«Oso polita izan da instrumentu pila bat batera jotzen entzun, eta horren parte izatea»

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mar. 24a, 06:59

Neke handia eragin dion arren, inoiz ahaztuko ez duen esperientzia izan da Markel Lizarribarrentzat, EIO Txikin aritzea. Euskal Herrian kontzertuak eskaintzeko hautatua izateaz gain, lagun berriak egin ditu orkestran.

Txikitatik argi zuen metalezko instrumentu bat jo nahi zuela. Horregatik aukeratu zuen tronboia, Markel Lizarribarrek (2006, Altzo). Patxi Eseverryrekin aritzen da ikasten, eta bosgarren ikasturtea betetzen ari da, Loatzo Musika Eskolan. Aurten, jauzi kualitatibo bat eman du, lehen aldiz izan baita EIO Txikin. Esperientzia «ona» izan dela dio.

Familiatik datorkizu musikarako zaletasuna, ezta?

Nire ama trikitilaria da, Maixa Lizarribar. Hortaz, etxean betidanik izan dugu presente musika. Hala ere, niri asko gustatu izan zait txikitatik, batik bat haizezko instrumentuak. Argi nuen tronpeta edo tronboia aukeratuko nuela.

Zuretzako lehen aldia izan da Euskal Herri mailako orkestra batean. Zer ikasi ahal izan duzu bertan?

Oso desberdina izan da. Obra asko interpretatu ditugu eta, beraz, asko ikasi ahal izan dut. Jotzeko modua ere oso desberdina da. Gainera, lagun asko egin ditut, horretarako aukera ere ematen baitu.

Zertan desberdintzen da herri mailako talde batean aritzea, eta Euskal Herri mailako batean aritzea?

Hemen taldetxo batean aritu izan gara, baina orkestrako soinua, orkestra bera bezain handia da. Oso polita izan da, instrumentu pila bat batera jotzen entzuteko aukera izan, eta horren parte sentitzea.

Lehenik, probak egin zenituen, abenduan.

Iaz, irakaslearen bitartez izan nuen proba horien berri, baina ez nuen orkestran sartzea lortu. Epaimahai baten aurrean aritu behar izan nuen. Beraiek obra baten zatiak ikasteko eskatzen zuten eta, gero, horietako bat interpretatu behar izan nuen. Horrez gain, nik aukeratutako obra bat ere jo behar izan nuen. Gustura geratu nintzen egindakoarekin, eta aurten aukera izango nuela pentsatzen nuen. Gero, albistea jasotzean, asko poztu nintzen.

Ondoren, entseguak Euskal Herriko hiriburuetan, urtarrilean eta otsailean.

Ordu asko sartu behar izan genituen eta, eguna amaitzerako, nekea ere nabaritzen nuen, batez ere ezpainetan.

Azkenik, kontzertuak, martxoan.

Inauterietan, gainera. Kontzertuetan kantu asko jo behar izan ditugu eta, gehienek, ongi ikasi behar izatea eskatzen zuten. Esaterako, Pantera Arrosa eta Lehoi Erregea pelikuletako soinu bandak interpretatu ditugu.

Beraz, lau hilabete gogor eta intentso izan dira, ezta?

Hala da, bai. Egunero sartzen ditut orduak, astez asteko jarraipena egokia izan dadin. Orkestrarako entseatu behar izatea, baina, erabat desberdina izan da; gogorragoa. Gainera, irakaslearen laguntza ere izan dut.

Zenbat kide zineten orkestran?

Guztira ez dakit zenbat izango ginen. Tronboia jotzen, behintzat, bost kide ginen. Oso desberdina izan da, hemen, gehienez, beste bi tronboi jotzailerekin aritzen naiz eta.

Guztia, ordea, ez zen entseguak egitea eta kontzertuak eskaintzea izango.

Ez eta, lehen esan bezala, lagunak egiteko aukera izan dugu. Markel (Zeberio) bertan ezagutu dut. Hala ere, ez genuen denbora tarte handirik izaten elkarrekin egoteko, bazkal orduan gehienbat.

Eta, autobusean elkarrekin joaten zinetenean?

Ni ez nintzen autobusez joaten. Amarekin egiten nituen entseguetarako joan-etorriak.

Amak, beraz, ordu asko sartu ditu zuregatik.

[Barreak] Bai.

Etxean estutzen al zaitu?

Ez hainbeste.

Ikasle ona izango zara, orduan.

Bai...

Horrelako egonaldiak egin bitartean, ikasketak erraz eraman daitezke?

Bai. Entseguak igandeetan egiten bagenituen ere, etxeko lanak aurrez egiten nituen nik. Hala ere, esfortzu handiko kontu bat baino gehiagotan zentratzeak, nekea eragiten du.

Etorkizun hurbilean, beste orkestraren batean berriz jotzeko aukera duzula uste duzu?

Auskalo. Probetara aurkezteko asmoa dut behintzat.

Erlazionatuak

Wolfgangen oinordekoen habia txiki bat

Josu Artutxa Dorronsoro 2019 mar 24 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!