«Zailtasunei aurre egin diegu eta ez gara etxean gelditu»

Jon Miranda Labaien 2020ko urr. 2a, 07:57

Gipuzkoako Ikastolen Elkartean Kilometroak jaia antolatzeko ardura hiru aldiz eskatu ondoren, laugarrengoan jaso zuen baietza Zubimusu ikastolak. Tolosaldean, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo ikastola zen, orain arte, jaia antolatu ez zuen bakarra. Elkarren hizketan jarri ditu Tolosaldeko Ataria-ak Nerea Zumeaga ikastolako zuzendari-kudeatzailea eta Gaizka Ezeiza aurten Kilometroak ekimenaren koordinatzaile izan dena. Urte aldrebes hau zein gorputzaldirekin amaituko duten azaldu dute, lehenik eta behin.

2020ko urriaren 4a

Gipuzkoako Ikastolen Elkartean Kilometroak jaia antolatzeko ardura hiru aldiz eskatu ondoren, laugarrengoan jaso zuen baietza Zubimusu ikastolak. Tolosaldean, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo ikastola zen, orain arte, jaia antolatu ez zuen bakarra. Elkarren hizketan jarri ditu TOLOSALDEKO ATARIA-ak Nerea Zumeaga ikastolako zuzendari-kudeatzailea eta Gaizka Ezeiza aurten Kilometroak ekimenaren koordinatzaile izan dena. Urte aldrebes hau zein gorputzaldirekin amaituko duten azaldu dute, lehenik eta behin.

Nerea Zumeaga: Sentsazioa gazi-gozoa da. Hainbeste urte itxaroten egon ondoren, lehenengo aldia zen Kilometroak jaia antolatzeko ardura genuela. Pena dugu, alde batetik, urtea ez delako izan guk aurreikusten genuena. Gauza asko moldatu behar izan ditugu. Bestetik, poza ere sentitzen dugu, komunitateak erakutsi duen lanagatik. Irakasleek eta familiek erakutsitako inplikazioa handia izan da. Auzolana egon da eta horri berebiziko garrantzia ematen diogu. Gure helburua bazen ikastolen eredu parte hartzaile hori bultzatzea, auzolana indartzea. Alde horretatik gustura gaude.

Gaizka Ezeiza: Kontuan hartu behar da aurkezpen ekitaldia egin genuenetik martxoa bitartean ekitaldi ezberdinak egin genituela. Gero konfinamendua etorri zen, eta itxialdia. Harrezkeroztik guztion bizimodua izugarri aldatu da. Guri zuzenean eragin digu horrek, bai batzordeetan eta baita dinamika osoan ere. Hala ere, jendearen prestutasunarekin eta laguntzarekin, aurrera atera gara.

N. Z.: Egia da, urtebetez Kilometroak jaia atzeratzeko aukera mahai gainean egon zela. Martxoan bilera asko egin genituen horri buruz eztabaidatzeko, telematikoki. Hala ere ziurgabetasun handia antzematen genuen, 2020-2021 ikasturteari begira. «Normaltasun berri» horrek zalantza asko sortzen zizkigun eta urtebete atzeratuta ere, ez genekien berme nahikorik izango ote genuen jaia behar bezala ospatzeko. Bestalde, Kilometroak eredua auzolanean oinarritzen da eta beste urte oso batean familia eta langileei esfortzu hori eskatzea arriskutsu xamarra iruditzen zitzaigun. Momentuan aurtengoari eusteko erabakia hartu genuen eta gaurko ikuspegitik begiratuta erabaki zuzena izan zela esango nuke.

G. E.: Eta urtea aldrebesa gertatu arren, utzi du bere lorratza. Koordinatzaile bezala ikusi dut ikastolan badagoela indarra gure artean elkartu eta gauzak antolatzeko. Bailaran ere egin dira gauzak, Kilometroak Txikia, esate baterako, eta eskualdeko eragileekin ere elkarlanean aritu gara. Gure gertuko komunitateari zerbait utzi behar geniola iruditzen zitzaigun eta lortu dugula uste dut. Ez da guk nahi genukeen urtea, baina eduki dugun egoerarekin eta eduki ditugun aukerekin harro egoteko moduan gaude.

