Lortutakoa elkarrekin ospatzeko modukoa delako

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko ira. 26a, 19:30

Tolosaldeko 28 herrietako ordezkariak izan dira ekitaldian. Argazkia: Mikel Arberas. Aiurri.

'Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan' ekitaldia egin du Galtzaundi Euskara Taldeak, Tolosako Leidor antzokian. Lorpenak ospatzea merezi duela eta, eskualdeko euskaltzaleak elkartu ditu, eta Euskaraldia, herritar eta udal ordezkarien iritziak, eta etorkizunera begirako desafio nagusiak plazaratu dituzte. Guztia, musikaz, bertsoez, bakarrizketaz eta bideoaz lagunduta egin dute.

Galtzaundi Euskara Taldeak ekitaldi xumea bezain esanguratsua egin du eguerdian, Tolosako Leidor antzokian. Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan lelopean, eskualdeko euskaltzaleak batu ditu aretoa betez. Hizkuntzen erabileraren kale neurketako emaitzak jaso ostean, "ospatzeko eta zoriontzeko" moduko datuak zirela ikusi baitzuten. Eskualde mailako jaialdia egitekoak ziren, baina Covid-19ak oztopatu die. Hala eta guztiz ere, ekitaldia egin egin dute "lortutako emaitzak elkarrekin ospatzeko, Euskaraldiari gogo berriz ekiteko, eta etorkizuneko erronkei ilusioz heltzeko".

Olaia Toral eta Maider Iñurritak, gitarra eta biolinarekin, kantuan eman diote jaialdiari hasiera. Ekitaldia Nagore Arin eta Mikel Artola Galtzaundiko kideek gidatu dute. Tolosaldea euskalduntzeko bere aletxoa jarri duten herritar, elkarte, erakunde eta enpresa guztiak eskertu nahi izan dituzte, eta aurrera begira indarberritzen jarraitzea dute helburu. Eta elkarlana, eta elkarren arteko bultzada eta babesa ezinbesteko ikusten dituzte euskararen indarberritze prozesua aurrera eramateko. Besteak beste, "komunitate bat garela sentitzeko gaude gaur hemen, eta elkarrekin lan egin behar dugula nabarmentzeko", adierazi dute. Eta nola ez, "daudenean lorpenak ospatu behar ditugula gogorarazteko".

2019ko Tolosako kale neurketako emaitzak izan dira ekitaldia egiteko arrazoietako bat, eta era berean, eskualdearen emaitzak ere badirela azpimarratu dute. Datuak Kike Amonarriz eta Jone Garmendia Galtzaundiko zuzendaritzako bi kideek eman dituzte. Ehun urtean lehen aldiz, gaztelera baino euskara gehiago entzun da Tolosako kaleetan. Bilakaera horren atzean, "pertsona eta erakunde askoren ilusio eta lana dago", goraipatu dute. Amonarrizek "gutxitan lortzen dugulako, eta gutxitan egiten dugulako"  txalo jotzeko eskatu die aretoa bete duten euskaltzaleei,  "gure buruari, merezi dugulako eta lortu dugulako" .

Eskualdeari ere jarri diote azpimarra: "Tolosan eta Villabonan euskararik entzuten ez zen urteetan, eskualdeak euskaldun izaten jarraitu zuen, eta berak euskalduntzen zuen Tolosako kalea". Baina, dena ez da arrosa kolorekoa, eta datu kezkagarriak ere badirela Tolosaldean gogorarazi dute. "Historikoki herri txikietan egon da euskara indartsuen, baina azken urteetan atzerapauso batzuk eman dira".

Bideo bat bat eskaini dute jarraian, urteetan atzera egin, eta euskararen eta euskaldunen egoera zein zen gogora ekartzeko: Ikastolen sorrera, Frankismoaren garaia, irakasle erdaldunak, gaztelaniaz ez zekiten euskaldunak, euskara gerora ikasi dutenak... "Ekinean" jarraitu beharra dagoela azpimarratu dute.

Ostean, Berri Txarrak taldearen Bueltatzen kantua eskaini dute Olaia Toral eta Iker Gonzalezek.

