Alkizako jaiak 2025

«Gazte jendea beharrezkoa da horrelako lana aurrera ateratzeko»

Leyre Carrasco 2025eko irailaren 3a

Mende laurdeneko ibilbidea egin du Alkizako 'Oilategitik' herri aldizkariak, eta hain justu, bertako ordezkariek botako dute aurtengo festetako txupina bihar. Herritarrek bertan egiten duten lana balioan jarri du Xabier Artola aldizkariko ordezkariak.

Nola hartu zenuen aurtengo Alkizako jaietako txupina botatzeko berria?

Pozik hartu genuen horren berri eta guretzako ohorea da herriari hitz batzuk esateko aukera izatea. 

Mende laurdena bete duzue. Nola borobiltzen dituzu urte hauek?

Duela 25 urte aldizkariarekin hasi ginenean, gutxik pentsatu genuen urte guzti hauek iraungo genituenik. Urtean behin argitaratu arren, dezenteko lana eskatzen duen edukia da. Batzuetan jendearen atzetik ibili behar izaten dugu artikuluak edo ekarpenak egin ditzan, baina horrelako keinuek erakusten dute herri honetan badagoela gogoa horrelako lan bat aurrera ateratzeko eta froga horretan dago, 25. urteurrena ospatzera goazela.

Zenbat herritarrek egiten duzue lan horretan?

Hamar lagun inguru gabiltza. Bakoitzak bere alea jartzen du; batzuek artikuluak idazten, beste batzuek argazkiak egiten eta beste gutxi batzuek jendearen atzetik ibiltzen. Denetarako behar da laguntza.

Aldizkariak izango du jarraipena, ezta?

Bai, beti izan dugu honekin jarraitzeko asmoa. Hasieran bai ematen zuen zaila pentsatzea duela 25 urte egoera honetan egongo ginenik, baina aurrera atera da eta hemendik etorkizunera begira ere segida behar duela uste dugu, horrelako gauza guztiak bezala. Horretarako gazte jendeari begiratzen diogu, ea parte hartzeko prestutasuna erakusten duten. Askok parte hartzen dute baina egia da gazte jendea beharrezkoa dela horrelako lan bat aurrera ateratzeko.

Erlazionatuak

Festak ez du etenik

Leyre Carrasco 2025 ira 03 Tolosaldea

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!