«Musikarekiko afizioa eta ikasten jarraitzeko gogoa handiagoak dira, honi guztiari esker»

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mar. 24a, 10:01

EGO-k ikasturtetik kanpora musikari gazteei eskaintzen dien proiektuaren parte dira, Maitane Iruin eta Malentxo Zeberio. Neguko egonaldian egon ondoren, ilusioz daude udakorako. Orkestran ez bada, bestela ere, musikak izugarri asetzen ditu.

Maitane Iruin (Tolosa, 1999) biolinistak eta Malentxo Zeberio (Tolosa, 2001) biola jotzaileak Ignacio Alkain izan dute irakasle, musika eskolan hasi zirenetik. Hamar urte igaro dira, eta orain ere berarekin dihardute ikasten, «goizez nahiz gauez, edozein ordutan ematen baititu klaseak». Biak, gainera, Arimaz orkestrako kide dira, eta Donostiara joaten dia armonia modernoa ikastera. Iaz, Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestran abeslari modura aritu zen Zeberio.

Nola suertatu zen orkestran sartzeko aukera?

Malentxo Zeberio: Gure kasua berezia da, hasiera batean ez gintuztelako deitu. Bi egonaldi egiten dira, bata neguan, eta bestea udan. Negukoan jende gutxiago egoten da jotzeko prest, eta azken unean, bertako kide batzuek uztea erabaki zuten. Ondorioz, postu batzuk libre geratu ziren.

Maitane Iruin: Jada berandu zen probak egiteko, eta orkestretara luzatu zuten deialdia. Guri, Donostiako musika eskolan aritzen den lagun batek eskaini zigun aukera.

Erraza izan zen baiezkoa ematea?

M. I.: Egun batetik bestera erantzun behar genuen, eta ausartu egin ginen.

M. Z.: Neguko egonaldian oso gustura egon gara, eta udako egonaldirako postuak ziurtatzea lortu dugu.

Beraz, neguan jotzen aritu zarete.

M. I.: Hamar eguneko egonaldia izan zen. 2018a amaitu aurretik, etengabe entseguetan ibili ginen. Urte berriarekin batera, kontzertuen bira etorri zen.

M. Z.: Udako egonaldia intentsogoa izaten da, dena segidan izaten delako.

M. I.: Planteamendua berdina izango da. Hala ere, udan jo beharreko obrak klasikoagoak izaten dira. Oso kontentu gaude, esperientzia berriak bizi eta Tchaikovsky bezalako artisten obrak jotzeko aukera izateagatik.

Hura amaitzean, zein da asmoa?

M. Z.: Lehenik, ikasketak amaitu nahiko nituzke. Ondoren, unibertsitateko gradua kanpoan egitea da asmoa eta, beraz, ez dut musika eskolan jarraituko, nahiz eta musikarekin lotutako ikasketak ere egin nahi ditudan. Orkestran berriz aritzeko aukera suertatuz gero, aprobetxatuko dut.

M. I.: Ni, berriz, aurten magisteritza graduarekin hasi naiz. Orkestra batean aritzeak, musikarekiko zaletasuna eta ikasten jarraitzeko ilusioa bermatzen du. Hortaz, nik ere horri lotuta jarraitzeko asmoa dut aurrerantzean.

Orkestra, beraz, bultzada handi bat da.

M. Z.: Erabatekoa. Motibatu egiten zaitu.

M. I.: Hemengo orkestran ere jotzen dugu musika klasikoa. Baina, horrekin batera, instrumentu gehiago jotzen ditugunez, horretarako ere eraginkorra izan da. Hainbeste saltsatan sartzeak aukera ugari ematen dizkigu eta.

Urte batzuk barru profesional izateko bidean, oso garrantzitsuak dira orkestra horiek, ezta?

M. I.: Juanjo Ocon zuzendariak lan-munduan dagoen lehiakortasunarekin alderatzen zuen Euskadiko Orkestra Sinfonikoan aritzeko postua lortzea. Guk, orkestrarena, ikaste prozesuaren parte bezala hartu genuen, baina, egia da, bertan ari den jendea, etorkizunean musikatik biziko den jendea izango dela.

M. Z.: Azken finean, zubi-lana egiteko sortu zen EGO, ikasleek motibazio konstante bat izatea beharrezkoa baita. Hamar urteko haur bat etxean ikasten jartzea oso zaila delako.

Musikaria, jaiotzez sortzen da, edo gerora egin?

M. Z.: Bereziki, ez da jaiotzez sortzen; horren erakusle garbiena da orkestra. Musikak diziplina handia eskatzen du txikitatik. Familiako transmisioa hori bideratu ahal izateko giltza izan daiteke, baina ez da erabat garrantzitsua.

M. I.: Sentsibilitate berezi bat izan behar duzu. Gustatzen ez bazaizu, egunean ez dituzu horrenbeste ordu sartzen.

Zein iritzi duzue eskualdeko musikari harrobiaz?

M. I.: Musika eskolan ikasle asko daude, eta jende askok ikasten du instrumentu bat edo beste. Hala ere, musikara hurbiltzeko moduak direnak dira eta, askotan, ikusi izan ditut desmotibazioa susta dezaketen egoerak. Musika gozatzeko afizio bezala hartu beharra dago. Hemen, gainera, bada gabezia bat: musika modernoa oso gutxi lantzen da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!