"Egoera zail" honetan euskararen aldeko jarrera aktiboari eusteko eskatu du aldundiak

Ataria 2020ko irailaren 24a

Kilometroetako arduradunak Gipuzkoako Foru Aldundian izan ziren atzo, besteak beste, urriaren 4an egingo duten ekitaldiaz hitz egiteko.

Aurten ezingo dute Kilometroak jairik egin, baina Zubimusu ikastolan lan eta lan ari dira hala ere, bestelako ekitaldi batzuk prestatzeko. Atzo Gipuzkoako Foru Aldundian egon ziren Markel Olano diputatu nagusiarekin biltzeko eta Kilometroak Asteari buruz eta urriaren 4ko ekitaldi instituzionalari buruz hitz egiteko. Bileran Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko eta Zubimusu ikastolako ordezkariak izan ziren, Markel Olano diputatua eta baita Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendari Garbiñe Mendizabal ere.

COVID-19ak sortutako egoera "zail eta ez ohikoa" honetan euskararen aldeko "konpromiso eta jarrera aktiboari" eusteko eskatu dio gizarteari, foru aldundiak. "COVID-19ak eragindako krisialdiak gogorarazi digu zeinen garrantzitsua den komunitate gisa jokatzea aurrean ditugun desafio eta arazoen aurrean. Kilometroak egitasmoak, aurten amaierako jairik izango ez badu ere, balio horretan jartzen du azpimarra. Hizkuntza komunitate gisa ere oinarrizkoa da elkarlana, euskara biziberritzen segi nahi badugu".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!