Korri, punpa, ttak ... eta kintze

Jon Miranda Labaien 2020ko urr. 2a, 07:59

Partida, akaso, ez dute borobildu baina tantoa etxekoen aldekoa izan da. Zubimusu ikastolak Kilometroak jaiaren eredu berriaren oinarriak sendotu egin ditu: bailarako euskaldunen komunitate trinkoagoa da orain eta Gipuzkoako ikastolekiko harremana estuagoa.

Egunotan Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean ikusgai izan den erakusketak erakusten du bidea, Kilometroak bidea.  Jaiaren edizio bakoitzeko panel bana prestatu dute, garaiko egunkarien kronikak, esku-orriak, afixak eta argazkiak bilduz. Ibilbide horretan topatu daitezke Tolosan, 1980an, Laskorain ikastolak antolatu zuen lehen Kilometroak jaia. Gerora etorriko ziren Laskorainek berak, Ibarrako Uzturpe eta Anoeta eta Irurako ikastolekin batera antolatutakoa 1998an, Irurako ikastolarena 2008an eta Laskorainek 2013an antolatutakoa. 

Aurten, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolak izan du Kilometroak jaia antolatzeko ardura. Berezia behar zuen urteak, Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak azkeneko urteetan landu duen jaiaren eredu berria praktikara eramateko garaia zelako, eta are bereziagoa suertatu da, COVID-19ak gure errealitatea errotik aldatu duelako. 

Nekane Artola, Kilometroak kultur elkarteko lehendakariak esana du Kilometroak «komunitatea zaindu eta elkar elikatzeko» ekimena dela. Pandemia garaiotan behin eta berriro errepikatzen diren zaintza sareak, ikastolen artean dagoeneko existitzen direla uste du Artolak eta Kilometroak sare hori indartzeko tresna dela adierazi du, jaialdi huts bat izateaz harago. 

Besteak beste, «kooperazioa» izan zen duela bi urte Gipuzkoako ikastolek landu zuten jai eredu berriaren oinarrietako bat. Mikel Egibar Gipuzkoako ikastolen jaiaren koordinatzailea da: «Parte-hartzean, kooperazioan, jarduera kolektiboan eta onura sozialean oinarrituko den jai eredua da planteatzen dena; herritarrak kontsumitzaile izatetik, parte-hartzaile izatera igaro daitezen». 

1977. urtetik antolatzen da Kilometroak jaia eta ordutik jendartea asko aldatu da. Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko kideek badakite duela bi urte adostutako eredu berria ez dela betiko izango, jai ereduak «etengabeko doikuntza» beharko duela, baina uste dute Kilometroak proiektuak beti erantzun beharko diela premisa batzuei. Besteak beste, ikastolen komunitatea sendotzeko balio beharko du eta urriaren lehen igandean egiten den jaiak urte osoko prozesuaren emaitza izan beharko du. 

Zubimusu ikastola printzipio horiek oinarri hartuta duela urtebete baino gehiago hasi zen jai formatu berritzaile eta eraldatzailea prestatzen, Gipuzkoako gainerako ikastolekin harremanak sendotzen eta parte hartzea bultzatzen. Martxoan, ordea, osasun krisia lehertu, eta hain justu, aurrez aurreko harremanak eten zirenean, hasierako asmoetako asko bertan behera geratu ziren. Erabat gauzatzea lortu ez den arren, eredu berria hasi da fruituak ematen eta Zubimusuko ordezkariak pozik daude ikastolaren inguruan mugitzen den komunitateak eman duen erantzunagatik. 

Urtero gertatu ohi da eta eskualdean Kilometroak jaia antolatzea egokitu den bakoitzean bi mila boluntario inguru aritu izan da lanean festa aurrera atera ahal izateko. Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak jakin badaki hori dela ikastolen mugimenduaren indargune nagusia eta komunitate hori «elikatzen eta indartzen» jarraitu nahi du. Boluntario horiei parte hartzeko beste bide batzuk eskaintzen hasiak dira, dagoeneko, ikastoletan. «Gipuzkoan 29 ikastola baldin badaude, 29 plaza sortu nahi ditugu», aipatu du Egibarrek. Ikastolak harrobi kulturala dira, jasotzen dutena bezainbeste dute emateko eta horren adibide da Zubimusu ikastolak aste honetarako antolatu duen Kilometroak Astea. Egoerara «doituta», egitarau «erresilientea» antolatu dute. Arazo eta ezbeharrei aurre egin die ikastolak, eta Errebotean bezala, kintzea, euren markagailura gehitu da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!