Euskaraldian zirikatzaile izateko deia

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango da aurtengo Euskaraldia, eta Galtzaundiko ordezkari Ane Izagirrek eta Imanol Artolak eman dituzte azalpenak. Bigarren edizioaren leloa Gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan da, eta euskararen alde egotetik euskaraz gehiago egitera pasatzeko ariketa sozial moduan aurkezten da: "Euskaldunok euskara harrotasunez erabiltzea eta euskaldun modura ahalduntzea lortu nahi dugu".

Tolosaldeko 24 herrik eman dute izena Euskaraldian. Ahobizi eta Belarriprestak izango dira aurtengoan ere, baina oraingoan euskaraz lasai aritzeko guneak ere identifikatuko dira: Ariguneak. Behin eta berriz esan den moduan, "guztiok elkarrekin lortuko dugu urratsak ematea", eta herritarrak Euskaraldian izena ematera animatu dituzte. Dagoeneko zabalik da izen ematea izenematea.euskaraldia.eus webgunean. Ingurukoekin, ahoz aho, zirikatzaile izateko eskatu dute, ahalik eta herritar gehienek izena eman dezaten. Eta Euskaraldiaren argibideen gozagarri, atzo aurkeztu zen bigarren edizioaren abestiaren bideoklipaz gozatzeko aukera izan dute Leidorren.

Musika doinuek Antton Telleriaren bakarrizketari eman diote lekukoa. Zorionak emanez hasi da, bere hitzak asmatzeko jokoan sartu, eta euskaldun erromantikoak izan ditu ahotan. Euskararen putzu sakon ilunetik barrena ibili da, eta alferrikako eztabaidak aipatuz, sare sozialetan sartu eta pixa. Barre algara artean agurtu dute.

Tolosalderako jauzia

Galtzaundin hizkuntza biziberritzeko ezinbesteko elementu ikusten dituzte umorea, gozamena eta ilusioa. Duela lau urte, gainera, erabaki estrategikoa hartu, eta Tolosatik Tolosalderako jauzia egin zuen elkarteak. Indarrak metatu eta eskualdeko ikuspegi osoa jasotzea izan dute helburu. Jaialdian, eskualdeko 28 herrietako herritarrak eta udal ordezkariak elkartu dituzte: “Etorkizunari elkarrekin heldu behar diogula adierazteko eta gizarteratzeko”.

Udal guztien izenean hiru ordezkarik hartu dute hitza. Tolosako Olatz Peon alkateak, Altzoko zinegotzi Karmen Muruak eta Zizurkilgo zinegotzi Matti Navasek.

Tolosako Olatz Peon izan da lehena: “1985az geroztik pozgarria da gurean euskarak gora eta gora egiten duela ikustea. Lorpen hau ez da modu naturalean etorri. Posible izan da, hamarkada luzeetan eta garai zailenetan ere euskararen alde lanean aritu diren eragile, talde eta norbanako ugariri esker. Urte askotako lanak egoera honetara ekarri bagaitu ere, handiak dira aurrean ditugun erronkak. Bide luzea dugu egiteko oraindik. Lehen bezala orain, denon zeregina izango da hori. Euskararen aldeko konpromiso eta jarrera aktiboa izan behar dugu, eta elkarlanean aritu, hizkuntza komunitate modura euskara biziberritzen jarrai dezagun”.

Altzoko Karmen Muruak hartu du hitza ostean: “Euskararen arnasgunea da Altzo. Hemen zaudeten askoren herrien antzera. Euskaraz hitz egitea da naturala gure herrietan, eta euskaraz bizi gaitezkeela erakusten dugu. Harrokeriarik gabe, harrotasunez garrantzitsuak garela uste dut, eta horren kontzientzia hartu behar dugu. Eredu izatea dagokigu, gureari eustea, baina ezin gara lasaitu. Gure herrietan badira arduraz jokatzea eskatzen diguten zantzuak. Mundu globala, bizibide berriak, bizilagunen joan etorriak, mugikortasun erraztasuna, komunikabide digitalak,... erronka berri eta nahien aurrean jartzen gaituzte. Tolosan euskarak gora jarraitzea nahi dugu, baina gurean behera egin gabe. Eta hori, bizkarrez bizkar lan eginez bakarrik lortuko dugu”.

