KMK festa Tolosaldean, urtez urte

Jon Miranda Labaien 2020ko urr. 2a, 07:58

1980ko urriaren 5ean Kilometroak festa Tolosan ospatu zen, 1998ko urriaren 4an Tolosaldean, 2008ko urriaren 5ean Iruran eta 2013ko urriaren 6an Tolosan. Ainhoa Artolazabal, Kontxi Luluaga Atxega, Joxe Mendizabal eta Unai Igartuaren begietatik gogoratu ditu Tolosaldeko Ataria-k.

AINHOA  ARTOLAZABAL. Ikasle, irakasle, guraso 

1980ko urriaren 5a
 

Garai hartako oroitzapen gutxi dauzkat, zortzi urte besterik ez neuzkan-eta, baina urte horretan Ikastolako gurasoek lan handia egin zutela gogoratzen dut. 

Trianguloa plazan zeuden Eskolapioetan ikasten genuen, eta arratsaldeetan aitarekin hara joaten ginen. Gurasoek Kilometroetako kamisetak sailkatzen zituzten bitartean, gu jolasean aritzen ginen eskailerak gora eta behera. Ederki pasatzen genuen!
Gerora etorri zen Kilometroak 98, Laskorain, Uzturpe, Anoeta eta Irurako ikastolek antolatutakoa. Urte horretako jai egunak kanpoan harrapatu ninduten, lehiatzen, baina lagunek diote mundutza bildu zela.
Eta gure ikastolak, Laskorainek antolatu zuen azkena, 2013koa. Kilometro horiek, aldiz, bereziak izan ziren niretzat. Ikastolako langile bezala bizitu nituen, eta Kilometroetako garbiketa batzordean aritu nintzen lanean. Andoaingo Kilometroetako ereduari jarraituz, zaborra edukiontzi ezberdinetan sailkatu behar genuen. 
Bestalde, arratsaldero, Ikastolan gurasoen joan-etorria handia izaten zen, batzuek hurrengo ekimena antolatzen, beste guraso batzuek, ordea, arropa sailkatzen Gipuzkoako hainbat herri, ekimen edo azoketara eramateko.

Ikastolako komunitate osoak lan handia egin zuen, baita ikasleek ere; antolaketa hartako parte izan ziren: arropen desfilean, bideoetan, garbiketa lanetan, kartelak itsasten... Urtea gogorra bezain aberatsa izan zen, bizipenez osatua.

 

«Harreman asko egin nituen, oso aberatsa izan zen»

1998ko urriaren 4a

Kontxi Luluaga Ibarrako Uzturpe, Tolosako Laskorain eta Irura eta Anoetako herri ikastolek elkarlanean antolatu zuten duela 22 urteko festa, dagoeneko, etorkizuna iragarriz. 

Anoetako Herri Ikastolan irakasle jarraitzen du Kontxi Luluaga Atxegak (Ibarra, 1965) eta zeregin horretan ari zen 1998ko Kilometroetako koordinatzaile izendatu zutenean. Inguratu zuen taldea du gogoan.

Nola izendatu zintuzten koordinatzaile 1998ko Kilometroetan?

Harremana banuen zuzendariekin, ni lehenagotik Anoetako Herri Ikastolako zuzendaria izana bainintzen. Proposatu ninduten ardura horretarako eta baiezkoa eman nuen, arduratuta eta fede onez. Erabat liberatuta aritu nintzen horretarako. 1997ko maiatza edo ekainean hasi nintzela uste dut, orduan, organigrama posible bat antolatu genuen eta martxan jarri ginen. Bitartekari lana egitea egokitu zitzaidan, are gehiago, lau ikastola izanda. Egoera asko kudeatu beharra tokatu zitzaidan eta harreman asko egin nituen. Oso aberatsa izan zen. Dohain berezirik ez da behar koordinatzaile izateko, gogoa eta ekimena izatea da garrantzitsuena. Tenple pixka bat behar da, hori bai, barneko indar bat, zenbait momentutan, egoerari eusteko. Oroitzapen ikaragarri ona daukat.

