Saretzen proiektua jarri dute abian EITBk eta Tokikomek

Tolosaldeko Ataria 2022ko aza. 28a, 12:11
Tokikomeko Alaitz Artolazabal zuzendari nagusia eta Iban Arantzabal presidentea, EITBko Isabel Octavio Estrategia eta Komunikazio Korporatiboko zuzendari eta Arantza Ruiz albistegietako buruarekin, hitzarmena sinatzen.

EITBk eta Tokikom tokiko komunikabideen sareak sinatutako lankidetza akordioaren emaitza da Saretzen. Egitasmoaren helburua da datu kazetaritza elkarrekin lantzea, BBCren Local News Partnership ereduari jarraituz. Bihar kaleratuko du Tolosaldeko Ataria-k elkarlan horren lehen emaitza.

EITBk eta Tokikom tokiko komunikabideen sareak Saretzen proiektua jarri dute abian, elkarrekin datu kazetaritza jorratu eta datuok modu bateratuan kudeatu eta ustiatzeko. Egitasmoaren helburua da datu kazetaritza elkarrekin eta elkarlanean lantzea, BBCren eta Erresuma Batuko dozenaka tokiko hedabideren Local News Partnership ereduari jarraituz. 


Bihar kaleratuko da elkarlan honen lehen emaitza EITBren eta Tokikomeko medioetan, eta Tolosaldeko Ataria-k eskualdeari dagozkion datuak eskainiko ditu. Hego Euskal Herriko demografia aztertuko dute, eta gai zehatz hori landuko dute bai EITBko eta bai TOKIKOMeko medioek, nork bere esparruari, ezaugarriei eta eremuari egokituta.

Zehazki, 2001-2021 urte bitarteko Hego Euskal Herriko demografia datuak landuko dituzte, Eustat eta Nastat iturri hartuta. Azken 20 urteotako populazioaren bilakaera aztertzeaz gain, gizartearen erradiografia egingo dute, biztanle kopuruari, zaharkitzen doan gizarteari eta jaiotza-tasari erreparatuta. Eskualdez eskualde emandako fenomenoetan jarriko dute arreta, eta udalerriak ere aztergai izango dituzte, datuak eskualde, hiri zein herrietako errealitateetatik aztertuta. Hain juxtu ere, hori izango da Saretzen proiektuaren ezaugarri nagusia: datuak modu bateratuan bildu ondoren, horien lanketa zehatza hedabide bakoitzaren esparrura egokituko da.

Lankidetza-hitzarmena, elkarlan eredua lantzeko
EITBk eta Tokikomek sinatutako lankidetza akordioaren emaitza da Saretzen, eta aliantza horri jarraituz, asmoa da aurrerantzean beste hainbat gai ere elkarlanean lantzea.

Hain zuzen ere, euskal esparru komunikatiboa garatzea eta trinkotzea da sinatutako  hitzarmenaren xedea, biztanleriaren informazio beharrizanak asetzeko eta, bide horretan, tokiko eta nazio esparruko komunikabideen arteko elkarlan eredu bat lantzeko.

Euskaraz sortutako kalitatezko eduki lehiakorrekin Euskal Herriko agendan eragitea ere helburutzat jo du akordioak eta, horri lotuta, eraginkorrak izateko aldaketa teknologikoak eskaintzen dituen aukerak aztertzea eta baliatzea, besteak beste, honako alorretan: formazioa, Internet bidezko telebista, datu kazetaritzaren lanketa eta dataren ustiapen egokia eta bateratua… 
Etorkizuneko ikus-entzunezko ereduaren inguruko hausnarketaren erronka ere jasotzen du EITBren eta Tokikom sarearen arteko hitzarmen berriak.

Tokikom euskarazko 76 toki komunikabidek osatutako sarea da eta tartean da Tolosaldeko Ataria ere. 2012an sortu zen eta ondoko zeregin hauek ditu: toki komunikabideen solaskidetza bateratua beste eragile publiko zein pribatuen aurrean; jarduera esparru komunen kudeaketa: publizitatea, presentzia digitala, kudeaketa, erosketak...; eta sektorearen garapena eta hedapena errazteko konbergentzia estrategiak diseinatzea. Gaur egun, 28 bazkide ditu, orotara 76 komunikabide kudeatzen dituztenak, euskarri guztietan: papera, irratia, telebista eta digitala.

EITB hedabideak dituen ikus-entzunezko talde publikoa da Euskadin. Zerbitzu publiko honen helburua da euskal gizartearen eskaerei erantzutea, informazio, dibulgazio eta entretenimenduko ikus-entzunezko eskaintza anitz, erakargarri eta kalitatezkoarekin, euskal kultura eta hizkuntza sustatuz eta egungo ikus-entzunezko ekosisteman euskara normalizatzen, erabiltzen eta hedatzen lagunduz.

Local News Partnership egitasmoa

2021eko azaroan Komunitatea Josten jardunaldiak antolatu zituen Tokikomek, Tokikom sari banaketari lotuta, eta hainbat kasu praktiko aurkeztu zituzten bertan, tartean orain oinarri bezala hartutako Local News Partnership proiektua. BBCren eta Erresuma Batuko dozenaka tokiko hedabideren artean osatutako proiektua da Local News Partnership, Matthew Barraclough egitasmoaren zuzendariak jardunaldiotan azaldu zuenez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!