 

Eta bukatzeko Zizurkilgo Matti Navasen txanda izan da: “Nekazari giroko herri euskaldun euskalduna izatetik, industrializazioa eta beste arrazoi batzuk tarteko, erdalduntze prozesu nahiko azkarra ezagututako herria da Zizurkil, Aiztondo bailaran. Lanaren premiak erakarrita etorri ziren kanpo herrietatik gurera, eta gutakoak dira orain. Haietako askok ez zuten euskara ikasi, baina ikasteko bidea eman zieten beren oinordekoei. Orain ere badatoz kanpo herrietatik, askotatik gainera. Desafio handia daukagu hor. Nork bereari uko egin gabe gurean etxekotzen. Handiegia da egitekoa bakarka jarduteko. Denok behar gaitu euskarak, denok gara garrantzitsu. Gure gazteak denak kasik euskaldunak dira. Beraiek dira euskara gehien darabiltenak. Baldintzak sortzen jarraitu behar dugu. Ikasten bezala lanean. Lanean bezala jolasean. Haserrean eta gozamenean. Nahi dugu, beraz, ahal dugu eta egingo dugu”.

 

Herrien ezaugarrien aniztasuna du Tolosaldeak, eta herri horietan eta euskaldunen artean, bertsolaritza ere izan da eragile. Tolosaldean ez da bertsolaririk falta izan, eta hiru belaunaldi igo dituzte oholtza gainera. Angel Mari Peñagarikanok, Amaia Agirrek eta Haritz Mujika bertsolariek bertso bana bota dute.

 

Etorkizunean, eskualdea trinkotu eta aktibatzeko beharra

 

Galtzaundi Euskara Taldeak etorkizunera begirako desafio nagusiak ere plazaratu ditu. Amonarriz eta Garmendia aritu dira lan horretan, eta nabarmendu dute Tolosaldea dela eskualde euskaldunenetariko bat, eta baita arnasgune garrantzitsuenetariko bat ere. “Herri guztiek betetzen dituzte Ueman parte hartu ahal izateko baldintzak. Are gehiago, gure erronketako bat Tolosaldea lehen Uema eskualde bilakatzea da” azaldu du Garmendiak. “Arnasguneak, ordea, zaindu egin beharra daude, euskara bihurtu dadin bertako komunikazio eta sozializazio hizkuntza nagusia” gaineratu du.

Horrek guztiak, erantzukizun erantsi bat duela aitortu du Amonarrizek. “Erantzukizun eder eta ilusionagarria. Tolosaldeak bidea zabaldu behar du, eta aurretik joan behar du. Hemen egiten eta lortzen ez badugu, non kristo egin eta lortuko da?”

Bukatzeko, “Euskarak izan behar du jatorri desberdinetako tolosaldear guztien lehen erabilera hizkuntzak” esan dute, eta horretarako, “eskualdea trinkotu eta aktibatu beharra daukagu”. Zailtasunak zailtasun, udal eta erakunde guztiei zuzenduta adierazi dute: “Eskualdeko ikuspegia indartzeko eta bultzatzeko eskatzen dizuegu. Zuen babesa eta konplizitatea ezinbestekoak ditugu”.

Amaieran, Toralek gitarrarekin erritmoa jarriz, areto osoa jarri du kantuan, oraindik ere gaurkotasuna izaten jarraitzen duten hitzak abestuz. Bernart Etxeparek idatzi zuen Kontrapas kantatu dute "Euskara jalgi hadi mundura" esanez.

 

Ekitaldian parte hartu duten bost euskaltzaleren iritziak ere jaso dira:

Maite Arregi Tejeria, Amasa-Villabonako Udaleko Euskara teknikaria.

“Nik eskualde mailan lan egite horri emango nioke garrantzia. Urte asko daramatzagu norbera bere txokoan lanean, eta izugarrizko garrantzia ematen diot horri. Lehen ere saiakera asko egin genituen, baina orain bezalako ilusiorik ez nuen sumatzen. Oso inportantea iruditzen zait, eta ez da kasualitatea Tolosan kale erabilerak daturik altuenak ematea, elkarrekin lanean ari garenean. Nik uste dut bide horretatik jarraitu behar dugula, eta euskara maila oso-oso inportantea da eta gure udalek jakin behar dute horri bere garrantzia ematen. Guk lan egingo dugu, baina beste babes bat ere behar dugu. Denon artean lan handi egin dezakegula iruditzen zait, eskualde bezala, eskualdea euskalduntzen”.

