Egun osoko jaia prestatu dute Irungo herritarrek 23. Korrikari hasiera emateko. 11:00ak aldera Gazte Korrika izango da eta goiz osoan hainbat ekimenek alaituko dute eguna: Muxikoak (Almudena Grandes plazan), bertso triki-poteoa eta artisau-azoka, besteak beste.
Ondoren, 15:30ak aldera, 23. Korrikaren hasiera-ekitaldia izango da, San Juan plazan instalatuko den oholtzan. Bertan, AEKren hainbat eledunek hastapena emango diote lasterketa erraldoiari, Maddi Sanz arpa-joleak eta Koldo eta Xabi Sorzabalbere txalapartariak lagundurik.
Behin mezua lekuko barruan sartuta, 16:00etan abiatuko da Korrika. Lehen kilometroa Bidasoko AEK euskaltegiko 11 irakaslek egingo dute. Euskaltegiko zuzendari Beñat Alzagaren esanetan, «lehen kilometro horrek islatuko du, alde batetik, euskaraz bizitzeko kemena; bestetik, Korrikak hauspo izan nahi duela Irunen euskalduntze-lanak tinko aurrera egiteko».
Lehendabiziko gauaren bila Korrikak Lapurdin barrena segitzen duen bitartean, Irunen jaiak segituko du, kontzertu eta ekitaldi anitz (denak Mosku plazaren inguruan): Burrunba elektrotxaranga tabernetatik, eta Esne Beltzaren zein Bad Sound-en kontzertuak agertokian. Horrez gain, bi txosna ere egongo dira edariez horniturik eta beste bat jatekoez, Moskun bertan, 12:30etik gauerdira arte.
Irun, Korrikaren alde
Irun izango da, beraz, ostegun honetako protagonista nagusia, bertako AEK euskaltegiak eta herriko eragileek egindako lanari esker. Hilabeteetako ahalegina izan da, auzolan erraldoia, elkarlan handia burututa, eta martxoaren 14rako hiria prest izango da 23. Korrikaren hasierara etorriko den herritar andanari behar bezalako harrera egiteko. Maddi Sanz hasiera-jaiaren koordinatzailearen esanetan, «Korrikak aukera eman digu Herriko euskaldun eta euskaltzale guztiok topo egin dezagun, eta guk euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatu nahi dugu. Irun euskaldun eta horregatik harroa ezagutzera gonbidatu nahi dugu Euskal Herri osoa».
Tolosaldea
Eskualdeari dagokionez, martxoaren 23an zeharkatuko du Korrikak Tolosaldea. Ikaztegietatik sartuko da 12:48ean eta Adunatik aterako da 15:50ean; guztira 29 kilometro izango dira. Ataria-k jarraipena egingo dio Korrikari, eta eskualdean uzten dituen irudi eta istorio guztiak bilduko ditu martxoaren 23an bertan. Bezperan, martxoaren 22an, astekari berezia argitaratuko du gainera. Eta hori gutxi ez eta Atariak Asegurogintzaren laguntzarekin, Korrikaren inguruan marrazki sariketa antolatu du. Bertan, Tolosaldean bizi den 13 urte edo gutxiagoko edozein gaztetxok har dezake parte, Atarikide izan edo ez izan.
Era berean, eta azken urteetako ohiturari jarraituz, ATARIA-ren lekukoa harpidedun batek eramango du. ATARIA-ren lekukoak, Tolosako kaleetan barrena izango ditu bere metroak, eta lekukoa eraman nahi duenak antolatu dugun zozketan parte hartu baino ez du egin beharko. Lekukoa Tolosan, martxoaren 23an, 14:00ak aldera eramango da.