Martxoaren 23an iritsiko da Korrika eskualdera

Ataria 2024ko urt. 16a, 07:58

Ikaztegietatik sartuko da 12:48ean eta Adunatik aterako da 15:50ean; guztira 29 kilometro izango dira eta datozen asteetan kilometroak erreserbatzeko aukera izango da Tolosaldeko AEK-n.

Tantaka-tantaka ematen du AEK-k Korrikaren berri. Azaroaren 17an aurkeztu zuen martxoaren 14tik 24ra egingo den 23. edizioa. Abenduaren erdialdera, berriz, Korrikaren lelo bera eramango duen Harro Herri abestia eta bideoklipa eman zituen ezagutzera, eta urtea bukatzerako, kultur sorkuntzarako bekaren emaitza den Badon ikuskizuna estreinatu zuen. Joan den ostegunean argitu zuen AEK-k Euskal Herrian zehar Korrikak egingo dituen 2.700 kilometroen nondik norakoa.

Aurretik ere jakina zen Irunen hasi eta Baionan bukatuko dela aurtengo ibilbidea, baina egunez egun zeharkatuko dituen parajeen inguruko xehetasunak eman dituzte orain. Euskararen aldeko lasterketa erraldoia, martxoaren 23an izango da Tolosaldean. Eguerdi aldera sartuko da Ikaztegietatik, eta eskualdeko herri, auzo eta kaleetan hiru bat orduko bidea egin ondoren, Andoaingo euskaltzaleen esku utziko dute lekukoa Tolosaldeko herritarrek.

Aurten ere Korrikak izango du mugikorrentzat aplikazioa. Lasterketaren martxa zuzenean jarraitzeko aukera emango dute bertan: «Furgonetaren geolokalizazioaren bidez, korrikalariek jakingo dute Korrika aurreratuta ala atzeratuta datorren; hots, aplikazioaren erabiltzaileek une oro egiaztatu ahal izango dute nondik dabilen lasterketa». Aplikazioak, gainera, Korrika Laguntzaileen txartela izango du txertatuta, eta besteak beste, astero laguntzaileen artean egingo dituzten zozketak erakutsiko dituzte bertan.

Euskararen aldeko lasterketa laguntzeko modua dute euskaltzaleek Korrika Laguntzaile eginda, baina modu askotara babestu daiteke ekimena: antolakuntzan parte hartuz, lasterketaren berri eman eta haren ospea hedatuz, kilometroa erosiz edo asteotan antolatuko diren kultur ekimenetara joanez. Badon ikuskizunaren emanaldi bat dago aurreikusita, adibidez, martxoaren 16an Tolosan.

HARROTASUNEZ EUSKALDUN

Korrika Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekimen erraldoia da. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu. Lekukoa eskuz esku eta kilometroz kilometro eramaten dute korrikalariek; lekuko horren barruan doan mezua sekretupean egongo da Baionara iritsi arte. Dena den, aurtengoari begiratuta, eta Harro Herri leloarekin lotuta, konplexuak gainetik kentzeko deia egin nahi izan dute antolatzaileek: «Euskaraz jakin zein ez, har dezagun dimentsio orotan eragiteko konpromisoa, herria batuta. Mugi dezagun euskararen herria, ingurua mugiarazi arte. Elkarrekin nahi ditugu pausoak egin, espazio berriak irabazi eta, hitzez zein ekintzez, aldarri egin».

Edizio bakoitzean omendu bat aukeratzen du AEK-k. Aurten, Azterketak Euskaraz kolektiboa hartuko dute aintzakotzat, baxoa eta brebeta euskaraz egiteko borrokan aritu diren eta gaur egun ari diren ikasleen kolektiboa. «Euskara da haien aldarria, Korrikarena bezalaxe; beren ikasketen une erabakigarri batean, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeko hautua egiten dute, Frantziako gobernuaren aginduen gainetik eta beren notetan ondorioztatu kalteak onarturik», esan dute.

Bi urterik behin Euskal Herriko jendartea mugiarazten duen gertakaria da Korrika. Bertan parte hartzen duen jende kopuruak edizioz edizio gora egiten du eta milaka lagun aritzen dira herriz herri eta auzoz auzo eratutako batzordeetan. Aurten ere izango da horretarako okasioa, eta beraz, tantaka-tantaka, martxoaren 23a baino lehen geure ekarpena egiteko deia luzatu du eskualdeko AEK-k.

23. KORRIKAREN IBILBIDEA TOLOSALDEAN

  • 2.430tik 2.432ra- Ikaztegieta 12:48
  • 2.433tik 2.439ra- Alegia 13:08
  • 2.440tik 2.442ra- Tolosa 13:53
  • 2.443 eta 2.444- Ibarra 14:13
  • 2.445tik 2.447ra- Tolosa 14:32
  • 2.448tik eta 2.449ra- Anoeta 14:45
  • 2.450- Irura 14:58
  • 2451tik 2454ra- Amasa-Villabona 15:05
  • 2455 eta 2456- Zizurkil 15:31
  • 2457tik eta 2458ra- Aduna 15:44

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!