«Abiapuntu bat izango da aurtengo Euskaraldia»

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ira. 25a, 11:40

Herritarren hizkuntza erabilera ohiturak kontuan izanda, Tolosako kaleetan egindako azterketek datu historikoak utzi dituzte. Horiek ardatz hartuta, eskualdean euskarak duen garrantziaz, Euskaraldiaren edizio berriaz nahiz bestelako erronkez ariko dira, bihar, Leidor aretoan egingo den Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan ekitaldian. Nagore Arin eta Kike Amonarrizek, Galtzaundi euskara taldeko kideek xehetasunak eskaini dituzte.

Bihar, larunbata, 12:00etan hasiko da Galtzaundi Euskara Taldeak antolatutako jaialdia, eta gogotsu daude Kike Amonarriz (Tolosa, 1961) eta Nagore Arin (Villabona, 1997) taldeko kideak, azken urteetan lortutako datu historikoak eskualdeko entitate eta eragileekin partekatzeko. Horrez gain, udazken erdialdera ospatuko den Euskaraldiaren bigarren edizioa aurkezteko baliatuko dute saioa. Orain arte jasotako emaitzak urtero hobetzea zail ikusten duten arren, herritarrak motibatzen eta elikatzen jarraitzeko ilusioa dute.

Bihar, euskararen alde lanean aritu direnen lorpenak aitortuko dituzue ekitaldi berezi batean. Zergatik da garrantzitsua errekonozimendu hori?

Kike Amonarriz: 2019ko kale neurketaren datuak jaso genituenean, ohartu ginen, ehun urtean lehen aldiz euskara gehiago entzun zela gaztelania baino. Sekulako lorpena zela, eta ospatu beharra genuela pentsatu genuen. Eskualde osoaren lorpena dela iruditzen zaigunez, Tolosaldean euskararen alde urratsak eman dituzten eragile eta norbanako guztiekin egitea zen asmoa. Jaialdi handi bat egiteko erronka jarri genion gure buruari. Gero, ordea, COVID-19ak eragindako pandemia etorri zitzaigun, dena atzeratu behar izan genuen, eta zalantzak izan genituen egin ala ez egin. Orain, berriz, egitea erabaki dugu, Euskaraldiaren edizio berriaren abiapuntuarekin uztartuz.

Gainera, zentzu berri bat hartzen du, COVID-19aren ondorioz, hizkuntzaren gaia alboratua utzi da zenbait erakunderen aldetik, eta iruditzen zaigu garrantzitsua dela erdigunera ekarri, plazara atera, eta gizarte osoari lanean jarraitu behar dugula adieraztea. Batera egin behar dugu bidea eta guztion inplikazioa ezinbestekoa izango da. Hori ere bistaratu nahi dugu ekitaldian, komunitate bat, bat eginda, hizkuntzaren normalizazio prozesuan. Kasu honetan, eskualdea bera bat eginda.

Beraz, bazenuten datu historiko horiek lortzen lagundu dutenekin poza partekatzeko gogoa.

Nagore Arin: Datuen atzean beti dago inplikazio bat. Beraz, beti da pozgarria lortutako fruitu hori komunitatearekin partekatzea, ospatzea eta aurpegiak jartzea. Leidorren 400 pertsona elkartuko gara, baina fruitu hori herritar gehiagok ere erein dute. Gainera, aitortza hori Euskaraldiarekin lotuko da, baita etorkizuneko erronkekin ere.

Horrelako jaialdietan aukera ematen da, gerora ere, herritarrak inplikatzeko, ezta?

K. A.: Motibazioa lantzeko saio egokiak dira. Herritarrek ikus dezatela asko aurreratu dugula, ezin dugula lo geratu, eta horrela jarraitu behar dugula. Gertatu dena bada, posible da. Jendea aktibatzen bada eta lana egiten bada, posible da, eta lor daiteke. Hori izan beharko litzake mezua, eta hori transmititu nahi dugu, hori gertatu delako. Lortutakoa, baina, ez da berez mantentzen, elikatzen joan beharra dago. Hain justu, elikadura hori da jaialdi honen bitartez sustatu eta indartu nahi duguna.

Ekitaldiari buruz zerbait aurreratzerik bai?

K. A.: Ez da jaialdi erraldoi bat izango. Zerbait handia egiteko asmoa genuen, baina egoera eta baldintza hauetan, ezinezkoa da. Ez da ikuskizun bat izango. Jaialdi motibagarria izango da, goxoa, eta xumea, ordubete inguru iraungo duena.

N. A.: Bideoak izango dira, bertsolariak, musika zuzenean, baita umorerako tartea ere. Gainera, Galtzaundiko kideen nahiz eskualdeko erakundeetako ordezkarien testigantzak ere jasoko dira.