Zeintzuk osatu zenuten taldea?

Batetik ikastola bakoitzeko zuzendariak eta lehendakariak zeuden, eta gero, batzorde buruak. Ez ziren batzorde asko, sei bat ditut gogoan. Batzorde buruak aukeratzeko pertsona konkretuetara jo genuen, eremu hori ezagutzen zutenengana. Gurasoak ziren gehienak edo euskal munduarekin harremana zutenak. Ekipo ona egin genuen eta ordutik, hutsik egin gabe, urtero-urtero elkartzen gara afaltzeko, urriaren 4an.

Kilometroetako eredu berrian, ekitaldian urtean zehar banatzeko apustua egin da. Zuen garaian gehiago begiratzen zenioten egunari?

Gurean uste dut apustu izugarria egin zela urtean zehar kultur ekintzekin. Gauza potoloak egin ziren eta baita xumeagoak ere, argi geneukan presentzia konstantea behar genuela komunikabideetan.

Nola gogoratzen duzu 1998ko urriaren 4a?

Urduritasun handiarekin gogoratzen dut. Ni 06:00ak ingururako atera nintzen etxetik, lo gutxi eginda, egia esan. Laskorainen geneukan koordinazio postua eta zortziak aurretxoan euria hasi zuen. Guretzako izugarrizko beheraldia izan zen hori, zalantza geneukan jendea animatuko ote zen edo ez. Baina gero, pixkanaka, gauzak aurrera ateratzen ari zirela ikusi ahala lasaitzen joan ginen. Nik konfiantza osoa neukan batzorde buruengan eta guneko arduradunengan.

Zenbat jende gerturatu zen Tolosaldera?

Nik 100.000 lagunen kopurua dut gogoan, baina zifra hori gainditu zela ere esaten ziguten. Jende asko.

Eta lanean?

Oker ez banago 2.500 pertsona aritu ziren egunean bertan. Bizpahiru jantoki zeuden, tabernak, ekitaldiak... jende asko behar zen lanerako.

Ospakizun handiak egin zenituzten behin jaia amaituta?

Gogoan daukat Triangulora joan ginela eta xanpaina edan genuela. Baina ez dut sentsazioa izugarrizko festa egin genuenik. Oraindik ere guneak jaso beharra, garbiketa, desmuntatzeak egin behar ziren eta gainera zetorkigunarekin kezka handiagoa neukan nik.

 

JOXE MENDIZABAL. KOORDINATZAILEA

2008ko urriaren 5a

2008. urtea, niretzat, 2007ko irailean hasi zela esan daiteke. Herrian antolatzen hasia zen jadanik Kilometroak jaia; laguntzeko gerturatu eta konturatzerako, hiruzpalau egun ondoren bertako koordinatzaile lanetan hasi nintzen. Non eta ardura hori inoiz jaso duen herri txikienean.

Iruran ikastola egon bazegoen, baina ez zuen eraikinik. Udalak eta elizak utzitako lokaletan, eta baita barrakoietan ere, ematen ziren klaseak. Garbi zegoen ondorengo urteetarako aurreikusten zen ikasle kopuruaren gorakadak arazoa areagotuko zuela; beraz, eraikin berria ezinbestekoa zen.


Asko ziren zalantzan jartzen zutenak Kilometroak bezalako jai erraldoi bat antolatzeak suposatzen zuen erronkari aurre egiteko gai izango ote ginen. Lehenengo eta behin, Ikastolen Elkartea konbentzitu behar izan genuen. Urte batzuk pasa ziren beraien onespena jaso eta ardura hori eman ziguten arte. Eta gero, gu geu: 1.400 biztanle, eta jaiaren egunean bertan 2.000 boluntario behar omen ziren. Ez zen erraza izango, baina…

