1985. urtetik, urtero egiten da hizkuntzen erabileraren kale-neurketa Tolosan. Hizkuntzen Erabileraren 2019ko kale-neurketaren emaitzak berriki aurkeztu dituzte Galtzaundi Euskara Taldeak eta Tolosako Udalak. Oraingoan, 3.246 elkarrizketen eta 8.647 hiztunen informazioa bildu da. «Jasotako datuen bolumen handiak, fidagarritasun estatistikorako baldintzak bermatzea ahalbidetzen du», adierazten dute Galtzaunditik.
Iazko kale-neurketak emaitza esanguratsua utzi du: euskararen kale erabilera (%49,1) gaztelaniarenaren (%48,5) gainetik erregistratu da, hau da, gaztelania baino euskara gehiago entzun da Tolosako kaleetan. Bada, mende batean lehenengoz gertatu da. «Jakina da kale-neurketa 1985. urtetik aurrera egiten dela Tolosan, baina ehun urtean lehen aldiz horrela izan dela baieztatzeko moduko ebidentziak ditugu», diote Galtzaunditik.
Espainiako gerra ondorengo lekukoek aitortu izan dute euskara oso gutxi entzuten zela Tolosako kaleetan garai hartan. Ordutik 1985 bitarte, euskararen presentzia oso eskasa izan zen herrian. «Tolosarren lekukotza ugari daude bilduta hainbat liburutan eta ahozko ondarea biltzen duen Ahotsak proiektuan, eta guztietan azpimarratzen da gerra aurreko urteetan eta ondorenean euskarak ia presentziak ez zuela Tolosako kaleetan».
Gerra aurreko egoeraren lekukotzak ere badaude. «Esanguratsuenetakoa, Gorriti plazan sortu zen Ikastola sortzeko 1921eko informazio orrian topatu daiteke. «Euskera maite al dezu?» izenburua zuen, eta bertan aipatzen da, hamabost urtetik beherakoen artean jada ez zela euskararik aditzen: «Eta Euskera maite dezularik, ez al-dituzu beñere malkoak begitara irten-naian nabaitu, Tolosa'ko kalean, urte gutxi barru, euskarak beruntz daraman joaira ikusita?... Tolosa’ko kalean, euskera aurren ezpañetatik igesi dijoa». Ondorioztatu genezake, beraz, gaztelania jada nagusi zela tolosarren artean; gerra ondorengo hizkuntza praktikek hori berresten dute».
Gazteak, behetik gora
Behin erabileraren diagnostiko zehatza eginda, zenbait ondorio nagusi atera dituzte. Euskararen kale-erabilera 20 puntutan berrindartu da Tolosan azken 34 urtetan. 1985ean, %29koa zen eta iaz, berriz, %49,1ekoa. Aipatzekoa da, 1981ean, Tolosako biztanleen %51a euskalduna zela. 2016an, berriz, %71 izatera pasa ziren. Beraz, kale-erabileran ez ezik, ezagutzan ere 20 puntu egin zuen gora, 35 urtetan.
Egindako azterketak xehetasun ugari biltzen ditu. Horrela, adin-tarte desberdinen artean alde nabarmenak ikus daitezke. 1985etik, belaunaldien arteko euskararen kale-erabileraren sailkapena erabat aldatu da. Gazteak azkenak izatetik bigarrenak izatera igaro dira. Duela 34 urte, adinean helduenak ziren kalean euskaraz gehien aritzen zirenak; orain, belaunaldi gazteenak dira euskara gehien erabiltzen dutenak.
Gaur egun, haurren %70ak hitz egiten du euskaraz Tolosako kaleetan. Gazteetan %63ak, heldu-gazteetan %57ak, heldu-nagusietan %44ak, eta adinekoetan %29ak. «Bilakaera horretan azpimarratzekoa da 35 urtetik gorakoen eta beherakoen artean dagoen aldea: 35 urtez azpikoek %65eko erabilera erregistratu dute; 35 urtez gainekoei, berriz, %39ko erabilera neurtu zaie».