Tolosan bakarrik ez, eskualdean ere datu historikoen aurrean aurkitzen gara.

K. A.: Tolosakoak historikoak dira. 35 urteetako datu-seriea dugu, eta oso leku gutxitan daude horrelakoak. Gainera, Tolosa eskualdeko hiriburua da, beraz, eskualdean gertatzen denak sekulako eragina du bertan. Tolosan euskara mantendu bada, eskualdeak horretan babestu eta lagundu diolako izan da. Gerra ondorengo urteetan, euskara desagertu egin zen Tolosako kaleetan, baita Villabonan ere. Entzuten zen euskara inguruko herritarrek ekarritakoa zen. Eskualdeari, beraz, eskertze hori zor zaio. Bide hau egin baldin bada, neurri handi batean, izan duen babes soziolinguistiko horri esker egin da.

Eskualdean, baina, beheranzko joera izan dute euskararen erabileraren inguruko datuek, bai ezagutzan, bai etxeko erabileran, baita kaleko erabileran ere. Txanpon beraren bi ifrentzu ditugu. Tolosaren kasuan, erdalduntze prozesua periferizatu egin da. Horrek ere adierazten digu gero eta garrantzitsuagoa izango dela eskualde osoko perspektibatik lan egitea; denok dugu guztion beharra. Prozesuak berdintzen ari dira, eta igoerak berdintsuagoak dira. Tolosaldeko Euskararen Mahaiaren eratze prozesu honetan egiten ari garen lanak hortxe du helburu garbia: eskualde osoa hartuko duen hizkuntza politika bat garatzea.

'Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan' izena izango du biharko jaialdiak.

K. A.: Euskaraldiaren aurtengo edizioaren leloa da. Ez genion Euskaraldia izena jarri nahi ekitaldiari, hori baino gehiago izango delako. Gainera, datuek erakusten dutena ere esaten du leloak berak: gehiago egiten dela, gehiagorekin egiten dela, eta gehiagotan egiten dela. Jaialdian ikusi eta kontatuko den guztia barne biltzen duen mezua da.

Bizi izan dugun ezohiko egoera eta gero, uste duzue itxialdiak negatiboki eragin dezakeela euskararen kale erabileran? Edo nola eragin dezake?

K. A.: Auskalo. Ondorioa izango du ziur, elkarrekin harremanak izateko moduak aldatzen ari zaizkigulako. Ez dakigu, ordea, horrek gero zein eragin izango duen. Badakigu gaztelaniaren kontsumoa areagotu egin dela, eta pentsa genezake sektore bat euskaratik urrundu dela. Hala ere, ezinezkoa da jakitea besteren bat gerturatu ote den, ezta familiako erabileran hizkuntza ohiturak ere aldatu ote diren. Inkognita bat da. Ez dakigu ere, krisi honen ondorioz, populazio mugimendurik izan den, eta izatekotan, nolakoa izan den.

Aurten, gaztelania baino gehiago entzun da euskara. Honek, baina, ez du esan nahi aurrerantzean berdin izango denik. Gerta liteke berriro ere bestelako datuak ikustea. Hala ere, Tolosako kaleetan geroz eta euskara gehiago erabiltzen dela azaltzen du azken hamarkadetako norabideak. Euskara nagusi da eskualde osoko kaleetan, eta beraz, joera honi eustea da helburua. Orain, aurten gertatutakoa geroz eta maizago gerta dadin saiatu behar gara.

Hala ere, eta batik bat, udazkenean egingo den Euskaraldiaren bigarren edizioaren abiapuntu izan eta eskualde mailako aurkezpena egiteko baliatuko duzue ekitaldia. Nola dator aurten?

N. A.: Edizio hau indartsuago dator, eta ilusio hori kutsatzeko aitzakia ederra izango da biharkoa. Euskaraldia izatez eta sortzez, izaera kolektiboa duen egitasmoa delako, eta aurten, izaera kolektiboagoa izango duelako. Iraila amaieran amaituko da izen ematea entitateentzat. Norbanakoen parte hartzea eta entitateena bat doaz. Izan ere, entitateen barruan norbanakoak daude. Bakarkako hausnarketak taldeko gogoeta bihurtuko dira, eta elkarrekin saiatuko dira euskararen aldeko urratsak ematen.

Zergatik da garrantzitsua ariketa sozial honetan parte hartzea?

N. A.: Norbere burua ahalduntzeko egiten dugun ariketa bat da. Inertzia zerbait bada, kontzienteki egiten ez duzun hori da. Hain justu, kontzienteki egiten ez duzun horretaz jabetzea ahalbidetzen dizu Euskaraldiak, baita zenbait ohituretan sakondu eta aldatzea ere.

