritar guztien eskura.
Horrez gain, 1981eko azala oso polita iruditzen zait, Joxe Arregiren omenez egindakoa. 1997 urteko azala ere asko gustatzen zait, urte horretan azal diseinu berdina zuten kamisetak egin zituztelako herritarrentzat eta urte horretako festa guztiak kamiseta horrekin igaro genituen. 1985ekoa ere berezia da, urte horretan soldaduskan nintzelako eta seguru urte horretan baten batek egitaraua gorde zidala.
Azal guztiek dute zeresana?
Bai, azal gehienak omenaldiak dira. Horietako batzuk, adibidez, ikurrinari, Ramon Aranzateri edo Joxe Arregiri egiten die omenaldia, eta azken urteetako gehienak Zizurkilgo melokotoiari eskainiak dira.
Barruko diseinuak ere desberdinak izango dira, ezta?
Bai. Azken urteetako programak, bereziki, argazkiz eta kolorez apainduta daude, eta lehen urteetako programen diseinuak sinpleagoak ziren, egitaraua jarrita eta listo.
Barruko edukiari erreparatuta, zure ustetan Zizurkilgo jaiek bilakaera izan dute?
Handia. Garai batean asto karrera edota zezenak bezalako ekitaldiak izaten ziren herrian. Gaur egun, ordea, ez da halakorik egiten. Baina, horrez gain musika alorrari erreparatuta ere nabari da aldaketa. Garai haietan gaur egun entzuten ez den beste musika talde batzuk izaten genituen festetan. Hori dena jada galdu egin da.
Erakusketa bat egiteko nahi adina ale badituzu, ez?
Bai, bilduma hau ez da 10 urteko lana, 50 urtekoa baizik eta badu bere indarra. Baina tira, ez dut hori egiteko asmorik.
Baina bildumari jarraipena ematekoa bai, ezta?
Noski, datorren urteko 50. azala egiteko asmoa baitut.
