Wolfgangen oinordekoen habia txiki bat

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mar. 24a, 07:00

Musika klasikoak zoriona banatzen jarraitzen du, harrobia ziurtatuta duen eskualdean. Eduardo Mocoroa eta Loatzo musika eskoletako zortzi musikari gaztek, Euskal Herriko hainbat orkestraren deia jaso berri dute. Batzuentzat estreinako aldia izan da; besteek, berriz, curriculumeko esperientzia zerrenda handitu ahal izango dute. Hastapenetako urratsen lekuko izandako tokietan aritu dira, norbere bizipenez.

Bitartekotzat isiltasuna eta soinua darabiltzan artea. Horixe da musika. Tempo batek markatutako erritmoan, baina beti emozioekin jolasean aritzen dira musikariak. Urteetan zehar musika garatzen joan bada ere, XV. mendetik hona, musika klasikoa eragin nabarmena utzi duen korrontea da. Orain arte, asko izan dira arlo honetan nabarmendutako konposatzaileak, baina gehienek, Wolfgang Amadeus Mozart dute erregetzat. Zaila izaten da estilo horretako musikazaleak topatzea, eta horrek eragina du, gerora, musikariak sortzerako orduan. Euskal Herrian, baina, bada horretarako aukera eskaintzen duen orkestrarik eta, beraz, Wolfgangek bost urterekin konposatu moduan ez bada ere, badira haren arrastoari jarraitu nahian dabiltzan gazte asko.

Eskualdean bada musika pasio duen harrobi bat, eta hori gero eta nabariagoa da, datuek diotenagatik. Eduardo Mocoroa musika eskolako zazpi ikasle, eta Loatzo musika eskolako ikasle bat, Euskal Herriko hainbat orkestratarako hautatuak izan ziren, urte hasieran. Markel Zeberio biolontxelo jotzailea eta Markel Lizarribar tronboi jotzailea, Euskadiko Ikasleen Orkestra Txikiarekin aritu dira. Manex Gorostegi eta Bittor Arostegi, eta Jon Esnaola eta Aitor Zabala perkusio jotzaileek, berriz, Euskadiko Ikasleen Orkestra Gaztearekin eta Euskadiko Ikasleen Orkestrarekin kontzertuak eskaintzeko aukera izango dute. Azkenik, Malentxo Zeberio biola-jotzailea eta Maitane Iruin biolinista, Euskadiko Gazte Orkestran aritzeko izan ziren aukeratuak.

Horiek guztiak, baina, ez dira aitzindariak eskualdean. Lehenago ere, bertako musikari askok izan dute aukera, profesional mailara jauzia eman aurretik, Euskal Herriko talde handi batean aritzeko. Horietako bat Igor Arostegi Acosta (Tolosa, 1990) musikaria da. Egun, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko perkusio jotzailea da eta, lau urtez, Euskadiko Gazte Orkestrako musikaria izan zen.

Hamarkada bat atzera egin behar da, Euskadiko Ikasleen Orkestraren sorrerara itzultzeko; 12 eta 18 urte bitarteko ikasleei aukera berri bat eskaintzen hasi zirenekora. Arostegik ez zuen horiek ezagutzeko aukerarik izan. «Oraingo gazteek, meritu handia izateaz gain, zorte ikaragarria dute». Duela hamar urte Errenterian ikasten zuen, eta ez zuen probak egiteko aukerarik izaten. «Gerora, irakasle bezala ezagutu dut, nire ikasleek probak egin dituztelako».

Orkestra batetik bestera, maila aldaketa nabaritzen dela dio. Ikasleentzat horietan aritzea «sekulako esperientzia eta ikasteko motibazioa» dela azpimarratu du. Bestetik, horrelako aukerek «musikaz gozatzen jarraitzeko ilusioa bermatzen dutela» dio: «Elkarbizitza bat da, jende berria ezagutzen duzulako. Orain gauza bera sentitzen dut ikasleengandik. Askok zertarako ikasten duten galdetzen dute, helburuak jarrita emaitzak lortzen dituzten arte».

 

Errua irakasleena; gurasoak, ezinbesteko figura

EIO sortu zenetik, gero eta aukera gehiago dituzte ikasleek, eta eskualdeko musikariak orkestretan ikustea ez zaio arrotza egiten. «Tolosan harrobia badago, eta gauzak ondo egiten ari dira». EGOn aritzea, betidanik kontserbatorioko ikasketak amaitzean lortu beharreko helburu modura ezarri izan dela dio. «Musika eskolako ikasle askok, gainera, ez dute kontserbatoriorako urrats hori ematen. Hori dela eta, ikasleen orkestrak, musika eskolan ikasketak egiten ari diren bitartean, ikasleei talde handi batean aritzeko aukera eskaintzen die». Gabonetan EGOko irakasle modura aritu da lanean: «Orkestra guztia bildu aurretik, sekzio bakoitzak entseguak egiten ditu; nire kasuan, perkusioko ikasleen entseguak bideratzea egokitu zait».

Askotan entzun izan da, Tolosaren kasuan, behintzat, txarangarako jauzia eman nahi izaten duten gaztetxoek, instrumentu bat edo beste jotzen ikasteko hautua egiten dutela; txarangena dela errua, alegia. Arostegik, ordea, beste uste bat du: «Kulpa handiena irakasleena da, beraiek dira eta ikasleak motibatzen dituztenak, zirkulu horretan sartuz eta kutsatuz». Arostegik argi du gazteek horrelako helburuak lortu eta, etorkizunean ofizio bat izatea nahi badute, musikarako pasioa izan behar dutela. «Lehen urteetan, gurasoen figura ezinbestekoa da, ez soilik babesagatik, baita egunero etxean egin beharreko lanagatik ere».

Euskal Herrian, kultur arloan eta, batez ere musikan, ikasleen lana bultzatzeko aldaketa bat gertatu da azken urteetan. «Oso txikitatik, esperientzia berriak biziz, ikasleak elkartu eta motibatzeko Euskal Herrian horrelako aukerak eskaintzea zerbait handia da». Oso gazteak direnez, ikasleen esfortzuari balioa ematea ezinbestekoa dela dio, askotan, interpretatu beharreko obrek zailtasunak ematen dituztelako. «Horregatik, ikasleak bideratzen jakin beharra dago». Azkenik, mezu bat utzi nahi izan die musikari gazteei: «Goza dezatela, inguruko kideengandik ahalik eta gehien ikasiz. Ezinezkoa da aurrerantzean horrelako zenbat esperientzia izango dituzten jakitea. Beraz, egindako lanaren fruituak lortu dituztenez, aprobetxa dezatela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!