«Orkestra batean sartzea urteroko helburua da, geure buruari jartzen diogun erronka»

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mar. 24a, 09:59

Manex Gorostegi eta Bittor Arostegi EIO Txiki-ren parte izan ziren eta, aurten, maila altuagoko orkestran arituko dira. Kontzertuetan zein obra joko dituzten jakiteko gogotsu daude. Bitartean, ikasten jarraitzea besterik ez zaie geratzen.

Jesus Mari Garmendiaren eskuetatik igaro ondoren, perkusioko ikasketen zazpigarren urtea dute, Eduardo Mocoroa musika eskolan, Manex Gorostegik (Tolosa, 2004) eta Bittor Arostegik (Tolosa, 2004), Karlos Alkalarekin. Kirol talde batean aritzeko aukera izanda, gazte gutxik ematen dute musikarako jauzia. Eta, are gutxiagok, ia urtero Euskal Herri mailako orkestra batean aritzekoa. Baina, Arostegi familiako kide izanda, jakitun ziren musikak euren bizitzen espazio handi bat beteko zuela.

Ez da zuen lehen aldia orkestra batean zaudetena.

Manex Gorostegi: Duela hiru urte, EIO Txikin aritu nintzen. Hurrengo ikasturtean, biok lortu genuen sartzea; eta, iaz, Bittor EIO Gazten aritu zen. EIO Txiki sortu zen lehen urtean izan nintzen ni, eta orkestra guztiko gazteena nintzen; sekulako ilusioa nuen, eta gero oso berezia izan zen.

Batentzat lehen aldia izango da EIO Gazten; bestearentzat, berriz, ez. Datorrenarekin urduri al zaudete?

Bittor Arostegi: Pixka bat bai.

Zuentzat jada arrunta izango da.

M. G.: Bi urte daramatzat joan gabe; beraz, ez horrenbeste.

Zer iruditzen zaizue musikari gazteei orkestra batean aritzeko aukera eskaintzea?

M. G.: Lehen hartu-eman bat da. Etorkizunean, musikari lotuta jarraitzea espero dugu eta, beraz, orkestra batean aritzea bultzada bat da ikasle gazteentzat.

B. A.: Gainera, esperientzia oso polita da.

Ikasleen bandan ere jotzen duzue.

M. G.: Bai, baina erabat desberdinak dira, kalitate aldetik hasita.Obrak ere konplexuagoak dira, eta instrumentu gehiago jotzeko aukera izaten dugu.

B. A.: Bestelako seriotasun bat izaten da orkestran.

Zer moduz joan ziren orkestran sartzeko probak?

B. A.: Nahiko ondo. Aurrez aukeratutako obra bat interpretatu behar izan genuen.

M. G.: Horrez gain, instrumentu desberdinetarako obra bereko partiturak eman zizkiguten, eta horietako bat ere jo behar izan genuen. Guztiak banaka egin genituen.

Eta zein gorputzaldirekin geratu zineten?

Biak: Oso gustura, sentsazio onekin.

B. A.: Hala ere, hilabete eta erdiko lan handia dago atzetik.

M. G.: Astez asteko dinamika probetarako partiturekin landu genuen, lehendik jotzen genituen kantuak alde batera utziz.

Hala ere, maiatzera arte ez duzue entsegurik izango.

M. G.: Bai, tartea handia da, eta ordura arte ez dugu jakingo zein obra joko ditugun kontzertuetan.

B. A.: Irakasleak, ordea, kontzertuetan jo beharrekoa prestatzen ekainean hasiko garela esan digu.

Kontaktuan egoten zarete gainerako kideekin?

Biek: WhatsApp talde bat daukagu, eta bertatik aritzen gara hizketan [barreak].

Eta, ekaineko kontzertuen ondoren, probara berriz aurkezteko asmotan?

M. G.: Hori izaten da urtero geure buruari jartzen diogun helburua. Aurkeztea eta, ahal bada, orkestran sartzea.

Nola baloratzen duzue Tolosaldean hainbeste musikari gazte eta on izatea?

M. G.: Horrek erakusten du zer nolako ingurutan bizi garen. Gainera, askok musikara jotzen dugu orain.

Zuen kasuan, familiak eragin handia izan du.

B. A.: Hainbeste urtetan etxean ikusi dugunak bultzatu gaitu musikarako zaletasuna izatera, baita gero eta gehiago ikasteko gogoa eta ilusioa izatera ere.

Igor Arostegi lehengusu duzue biek. Eredu bat da zuentzat?

M. G.: Bai. Aurten, gainera, Karlosek ikasgelara etortzeko esan zion, guri aholkuak emateko.

Tolosan bertan, txarangarako grinak horretara gehiegi bideratzen du jendea?

B. A.: Beharbada bai. Musika eskolak, ordea, musika klasikoaren mundua ezagutzeko aukera eskaintzen du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!