«Egunero ikasten aritu naiz, batez ere asteburuetan, obrek zuten zailtasunagatik»

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mar. 24a, 06:58

Markel Zeberiok EIO Txikin asko eskertu du lagunak egitea, bakarrik egotetik taldearen parte izatera igaro baita. Harizko instrumentuek musika modernoa jotzeko aukera ere ematen dutela iruditzen zaio. Noizbait orkestrara itzultzea espero du.

Musikarako zaletasuna familiako transmisioaren bitartez jaso duen beste biktimetako bat da Markel Zeberio (2006, Tolosa). Biolontxeloa jotzen ikasten aritzen da Eduardo Mocoroa musika eskolan. Bosgarren ikasturtea du Luis Fernandezekin. Aurten, bigarren aldiz aritu da EIO Txikin, orkestrako hamar biolontxelo jotzaileetako bat izan baita.

Zer moduzko esperientzia izan da aurtengoa?

Oso ona. Ez ditut lagun asko egin, kide gehienak lehendik ezagutzen nituelako. Azken egunetan Markel (Lizarribar) ezagutu nuen, eta berarekin oso ondo moldatu naiz.

Zerbaitetan aldatu da iaztik?

Orkestra honen kasuan, kontzertuek beti inauteriekin bat egiten dute eta, iaz, zalantzak izan nituen joateko. Beldur pixka bat pasatu nuen, beti bakarrik egoten nintzelako, ez nuelako inor ezagutzen. Niretzako, onena jotzea zen.

Zer eman dizu orkestra batean bi urtez aritzeak?

Batez ere, taldean jotzen ikastea.

Tolosan bada horretarako aukera, Arimaz orkestran.

Bai. Ni, ordea, ez naiz bertan aritzen. Harizko instrumentuek musika klasikoa jotzera bideratzen zaituztela uste du jendeak, baina musika modernoa jotzeko ere balio dute.

Nolakoa izan da EIO Txikin parte hartzeko prozesua?

Lehenik, proba pasatu behar izan nuen. Larunbat batean izan zen, Bilbon. Bertan, epaimahai baten aurrean, obretako zati desberdinak jo nituen. Iaz, irakasleak eman zidan proben berri; aurten nik azaldu nion joateko gogoa nuela.

Eta zer nolako sentsazioarekin geratu zinen?

Iaz, ziur nengoen ez nintzela hautatua izango. Gainera, ordezko bezala joan nintzen orkestrara, azken orduko baja baten ondorioz. Aurten, aldiz, oso gustura geratu nintzen.

Film ezagunetako obrak jo dituzue. Polita, ezta?

Bai. Askotan ikusitako pelikuletako kantuak zerorrek jotzeak, bestelako ardura bat suposatzen du, baina ederra da.

Abenduan hasi eta inauteriak bitarte, intentsitate handiko asteak izango ziren orduan.

Hala da. Geure burua asko estutu behar izan dugu. Gogorra izan da, baina merezi izan du. Interpretatu beharreko obrek zailtasun handia dute eta, alderatuz gero, hemen jotzen dugunarekin zeharo desberdina da.

Hala ere, noiz hasi zinen probarako entseatzen?

Ia bi hilabete lehenago. Gainera, epe horretan ez nuen beste ezer jotzen, eta musika eskolan probetako eta kontzertuetako obrak errepasatzen nituen, astero. Horrek guztiak egunero ikasten egotera bultzatu nau, batez ere asteburuetan, obrek duten konplexutasunagatik.

Gerora, hara eta hona ibili zarete.

Gasteizen eta Bilbon egin genituen hiru entseguak. Igandeetan izaten ziren, hilean behin, eta, 08:00etan autobusa hartzen genuenetik, iluntzeko 21:00ak arte ez ginen etxera itzultzen. Egun osoa igarotzen genuen jotzen. Kontzertuak, berriz, EAEko hiru hiriburuetan eskaini ditugu; lehena, gainera, Zaldunita egunean, Donostian.

Talde berarekin hainbeste ordu igarotzea, ez dahorren txarra izango.

Ez, eta entseguetako tarte libreetan, lagunak egiteko aprobetxatzen genuen. Musikari gehienak, baina, kontserbatorioetatik gerturatu ziren, eta hiruzpalau laguneko taldeetan. Jende ezagunarekin joateak ere asko balio du.

Zure adin inguruko ikasleentzat zer nolako aukera da orkestrek eskaintzen dutena?

Oso ona, musikari berrientzat bultzada bat delako, lagun berriak egin eta talde handi eta on batean jotzen aritzeko.

Eta orkestran ibiltzeak ba al du eraginik ikasketetan?

Norberak kontziente izan behar du zer nolako konpromisoa eta esfortzua eskatzen duen horrelako talde batean aritzeak, baita kanpora begira ere. Nire kasuan, igandeetako entseguetatik itzultzean egin behar izaten nituen, ikastetxean bidaltzen zizkiguten etxeko lanak, 21:00etan.

Eta orain zer? Musikarekin jarraituko duzu?

Datorren urtean berriz aurkeztuko naiz orkestrarako postua lortzeko, eta ea zortea izaten dudan.

Zer iruditzen zaizu Tolosak duen musikari harrobia?

Herri txikia izango da, baina, aldi berean, emankorra da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!