Naturak erabakitako banaketa berdindu nahian

Josu Artutxa 2018ko api. 8a, 08:59

Zenbat aldiz entzun izan ditugu «kirola mutilen kontua da» edo «neskek ez dute hainbeste indar eta baldarrak dira» bezalako topikoak? Egia da ez dela aztia izan behar gizonezko baten eta emakumezko baten kirolerako gaitasunak berdinak ez direla konturatzeko.

Hala ere, egunen batean bien maila gorena berdin baloratua izan dadin (oraindik ere oso ezberdinduta daudelako), aztia izatearekin ez da nahikoa izango, eta kontzientzia lan handia eskatzen duen kontua da hori. Kirola egiteko nesken eta mutilen gaitasun fisiko eta psikologikoak oso desberdinak direla frogatzen saiatu dira zenbait aditu, baina gaur egun ez dago ezer frogatuta.

Tolosaldearen kasuan, badira zenbait kirolari, profesionalak izatera heldu direnak, edo behintzat, garaipen izugarriak lortu dituztenak. Gaur egun, horiei erreleboa emateko prest dauden zenbait gazte ere azaldu ohi dira egunkarietako azaletan. Horietako batzuek, berriz, barruko orrialdeetan ateratzeko ere zailtasunak izaten dituzte, nahiz eta berdin saiatu. Emakumezkoen kasuaz ari naiz, eta ezagutzen ez dituzuenentzat, hona hemen aurrerantzean gogoratu beharreko izen batzuk: Nerea Perez, Eukene Larrarte, Nerea Eizagirre, Maria Lasa eta Irene Caminos.

17 eta 20 urte bitartean dituzten gazteak dira, eliteko kirolariekin batera lehiatzen direnak, eta emakumezkoak izateagatik, trabaren bat edo beste topatu izan dutenak. Modalitate ezberdinetan trebatzen dira: arraunean, txirrindularitzan, futbolean, atletismoan eta bike trialean. Hala ere, guztiak bat datoz emakumezkoen kirolari dagokionez, aurrerapauso handiak ematen ari direla aitortzean. Haietako inork ez zuen espero orain dauden mailan aritzera helduko zirenik inoiz, baina orain maila horretan ari direla, gogorrago lan egitea besterik ez zaie egokitzen.

Hortaz, horren gazteak direnez, zer izango da haientzat jada beteranoak direnekin batera lehiatzea? Perezen kasuan, «errespetu handia» ematen dio horrek. «Taldean zaharrenak 40 urte ditu, eta askotan pentsatu izan dut: 'Nire ama izan daiteke; orain, berari aginduak eman behar dizkiot?' Baina, azkenean zure eginbeharra da eta ohitu egiten zara», dio. Caminosek ere antzeko egoera bizi du: «Gazteenak 16 urte ditu, eta zaharrenak, berriz, 32. Hala ere, tarte hori ez dut horren handia nabaritzen». Eizagirrek eta Larrartek, beste modu batera bizi dute egoera hori. Lehenarentzat, «sekulako esperientzia da, zuk oraindik oso ongi ez dakizkizun gauzak erakusteko balio duelako». Bigarrenak badu norengandik ikasi: «Leire (Olaberria) bezalako pertsona bat ondoan edukitzea laguntza handia da, eskarmentu handiko kirolaria delako».

Parekidetasunerako, zer egin?

Oso argia da emakumezkoek nahiz gizonezkoek gizarteko arlo askotan banaketa handiak jasaten dituztela, eta gehienetan, emakumeak izaten dira galtzen irteten direnak. Kirolean ere gauza bera gertatzen da, eta agian arlo honetan nabarmentzen da gehien banaketa hori. Hedabide ezberdinetan eskaintzen zaizkien tarte ezberdinei, egindako lanagatik jasotzen duten soldaten aldea gehitu behar zaie, hori ere pentsaezina baita askotan. «Kontxako estropadaren ostean jasotzen dugu urte guztiko ordainsaria, gizonezkoek jasotzen dutenaren herenera ere justu heltzen dena, eta egunero hemendik San Juanera joan eta buelta egiteko besterik balio ez diguna. Orain, badirudi Kontxako estropadan bien sariak berdindu nahi dituztela». Eizagirrek ere, diruaren kasuan alde izugarria nabari du, eta beraiei publizitate gehiago egitea faltan botatzen duela dio. Hala ere, futbola nola dagoen ikusita, gustura dago soldatarekin.

