«Etorkizunean, musika munduari lotuta ikusten gara; hori nahiko genuke behintzat»

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mar. 24a, 10:00

Aurten berrikuntza bat izan da orkestran; bost posturen ordez, bi bakarrik zeuden jokoan. Jon Esnaolak lortu du bat; Aitor Zabala, berriz, ordezko modura sartu da. Prozesuaren nondik norakoak kontatu dituzte.

Jon Esnaolak (Tolosa, 2000) Jesus Mari Garmendia eta Igor Arostegi izan zituen irakasle, kontserbatorioan sartu eta Jorge Pachecorekin ikasi aurretik. Orkestrarekin aritu aurretik, baina, beste helburu bat du begiz jota, gaur, Jóvenes Interpretes 2019 lehiaketan parte hartuko baitu. Aitor Zabala (Tolosa, 2002), berriz, zortzi urtetatik aritu da Tolosako musika eskolan, eta orain herriko musika bandan dabil. Lau urtez 'EIO Gazte'-n aritu eta esperientzia lortu du, nahiz eta kontserbatorioan sartzea duen helburu.

Bietako batek lortu du perkusio jotzaile postua.

Jon Esnaola: Aurten zailagoa izan da, hasiera batean bi postu soilik zeudelako, eta ez bost. Izan ere, Derbyko orkestrako kideekin jo behar dugu. Gero, hirugarren bat sartu behar izan zuten, bertako batek ezin duelako. Horretarako, ordea, itxaron zerrendan daudenen artean, kasualitatez, adinez zaharrena dena hautatu dute, proba berririk egin gabe. Duela gutxi aukeratu dute, beraz, ez dakit abenduan egindako probak berrikusi eta kontuan hartu dituzten ala ez. Ondorioz, Aitor ordezko moduan sartu da.

Sartzeko proba abendu amaieran egin zenuten.

J. E.: Guk aurrez hautatutako obra bat jo behar genuen banaka, eta epaimahaiak aurrez aukeratutako sinfonia baten zati zailenetako bat. Instrumentu askoren zatiak ikasteko eskatzen digute, nahiz eta gero bakarra jo.

Eta, zer moduz?

J. E.: Beraiei begiratzen diezu, ea zer nolako aurpegia jartzen duten, eta horren araberako sentsazioa izaten duzu. Ni gustura geratu nintzen. Orain honetara soilik aritzen naiz, 40 egun lehenago hasi naiz prestatzen.

Aitor Zabala: Berez, bi hilabete lehenago has zaitezke, baina ez duzu horrenbeste denbora pasatzen.

J. E.: Nik behintzat, obrak atera eta hurrengo egunean inprimatu nituen, lehenbailehen entzun, eta kontuan izan beharreko oharrak idazteko.

Guztia, gainera, ikasketekin uztartu behar zenuten.

A. Z.: Nahiz eta egunerokotasunean entseatu beharra izan, batez ere azken asteetan, ez dira hain obra zailak izaten.

Orain entseguetan hasiko zarete. Apirilean, Ingalaterran eta Euskal Herrian izango dituzue kontzertuak.

J. E.: Hiru obra joko ditugu. Perkusioko instrumentu guztien partiturak eman dizkigute, eta guztiak ikasi behar izan ditugu entseguetarako. Gero, zuzendariak erabakiko du bakoitzak zer joko duen, proben eta entseguen arabera.

Derbyko orkestrako kideekin batera joko duzue.

J. E.: Hala da, bai. Gure orkestrako zuzendari Jon Manex Etxeberria bertako irakasle eta zuzendaria ere bada eta, beraz, elkartrukearen barruan, oholtza partekatuko dugu bertako musikari gazteekin, elkarrekin joko dugu eta.

Zure kasuan, Aitor, itxarotea besterik ez da geratzen.

A. Z.: Zaila izango da, baina aukerak beti izaten dira.

Kontzertuak eskaini ondoren, zein asmo duzue?

J. E.: Orain, adinagatik, perkusio jotzaile askok alde egin beharko dugu. EGO-n sartzeko probetan aritu beharko dut. Ea irakasleak zer esaten didan, beste lehiaketa batzuetara aurkezteko asmoa dut eta.

A. Z.: Ni berriz saiatuko naiz, oraindik bi urte geratzen zaizkit eta.

Etorkizunean, orkestra batean ikusten duzue zeuen burua?

J. E.: Nik argi dut musika munduan jarraitu nahi dudala; gainera, orain jabetu naiz konposizioa oso gogoko dudala.

A. Z.: Nik ere musikarekin zerikusia duen ikasketak egin nahiko nituzke, esaterako, irakasle izateko.

Zer suposatzen du orkestra gazte batean aritzeak?

J. E.: Intentsoa bezain emankorra da, musikarekiko beste ikuspegi batekin itzultzen zarelako.

A.Z.: Erabat kontzentratuta egotea eskatzen du, egunean zortzi ordu izaten direlako.

Nola ikusten duzue Tolosan musikarako zaletasuna?

Biek: Handia da, baina akaso jende askok jotzen du txarangetara. Horiek markatzen dute bidea; beraiena da errua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!