Neurtutako lehen urteetan, igoera handia izan zuen haurren erabilerak. Azken urteetan, aldiz, apaldu egin da igoera. Gazteen erabilerak nabarmen egin du gora azken bost urteetan, eta helduek hazkunde erritmo konstantean jarraitzen dute.2014az geroztik, adinekoen erabileran beherakadak geldialdia izan du, eta hori lehen aldiz gertatu da 90eko hamarkadatik hona.
«Haurren presentziak zeresan handia du euskararen kaleko erabileran», adierazi dute Galtzaunditik. Erabilera daturik altuenak (%80) haurrak eta helduak batera daudenean, eta haurrak elkarrizketan parte hartzen duenean erregistratzen dira. Baxuenak, berriz, nagusiak haurrak parean ez dituztenean jasotzen dira (%36). «Nagusien kasuan, haurren presentzia soilak %57ra igotzen du erabilera», nabarmentzen dute elkartetik.
Talde-lanaren arrakasta
Tolosako kale-neurketen emaitzen bilakaerak hizkuntzak kalean duen presentziaren analisia egiteko «sekulako garrantzia duela» adierazi dute Galtzaunditik. «Urtez urteko emaitzetatik haratago, eboluzioak egoeraren azterketa fidagarria egitea ahalbidetzen du. Azken urteetako berrindartzearen atzean, modu desberdinetara bere aletxoa jarri duten herritarren lana dago».
34 urteko eboluzio honetan, herriko ikastetxe guztietan D eredua ezartzeak «garrantzi berezia» duela diote. «Aldaketa horren atzean, ikastetxeez gain, eredu horren alde apustu egin duten guraso euskaldun, erdaldun eta irakasleak daude, baita aisialdian eta gazteen inguruko eskola orduz kanpoko jardueretan euskararen erabilera normalizatzen saiatu diren guztiak ere. Zer esanik ez, garai batean gau eskoletan, eta gerora euskaltegietan, euskalduntzeko ahalegina egin duten ikasleak zein horretan jardun duten irakasleak. Tolosarrek euskalduntzean egindako esfortzuaren ondorio ere bada lorpen hau».
Bestetik, Tolosako Udalak eta bereziki udaleko euskara batzordeak eta zerbitzuak egindako lana ere lorpen honen parte dela aitortu dute. «Martxan jarri ziren momentutik euskararen alde hartutako neurriek eta garatutako egitasmoek ere bultzada nabarmena eman diote hizkuntzari, gainerako erakunde desberdinen inplikazioarekin batera».
Aipatutakoez gain, 90eko hamarkadatik sortu diren euskarazko komunikabideak ere eboluzioaren indargunetzat hartzen dituzte. «Inguruaz zein munduaz euskaraz informatzeko ateak ireki dizkigute euskaldunei, eta merkataritzan zein lan-munduan euskararen aldeko urratsak eman dituztenek ere euskara gure bizitzako eremu gehiagotan bermatzea ahalbidetu dute». «Lorpen kolektiboa da Tolosako kaleetan euskararen presentzia nabarmen areagotzea», ondorioztatzen dute euskara taldetik. «Euskararen aldeko urrats sendoak eman dituzten herriko talde, elkarte, mugimendu sozial, sortzaile zein norbanako eta euskaltzaleen lanaren fruitua da. Eta azken emaitzek argi erakusten dute lorpen horretan parte hartu duten eragile eta norbanako guztien aletxoa zein garrantzitsua izan den».
Euskara, bizitzaren eragile
Tolosako Udalak, bere aldetik, euskararen nortasuna indartzen eta balioan jartzen jarraituko du, «kalean eta etxean euskararen erabilera sustatzeko urratsak emanez, Tolosa euskararen arnasgune izan dadin». Iaz onartutako Euskararen dekretu berriak, udalaren funtzionamendua euskaraz ahalbidetzeaz gain, euskararen erabilera lehenetsi eta herritarren eskubide linguistikoak babesten ditu, lan esparruan nahiz herritarrekin harremantzeko garaian euskararen erabilera bultzatu asmoz.
Aurrera begira, bide berriak jorratzea «ezinbestekoa» izango dela diote, «herritarren hizkuntza ohituretan eragiteko, arlo pribatu zein publikoan, euskara izan dadin gure bizitzaren eragile. Beraz, funtsezkoa izango da hizkuntza politika eraginkorrak eta arlo desberdinetako ekimenak garatzen jarraitzea».