Otsailaren hasieran egin zuten deialdia Mintzola Ahozko Lantegiak eta Kilometroak-ek, Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolaren eta Zizurkilgo Hernandorena kultur elkartearen babesarekin. Deialdiaren helburua Aiztondo bailarako ahozko ondarearen bilketa, ikerketa eta haren dibulgazioa izan dira.
Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak aurkeztutako proiektua izan da irabazlea. 3.000 euroko ordainsaria eskuratu du ikertzaile taldeak lana urtebeteko epean garatzeko.
Aiztondo bailaran izan den zirto tradizioa biltzen eta ikertzen ari dira, eta ondoren haren aplikazioa proposatuko dute, Aiztondoko ikastetxeetan landu dadin.
Atzoko aurkezpenean izan ziren Harituz taldeko Beñat Iguaran, Haritz Mujika, Imanol Artola, Mikel Artola, Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal, zein Nekane Artola Kilometroak kultur elkarteko lehendakaria, Mintzola Ahozko Lantegiako Miren Artetxe, Nerea Zumeaga Zubimusu kastolako zuzendari-gerentea eta Hernandorena kultur elkarteko Joxin Azkue.
Harituz Tolosaldeko bertsozaleen elkarguneko kideek Aiztondoko zirto tradizioak ahozko literaturaren baitan duen garrantzia azaldu eta egindako zirto bilketa baliatuz, bertsolaritzaren ikas-irakaskuntzan lekua beteko duen aplikazio didaktikoaren berri eman zuten. Emanaldiaren barruan, bildutako zirtoak performatu zituzten eta paraleloki, sortutako aplikazio didaktikoaren azalpen praktikoak erakutsi. Hemen atzoko aurkezpenaren kronika.
Zirtoari buruzko azalpen akademikoa eta bat-bateko bertso jarduna uztartuz eman zen bukatutzat atzoko aurkezpena. Behin beka aurkezteko lanak amaituta, bertso saioa egin zen Zizurkilen bertan, Intxaur frontoian. Amaia Agirreren gidaritzapean aritu ziren Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Ohiana Iguaran, Haritz Mujika eta Anjel Mari Peñagarikano.