Urtea luze joan zen, eta lana erruz egin behar izan genuen. Emozioz betetako une polit asko bizi izan genituen, eta baita ezinak kutsatutako une triste batzuk ere. Baina guztien artean badut bat barruan arrastoa utzi didana: urriaren 5a, jaiaren eguna. Tolosaldeko Hitzak ale berezi bat prestatu eta arratsaldean jaira gerturatu zirenen artean banatu zuen. 23:00ak aldera, Igor Elorza, Ikastolen Elkarteko Kilometroak jaiaren beste koordinatzailea, eta biok kotxean sartu eta zirkuituan zehar buelta bat ematera joan ginen. Hego haizeak zakarrontzietatik Hitzaren aleak atera eta dantzan jarri zituen, herria paperez gainezka jarri arte. Nekatuta, indar guztiak agortuta, negar batean hasi nintzen. Hura guztia garbitzeko astebete beharko genuela iruditu zitzaidan. Oker nengoen. Biharamunean, goizean goiz, ikastolako haurrak, irakasleak, gurasoak eta udal langileak tresnak hartu eta prest zeuden lanari ekiteko. Arratsalderako herria garbi-garbi zegoen, paper arrastorik gabe.

 

UNAI IGARTUA. KOORDINATZAILEA

2013ko urriaren 6a



Kilometroak egunerako urtebete eskas falta zela, aurkezpen ekitaldiarekin eman behar genion hasera urteari. Egun garrantzitsua guretzat, leloaren aurkezpena, Leidor aretoko bi ekitaldiren sarrerak agortuak, eta kirioak pil-pilean. Goizean goiz, telefonoa dir-dir, «Unai, agertokia erori da, etorri azkar», dir-dir, «Unai, dendako baldak ezin ditut jarri, taladro bat behar dut», dir-dir, «Unai, txapak ez dira oraindik iritsi, deitu hornitzaileari»… Arazoak arazo, ordu erdian guztia konpondua zegoen, ezin hobeto olioztatua zegoen makina martxan zen, lantaldea!

Hortik aurrera urte izugarria izan zen, batek baino gehiagok ahaztuko ez duguna, emozio, ilusio, urduritasun, barre eta haserreek bustia. Tolosak duen koiuntura kontutan izanik hamaika ekitaldiz betetako ekaitz goxoa izan genuen eta guztia bi helburu nagusirekin, Euskara AHORA eramatea, eta antolatzaileok nahiz parte hartzaileok ongi pasatzea.

Nork esango zukeen, Kilometroak egunean, 2013ko urriaren 6an, 07:00etan euri zaparradaren azpian guneetara gindoazenok horrelako egun bat izango genuenik, egun paregabea agertu baitzitzaigun jendea gerturatzerako. Irekiera ekitaldi hunkigarriak zabaldu zizkion ateak egunari, 5 gune handi, 3 gune txiki, zirkuitu ibiltaria, Erronka, gazteen inplikazioa, prezisioz antolaturiko txosnak, garbiketa txandak, ehunka ekitaldi, trafikoaren kudeaketa, arropen eta boletoen salmenta, giza baliabideen kudeaketa, ikasle batzordea, komunikazio kanpainak, batzordeen ongizate taldea, muntaia batzorde eraginkorra, ekonomia... Guzti hau eta askoz gehiago, bakoitzaren atzean lantalde eraginkorrak zeudelarik, nire miresmena beraientzat, hauek lortu baitzuten jaia ezin hobe atera izana. Lanean serio, baina ez triste.

Amaitzeko, ez dakit lehen helburua zenbateraino bete genuen, bigarrena guztiz. Ez dut aipatu gabe utzi nahi, horrelako ekimen batek ikastola eta herriari ematen dion balore kualitatiboa, partaidetza, dinamismoa, elkar ezagutza, inplikazioa, kohesioa… Guzti hauek ere kontuan hartu beharko lirateke Kilometroak antolatzerako garaian.

Erlazionatuak

Korri, punpa, ttak ... eta kintze

Jon Miranda Labaien 2020 urr 02 Amasa-Villabona   Zizurkil

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!