Diruaz gain, badira bestelako zenbait arazo, egunerokoan ikusi eta entzuten direnak. Larrartek, esaterako, emakumezko ereduetan aurkitzen du hutsune galanta, eta «emakumezkoetako Alberto Contador» bezalako alderaketak ekiditea beharrezkoa dela azpimarratzen du. Atletismoaren kasuan, berriz, aurrerapauso handiak ematen ari direla dio Lasak. Izan ere, «duela urte asko emakume bat korrika aritzea pentsaezina zen, eta orain datuak ikustea besterik ez dago».

Larrartek gaineratzen du, emakumezko txirrindularitzan, profesionaltasun bat falta dela, eta hori dela eta, izugarrizko urratsa eman dela dio: «Movistar-ek emakumezkoen taldea osatzeak bultzada handia emango dio kirol honi, lehen ez zegoelako soldata bat jasotzen zuen txirrindularirik, eta orain, bai».

Caminosek, berriz, profesionaltasun falta hori hedabideei leporatzen die, eta ez zaio arrazoirik falta: «Lehengoan, txapelketa bateko irudiak eskaini zituzten Estatuko kirol kate publiko bisitatuenean. Bada, emakumezkoen, hau da, gure finaleko irudiekin osatutako bideoa, minutu baten bueltan ibiliko zen. Gizonezkoenekin, berriz, erraz beteko zituzten hogei minutu. Ez da posible. Berdin entrenatzen dugu, ordu ugari sartzen ditugu, gero horrela bananduak izateko».

Ikasketen zama

Ez da ahaztu behar, entrenatzen ordu asko sartzeaz gain, kirolari hauek ikasi beharra ere izaten dutela. Errealitate bat da, eta erakutsi beharreko arazoa, liburu artean, arraun, bizikleta edo baloiarekin bezain beste esfortzu egin behar dituztelako. Batzuek ez dute arazorik, goizetan klasera joan eta arratsaldean beharrezko entrenamendua burutzeko, Perezen eta Lasaren kasuan adibidez. Larrartek ere normalean bide hori jarraitzen du, baina batzuetan ez da horrela izaten: «Gure entrenamendu orduak ez dira finkoak, eta eguraldiaren arabera joaten gara egunero pistara edo errepidera; hortaz, arratsaldean euria eginez gero, goizean egokitzen zait kilometroak egitea, gainera, unibertsitateak laguntzarik eskaini gabe».

Eizagirrek, berriz, horretan izaten du bultzada txiki bat. «Nahiz eta 24 ordu gutxi izan niretzat, hemen nagoenean hobeto antolatzen naiz, baina selekzioarekin kanpora joatean, galdutako orduak berreskuratzea zaila izaten da, eta irakasleek asko laguntzen naute». Caminosek ere ordu ugari igarotzen ditu etxetik kanpo. «Goizez ikasi ondoren, arratsaldero entrenatzen dut, eta asteburuetan Espainiako edo munduko txoko ezberdinetan egotea tokatzen zait. Batzuetan, gainera, entrenatzailea Gijonekoa denez, ostegunetik joaten naiz hara, igandera arte hiru egunez bizikletatik jaitsi gabe ibiltzeko, eta beraz, ostiral asko galdu izan ditut eskolan».

Erlazionatuak

Marka da

Josu Artutxa 2018 api 08 Irura   Tolosa

Bost kirolariak ataka estuan

Josu Artutxa 2018 api 05 Irura   Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!