Hego Euskal Herriko 23 diputatuetatik hamabi lortu dituzte EAJk eta EH Bilduk. Zazpi diputatu izango ditu Madrilen alderdi jeltzaleak eta bost, berriz, koalizio abertzaleak. Ordezkari bana irabazi dute alderdi abertzaleek eta bana galdu PSE/PSNk eta Elkarrekin Podemosek; hurrenez hurren, bost eta lau diputatu eskuratuta. Igandean Gipuzkoan aukeratu ziren lau senatarietatik hiru EAJkoak izango dira –Luke Uribe-Etxeberria Asteasuko zinegotzia tartean– eta bakarra EH Bildukoa.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan eskualdeko 36.185 herritarrek zuten botoa emateko eskubidea eta parte hartzea %66,68koa izan zen, apirilean ospatutako hauteskundeak baino 5,3 puntu baxuagoa. Hala ere, EH Bilduk (%3.22) eta EAJk (%0,18) ehunekoetan gora egin dute, apiriletik hona. Koalizio abertzaleak, gainera, 135 boto irabazi ditu sei hilabete hauetan. Hain zuzen, EH Bildu da lehen indarra eskualdeko 23 herritan eta aurre hartu dio EAJk, Tolosan, Hernialden, Belauntzan, Albizturren eta Abaltzisketan.
Tolosaldean pisu nabarmena galdu duen alderdia Elkarrekin Podemos izan da. 2016ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetatik hona, 2.837 boto galdu ditu; apiriletik hona, berriz, 773. Hala ere, eskualdeko hirugarren alderdia izaten segitzen du.
Amasa-Villabona, Zizurkil eta Ibarran PSE-EEk hartu dio aurre Elkarrekin Podemosi aurreko Espainiako hauteskundeekin alderatuta. Egia da alderdi sozialistak behera egin duela apiriletik hona, baina 2016an baino ia 900 boto gehiago ditu Tolosaldean. Botoen %7,75a zuen duela hiru urte, eta botoen %10,73a orain.
Ehunekoetan gehien igo dena, apiriletik azarora, Vox alderdia izan da, %12,18; 221 boto eskuratu ditu eskualdean, duela sei hilabete baino 24 boto gehiago eta Ciudadanosen tokia hartu du, Tolosaldeko seigarren alderdi bozkatuena bihurtuz. PPk ere, %5,08an egin du gora eta apiriletik 33 bototan egin du gora, orotara, 682 bozka eskuratuta. Tolosaldean, bosgarren alderdi bozkatuena da PP.
Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!
EGIN ATARIKIDE!