N. Z.: Bat nator zurekin, Gaizka. Horrela dinamika batek lortzen duena da elkarrekin ditugun harremanak sendotzea. Gurea herri txikia da, baina ia ezagutzen ez duzun pertsona batekin batzorde batean aritzea tokatzen zaizunean, nahitaez harekin dituzun harremanak sendotu egiten dituzu. Komunitatea trinkotu egiten da. Gure beste erronka ikastola bailarara ateratzea izan da, ezagutaraztea eta gure baloreak zabaltzea. Ez dugu egin guk nahi adina, baina arrasto txiki bat utzi dugula uste dut.

G. E.: Hain justu, Kilometroetako eredu berriaren alde indartsua hori da eta horren emaitza da Milimetroak. Azken batean, hemen Tolosaldean, bost kilometrotara dauzkagun beste ikastolekin lotura egitea lortu dugu eta baita Oarsoaldeko ikastolekin ere. Egitarauak itxita geneuzkan eta aurten erabat gauzatzea lortu ez dugun arren, etorkizuneko Kilometroei begira iruditzen zait garrantzitsua dela harremanak mantentzea eta ekimen hauei eustea. Kilometroak ez da ikastola antolatzailearena bakarrik eta eredu berriarekin ikusi dugu elkartasuna nola joan den mamitzen, horretarako beharra ere badagoelako. Elkarrekin aritzeak indartsu egiten gaitu.

N. Z.: Elkarlan hori eta elkartasun hori, ez da bakarrik Milimetroak ekimenera mugatu, arropa salmentara eta Tanta txarteletara zabaldu da. Gipuzkoako ikastolek elkarrekin duten harremana agerian geratu da, ez bakarrik pedagogikoki edo hezkuntza proiektu gisa, gainerako ikastolek erakutsi digute ondoan dauzkagula, talde sendo bat garela. Ikastola guztiek jarri dute beren aletxoa. Pentsa, pandemiaren egoera hau aurreko ereduarekin gertatu izan balitz, ikastola antolatzailearena izango litzateke ardura guztia. Guri, berriz, ikastola askotatik hots egin digute zertan lagundu diezaguketen galdezka. Eskertzekoa eta txalotzekoa da jarrera hori.

G. E.: Kilometroak jaia guztiona da eta urte osokoa izan behar du, guztion artean elkarlanean antolatutakoa.

N. Z.: Eta harrobi kultural bezala ulertu behar dugu, herrietara eramaten dugun eskaintza bat bezala. Herritik jaso bai, baina herriari ere eman egin behar zaio.

G. E.: Kilometroak Astea antolatzerako orduan, herrigintza, kultura, hezkuntza, herritartasuna, transmisioa eta erresilientzia oinarri hartu ditugula esan dugu eta balio horiek dira urte osoan zehar landu ditugunak. Leloa eta logoa aukeratzetik hasi eta batzordez batzorde balio horiek landu ditugu. Eta guztia borobiltzeko, igande honetan, Txermingo eraikinean zikloa ixteko egingo dugun ekitaldian balio horiek islatu nahi genituzke. Eta elkarren zaintza, transmisioa, kultura eta herrigintza bezalako baloreak inon hezur-haragitzen badira, gure aitona-.amonengan da. Gu baino egoera zailagoak pairatu behar izan dituzte, eta gaur egun, gurasoei eta bilobei laguntza handia ematen diete. Kolektibo hori, askotan, baztertu bezala egiten dela iruditzen zaigu. Ikastolen historian zer esan handia izan dute eta dute, gaur egun, aitona-amonek.

N. Z.: Asko daukagu haiei eskertzeko. Eta bide batez, aukera baliatu nahi nuke mota bateko edo besteko babesa adierazi digutenei eskerrak emateko. Zubimusu bizi-bizirik jarraitzen du. Egoera hau moldatzen jakin dugu, zailtasunei aurre egin diegu eta ez gara etxean gelditu. Egoera bakoitzari momentuan erantzun diogu. Aurrera goaz, proiektu pedagogikoarekin, hezkuntza komunitatearen babesarekin. Guztiei eskerrak emateko baliatu nahi nuke aukera.

Erlazionatuak

Korri, punpa, ttak ... eta kintze

Jon Miranda Labaien 2020 urr 02 Amasa-Villabona   Zizurkil

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!