Kike Amonarriz: «Eskualdekoak datu historikoak dira, baina ez dadila erlaxatzeko momentua izan, gehiago ahalduntzekoa baizik»


K. A.: Konplizitatea ere sortzen du. Ez da norberak bere kabuz egiten duen zerbait bakarrik, kolektiboaren babes hori ere baduelako. Beste hamarrek emanez gero, errazago emango duzu pausoa, zuk soilik eman beharrean. Horrek, beraz, asko laguntzen dio zailtasunak edota zalantzak izan ditzakeen horri.

N. A.: Batzuk lehendik seguru sentitzen dira euskaraz aritzerakoan; beste batzuek, ordea, babes kolektibo horren beharra izaten dute.

Aurten, gainera, entitateek ere pisu garrantzitsua izango dute. Nola lagundu dezakete?

K. A.: Bere barnean ariguneak non dituen edota non sortu ahal ditzakeen aztertu behar izan du entitate bakoitzak. Orain aukera hori praktikara eramango dute; batzuk lehendik ere egingo zuten ariketa hori, beste batzuentzat, baina, lehen aldia izango da. Hortaz, espazioak irabazten ari gara, eta ondoren, aurrez abiatutako bide hori egonkortzea eta zabaltzen joatea izango da denon erronka. Hori dela eta, abiapuntu bat izango da aurtengo Euskaraldia, abenduaren 4an hasiko den prozesu baten abiapuntua.

Ez dakienarentzat, zer da arigune bat?

K. A.: Euskaraz eroso aritzeko gunea da.

N. A.: Norbera babestuta sentitzea da helburua, eta horretarako ahalbidetuko dira. Espazio horretan norbanakoak seguru egongo dira %100ean euskaraz hitz egin dezaketela.

Hala ere, parte hartzeko egunak igaro ondoren, erlaxatzea izan daiteke jokabideetako bat.

K. A.: Horrelako ariketa sozialak, berez, prozesu luzeak izaten dira. Erakundeak eta une jakinak behar izaten dira, bultzada txikiak eman ahal izateko. Horregatik da garrantzitsua epemugak ezartzea eta guztiek batera egitea. Asko luzatuz gero, intentsitatea galduko genuke.

Nagore Arin: «Kontzienteki egiten ez duzun horretaz jabetzea eta ohituretan sakondu eta aldatzea ahalbidetzen du Euskaraldiak»


Nola ikusten duzue urtean zehar txapak soinean eramatearen ideia?

N. A.: Txapa zerbait fisikoa da. Urtean zehar norbait txaparekin ikusten badut irribarre bat eragiten dit aurpegian. Txapa hori, baina, behin Euskaraldiako hamabost egunak igarota, zerbait sinbolikoa izatera igaroko da. Norberak bere buruan irudikatuko du txapa jantzita daramala. Txaparen erabilera ez da galduko behin Euskaraldia amaituta.

K. A.: Gerora, garrantzitsua izango da txaparik gabe ere ohitura batzuk automatizatu ahal izatea, esate baterako, txapa eraman ala ez, lehen hitza euskaraz egitea. Horrek bere denbora ere behar du, eta garrantzitsua da behin eta berriz errepikatzea eta elkar animatzea. Egin kontu, mendeetan finkatutako hizkuntza ohiturak aldatu nahian gabiltza, eta orain hasi gara gizarte bezala jarduera horretan.

Azkenik, zeintzuk dira Tolosaldeak etorkizunera begira dituen erronkak eta nola gizarteratu daitezke?

K. A.: Eskualdearen ideia trinkotu eta mamitu behar dugu. Tolosaldea bezala egin behar dugu bidea. Euskararen ezagutzaren unibertsalizaziorantz jo behar dugu eskualdean, haur eta gazteen erabilera datu onak mantendu eta indartuz nahiz euskarazko kultur kontsumoa bultzatuz. Gainera, kanpotarrekiko harrera linguistikoa eta integrazio linguistikoa sustatu behar dugu, eleaniztasuna errespetatuz.

Entitateekin hasitako lanari jarraipena eman behar diogu. Lan mundua euskalduntzeko aukera onentsuenak dituen Euskal Herriko eskualdeetako bat da Tolosaldea. Beraz, guri dagokigu urrats sendoak ematea. Euskal Herri osoari begira, gainera, erantzukizun bat dugu. Bertako egoera soziolinguistikoa lurralde osoko onenetarikoa da, beraz, bidea zabaltzen jarraitzeko beharra daukagu, ezin dugu atzera egin. Datu historikoak dira, baina ez dadila erlaxatzeko momentua izan, gehiago ahalduntzekoa baizik.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!