'Kilometroak 20' festa nagusia urrian izango bada ere, Zubimusu Ikastolako ordezkariek, herritarrak ordurako giroan sartuta egon daitezen nahi dute. Hori dela eta, gaur burutu da urtean zehar antolatzea aurreikusten diren ekintzetako bat: Kilometroak txikia.
Goizean, hiru gunetan elkartu dira Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak, eta baita gurasoak ere. LH-ko ikasleek, 'Korri' taldea osatu dute, eta Amasako plazatik abiatu dira Zizurkilera. Bidean, altxorraren bila jolasean aritu dira, pista batzuen bitartez, gerora osatu beharreko puzzlearen piezak aurkituz. Guztiak bildutakoan Zizurkilgo plazara abiatu dira, trikitilarien laguntzaz.
Bigarren taldekoek, hau da, Haur Hezkuntzako ikasleek eta gurasoek, 'Punpa' taldea osatu dute. Villabonako Etxeondotik atera dira, herriko gune desberdinetan piezak biltzeko. Azkenik, 'Ttak' taldea osatu dutenak, DBH-ko ikasleak izan dira. Hauek, Zizurkilgo Herrigunetik irten dira.
Talde bakoitzak, puzzleko piezak hartzeaz gain, horma-irudi bana inauguratu du, urriko jaia iragarriz. Lehenek, Amasa atzean utzi, eta Villabonako erdigunera sartu aurretik, autobia azpian geratzen den tunelean inauguratu dute. Bigarren taldeak, berriz, ikastolak Villabonan duen eraikineko patioan inauguratu du. Azken taldearen horma-irudia, bereziagoa izan da. Hain justu, gaur 163 urte betetzen dira Pello Mari Otaño jaio zela. Horregatik, bere jaiotetxean, Zizurkilen dagoen baserri batean inauguratu dute bere omenez egindako horma-irudia.
Hiru guneetako taldeek, musika lagun dutela, Altxorraren bila jolasa egingo dute Zizurkilgo Joxe Arregi plazarako bidean, eta jolas horren bidez aurkitutako altxorrak elkartuz irudi bat osatuko dute guztiok, elkarrekin auzolanean,
Zizurkilen egin den ekitaldian, berriz, talde bakoitzak, bere puzzlea osatu du, piezak banan bana jarriz. Azkenik, talde bakoitzak bere bertsoa osatu du. Hiru bertso, Kilometroak festaren leloko elementu bakoitzarentzat bana.
Korri bertsoa:
Sustrai sendoko zuhaitz
baten oinarrian
hazi sendoa erne
da udaberrian
mintzaira zaharra aletuz
errota berrian
ikastola loratuz
doa gure herrian
Punpa bertsoa:
Belaunaldi gazteak
lehengoen zorretan
Korri, Punpa, Ttak eta
hitzen hots honetan
segi auzolanean
hainbat alorretan
euskararen zubi (e)ta
bidezidorretan
Ttak bertsoa:
Bihotzetik ahora
(e)ta ahotik plazara
Beterriko lurretan
hona eta hara
amonaren lurretan
sustraituko gara
gora Kilometroak
ta gora euskara
Ondoren, musikariekin eta buruhandi eta erraldoiekin batera, Villabonako plazara joan dira, kalejiran. Abenduan pintxo-tertulia bat egin zuten aitona-amonekin, eta haurrak zirenean zertan jolasten zuten kontatu zieten adinekoek. Hain zuzen ere, jolas horiek hurrengo belaunaldiei transmititzeko helburuarekin, plazan jolasean ibili dira, haur, gazte eta helduak, guztiok elkarrekin, aitona-amonen jakintza herritar guztiekin partekatzeko.