Eskualdeko demografia  datuak, herriz herri

Ataria 2022ko aza. 29a, 08:00

Tolosaldeko eta herriz herriko jaiotza, heriotza eta migrazio datuak bildu ditu Ataria-k; eskualdean 2001tik 2021era %13an egin du gora biztanleriak.

EITB taldeak eta Tokikom tokiko komunikabideen sareak sinatutako Saretzen lankidetza akordioari esker, eskualdeko herriz herriko 2001 eta 2021 urteen arteko demografia datuak argitaratuko ditu Tolosaldeko Ataria-k gaur. Demografiak herrietako jaiotze eta hilkortasun tasak, eta migrazioa hartzen ditu kontuan, eta herriz herriko datu horiek bildu ditu Ataria-k akordio horri esker. 

Ataria.eus webgunean daude datu guztiak Demografia atalean, eta horrekin batera datozen bi egunkarietan datuei erreparatuta nabarmendu beharreko hainbat herritako adibideak jasoko ditu. 

Biztanleria
Tolosaldeko datu orokorrari erreparatuta azken 20 urteetan (2001-2021) eskualdeko biztanleria %13an igo dela ikusi daiteke. 2001ean 42.544 biztanle zituen eta 2021ean berriz, 48.058. Tolosaldeko herri bakoitza aztertzen hasita berriz, ia herri guztietan igo da biztanleria, nahiz eta handienek gorabehera batzuk izan dituzten. 

Hogeita zortzi herrietatik 26tan igo da eta bik berriz, biztanle gutxiago dituzte: Amezketak 23 eta Belauntzak 11 gutxiago. Ehunekoa kontuan hartuta berriz, ondorengo bost herriak dira gehien igo direnak: Irura %215; Baliarrain %176; Orendain %158; Larraul %148; eta Aduna %142. 

Jaiotzak eta heriotzak
Tolosaldeko jaiotza eta heriotza datuak aztertuta ikusi daiteke, 2001etik 2016ra jaiotza gehiago izan zirela heriotzak baino. 2017an berriz, jaiotza eta heriotzak parekatu ziren, eta hortik aurrera heriotzak gehiago dira, azken bi urteetan gainera, alde hori nabarmendu delarik. 

Herriz herriko datuei buruz, esan daiteke eskualdeko hogeita zortzi herrietatik zazpitan ez dutela eskualdeko joera orokorra jarraitzen, izan ere, 2021ean, herri horietan, jaiotza gehiago izan ziren heriotzak baino. Hauek dira herri horiek: Anoeta –26 jaiotza eta 13 heriotza–, Irura –16 jaiotza eta 7 heriotza–, Aduna –4 jaiotza eta heriotzarik ez–, Albiztur –3 jaiotza eta heriotza bat–, Belauntza –2 jaiotza eta heriotza bat–, Bidania-Goiatz –4 jaiotza eta 3 heriotza–, Ikaztegieta –4 jaiotza eta 3 heriotza– eta Orendain –2 jaiotza eta 1 heriotza–.

Adin tarteak
Biztanleriaren adin tarteari erreparatu dio Ataria-k era berean, eta horretarako hiru zatitan banatu dira herritarrak; 20 urtez azpikoak, 60tik gorakoak eta tartekoak. Horiek horrela, eskualdeko biztanleria iaz, horrela banatzen zen: 20-59 urte artekoak dira biztanleriaren zatirik handiena, erdia pasatxo (%51); ondoren, 60 urtetik gorakoak (%29); eta azkenik, 20 urtez azpikoak (%21). 

Datu horiek herrietara jaitsiz gero, herrietako joera ere, eskualdekoaren berdina dela ondorioztatu daiteke ia herri guztietan. Hala ere, badira zazpi, 20 urtez azpikoak 60tik gorakoak baino gehiago dituztenak: Aduna, Alkiza, Baliarrain, Irura, Larraul, Orexa eta Orendain. Herri gazteenak Baliarrain, Aduna, Irura eta Aduna dira. Herri zaharrenak aldiz, Hernialde, Ibarra eta Belauntza dira.

Mugimenduak
Era berean, eskualdeko herrietan azken 20 urteetan izan diren biztanleriaren mugimenduak ikusi daitezke, inmigrazioak eta emigrazioak kontuan hartuta. Tolosaldeak izandako emigrazio eta inmigrazio kasuak aztertuta, 2021. urtean eskualdeak ez zuela aldaketa handirik jasan ikus daiteke. Eskualdetik joan zirenak 2.132 herritar izan ziren eta aldiz, etorri zirenak, 2.400 herritar; beraz, ondoriozta daiteke, beste herrialdeetatik ia 300 herritar berri jaso dituela eskualdeak.

Konparaketa interaktiboa
Datuak ezinbestekoak dira herrien bilakaera ikusteko, baina irudiak ere garrantzitsuak dira, eta hori dela eta Ataria.eus webgunean Tolosaldeko 28 herrietako herriguneek hirigintza aldetik izan duten aldaketak ikusi daitezke.  Konparaketa interaktiboa egiteko webgunean dauden argazkietako borobiltxoak ezker eta eskuin mugitu behar dira, eta horrela herriek 2001. urtean zuten eta 2021. urtean duten itxura konparatu ahal izango da. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!