“Egindako lana aitortzea ondo dago. Ez gaude ohituta horretara. Beti gutxiegi egin dugula iruditzen zaigu. Aurrera goazela jabetzeak eta denon artean ari garela, eta horrelako saioak egitea oso eskertzekoa da. Egin beharrekoa da gure animoak ere pixka bat gora igotzeko”.

 

 

Ion Ander Maiz Loitegi, Irurako Euskaraldia batzordeko kidea

“Ekitaldi xumea, polita eta batez ere indarberritzailea iruditu zait. Euskalgintzan eta batez ere ate joka dugun Euskaraldira begira inurri lan egingo dugun honetan indarra hartzeko eta ilusioa pizteko ekitaldia izan dela. Aurten pandemia egoera honek ekarri dizkigun gorabeherak tarteko, herritar talde txiki bat bagaude lanean arituko garenak, eta ariguneen sorrerarekin bultzada txiki bat emango diola bigarren edizio honi. Esperantza daukagu, bai Iruran bertan eta eskualdean erakutsi dizkiguten datu horien hobekuntzan aurrerapausoa emateko laguntza eskainiko digula Euskaraldiak”.

 

 

Kristina Tolosa Lopetegi. Hasierako Galtzaundiko kide eta Erniobea Institutuko Euskara Normalkuntzako burua

“Ez dakit nola hasierako Galtzaundi taldean sartu ninduten. Tolosa erdalduna zen orduan, 80. hamarkadaren amaieran. Ikastolan ikasitakoak nintzen, baina gutxiengoa ginen. Antolaketa aldetik xumeagoa zen, eta boluntarioa. Orain askoz ere profesionalagoa ikusten dut. Gu ekimen xume batzuk antolatzen hasi ginen, euskaraz gauzak egin zitezkeela ezagutarazteko. Tolosatik Tolosaldera zabaltzea ezinbesteko iruditzen zait. Tolosarrok eskualdeari ere zor diogu datu hauen bilakaera. Bidea egin dugu, eta oraindik badaukagu zer egina, baino asko aurreratu dugula iruditzen zait. Oso ondo iruditzen zait ekitaldia egitea. Orokorrean nahiko ezkorrak gara, eta ezkortasun handia dugu euskararekiko”.

 

 

Mikel Arteaga Zabala, Amezketako alkateordea

“Ekitaldian aipatu den moduan oso garrantzitsua izan da Galtzaundi eskualdetzea. Tolosan behin baino gehiagotan aipatu da datuak hobetzen doazela, baina gurea bezalako herri txikietan atzerapausoak ematen ari gara. Ez gara oso kontziente nire ustez. Oraindik gehiengoa da euskaraz hitz egiten duena baina arreta jarri beharko dugu beherakaden aurrean. Lanean aritu beharra daukagu eskualde guztian”. “Oso ekitaldi polita izan da, eta asko harritu nau azken 100 urtetako bilakaera erakutsi duen bideoak. Ilusio piztu dit egia esan, eta zer pentsatua ematen du eta Euskaraldiaren atarian lanean hasteko gogoarekin noa”.

 

 

Gari Goikoetxea,  Galtzaundiko kidea

“Gaurko ekitaldia egin dugunaren, eta egin nahi dugunaren ispilu bat izan da. Batetik azken hamarkadetan egin de lana eskertzeko ekitaldi bat. Euskalgintzan ari garenok joera dugu zein gaizki gauden, zein hutsune eta zein aldapa ditugun nabarmentzeko geure buruak gutxietsiz. Tolosak beste inork baino gehiago erakusten du egindako lanak emaitzak ere ekartzen dituela. Jende askoren ahaleginari esker lortu da gaur lortu dena. Eta aldi berean lortzeko ere asko dugu. Tolosan bertan, eta zer esanik ez Tolosaldeko gainerako herri txikietan. Ez dugu festa egoera arrosa batekin nahastu nahi, festa bakarrik ez, baizik eta egoeraren kontzientzia hartzeko ekitaldia ere izan da. Jendeari nabarmentzeko oraindik ere lanean jarraitu beharra daukagula, eta oraindik ere zeregin asko daukagula eskualde honetan”.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!