Mintzola Ahozko Lantegiak eta Kilometroak elkarteak egin zuten beka deialdia, Zubimusu ikastolaren eta Hernandorena kultur elkartearen babesarekin. Deialdiaren helburua Aiztondo bailarako ahozko ondarea biltzea, ikertzea eta dibulgatzea zen, eta, epaimahaiko kideen esanetan, Harituz elkarguneko kideek aurkeztutako proposamenak bete-betean egiten du bat bekaren helburuarekin. 3.000 euroko ordainsaria eskuratu du ikertzaile taldeak lana urtebeteko epean garatzeko.
Harituz elkarguneko kide eta proiektuko parte hartzailea da Mikel Artola (Alegia, 1989), eta hezkuntzan ahozkotasunaren lanketan sumatu izan den hutsuneaz hitz egin du: “Proiektu honek ez du inolaz ere hutsune horri bere osotasunean erantzuteko asmorik, baina saiakera polita izan daiteke ikasleek hizkuntzaren zaporea dastatu eta modu jolastian erabiltzeko”. Azken hilabeteetan, Bertsozale Elkartea gogoeta egiten ari da bertsolaritzaren didaktikari begira, eta berrikuntza prozesu horren bultzatzaileetako bat da Harituz. “Bertsotan ikasteko etapak finkatzen ari gara, ikas-prozesua mailakatzen, eta iruditzen zaigu badagoela tarte bat non esaldi errimatuak egiten ikas dezakeen ikasleak, doinua sartu aurretik, zirtoaren mekanismoa ikasita”, esan du Artolak.
Oraingoz ez da zirtoaren aplikazio didaktikorik argitaratu, nahiz eta Harituz-ek antolatutako bertso eskoletan inoiz erabili izan duen Unai Mendizabalek (Zizurkil, 1992), bertan irakasle aritu denean: “Bertsotan egiteko ezinbestekoa da errimatzen eta oinaren araberako esaldiak egiten jakitea. Horretarako, ordea, oinaren arabera esaldia moldatzen jakin behar da, ohiko esateko moduak bihurrituz eta hizkuntza bere mugetara eramanez. Zirtoak errimaren nozio hori hartzen laguntzen die ikasleei, eta, probatu izan dudanetan, funtzionatu du”.
Zirtoa, ahozko genero
Lazkao Txikiren puntua gogoratu du Artolak: Hainbeste lotsagabe badago munduan / Zu bakarrik zinala uste al zenduan?. “Puntu hori kantatua da, zirtoa baino gehiago da, baina aldi berean, bere horretan, zirtoa ere bada. Gure proposamen didaktikoan mailaketa hori egiten dugu. Aurrena zirtoa dago, esaldi errimatua. Behin hori menperatuta, pauso bat eman, doinua jarri, eta neurrian sartu behar da esaldi errimatua; hori puntua litzateke. Bi oinekin egiten duzuna kopla litzateke, eta bertsoa, laurekin edo gehiagorekin egiten dena, bukaera bat pentsatuta. Progresio hori irudikatu nahi dugu”.
Zirtoa ahozko literaturaren barnean kokatu izan dute adituek. Xabier Payak Ahozko euskal literaturaren antologia (2013) liburuan zirtoa, ateraldia edo ditxoa esaldi edo erantzun “barregarri” bezala hartzen du, edozein elkarrizketatan bat-batean erabiltzen dena. Xabier Amurizak, berriz, Hitzaren kirol nazionala (1982) liburuan generoen sailkapen bat dakar —esaera, ditxoa, kopla, bertsoa—, eta garapen eran ulertzen du genero txikienetik bertsolaritzara iristeko bidea.
Tradizioaren transmisioa
Horixe da txakurtxo polita. Zer izen du? Pitxita. Eta putzik egiten al du ipurdia itxita? Pernando Amezketarraren zirto ezaguna da. “Askok ez dugu bere bertsorik ezagutuko, baina bai haren pasadizo xelebrea”, nabarmendu du Artolak. Nonbait jaso bada, bertsolarien inguruko bildumetan jaso da zirtoaren tradizioa. Bertso, txiste edo gisako pasadizoekin batera ageri dira: “Ez da bere horretan genero berezitu gisa jaso, beste genero batzuekin batera baizik. Gure helburua horixe da: Aiztondon zirtoak ahozko genero beregain gisa izan duen tradizioa biltzea eta bere barruan esanguratsua izango den bilduma bat egitea. Hala, orain arte sakabanatua eta itzalean agertu izan den ahozko genero honen balioa aldarrikatu nahi da, eta bere kasa ikergai esanguratsua izan daitekeela aitortu”.
Aiztondoren kasuan, Auspoa bildumako zenbait liburutan sakabanatuta agertzen da zirto tradizioa. Teodoro Mujikaren Errekaldeko intxaurraren itzala (1966) edo Antonio Zabalaren Pello Errotaren itzala (1965) dira esanguratsuenak: “Bada nabarmentzen den beste ezaugarri bat: ez dira bertsolaritzaren historian leku berezia duten bertsolariak soilik agertzen bildumetan, bazterrerago egon izan diren izenak ere protagonista bihurtzen dira. Tartean da, esate baterako, Sabina Elizegi, bere zirtolari izaeragatik ezagutu duguna, bertsolari izaeragatik baino gehiago”, dio Mendizabalek.
Aiztondoko zirto tradizioa bertako bertsolaritzako ikasleei era sortzailean transmititu nahi diete Harituz-eko kideek. “Garai batean egon zirenak kontatu, eta aldi berean bertsotarako baliabide gisa erabili nahi dugu, ikasleek ere ikas dezaten zirtoa egiten”, azpimarratu du Artolak. Bilketa lanak udan egingo dituzte, eta ikasturtea abiatu aurretik prestatuko dute aplikazio didaktikoa. Irailetik aurrera, Harituz-en bertso eskoletako ikasleek probaldia egingo dute, eta ondorioak jaso eta lana aurkeztuko dute hemendik urtebetera.